- Tolosa hobetzeko ekarpenak aurrez aurre eta online egin ahal izango dira, urriaren 3tik 16ra, galdetegi bat Beteta. Jasotako ideia guztiak kontuan hartuko dira eta teknikoki aztertuko dira. Ondoren, herritarrek proposamen interesgarrienak bozkatu ahal izango dituzte 2023 aurrekontuetan txertatuak izan daitezen.
- Joseba Ormazabal, Gobernantza eta partaidetza zinegotzia: “partaidetza prozesua eraberritu egin dugu herritarrei erraztasunak emateko helburuarekin, partaidetza digitala ahalbideratuz, aurrez aurreko partaidetza bideak mantenduta; helburu nagusia baita herritarrei ahotsa ematea, elkarlanean lanean jartzea eta tolosarrak udal erabakietan inplikatzea, herritarrekin bat eginda Tolosa hobeago bat eraikitzeko”. Guztira 17 ekimen desberdin antolatu ditu, horien artean hainbat tailer, ikastaro, hitzaldi edota emanaldi.
Berrikuntzekin dator 2023 aurrekontu parte hartzaileen prozesua. Tolosako Udalak gobernantza eredu berrien eta partaidetzaren aldeko apustuan jarraitzen du eta prozesu berria abiaraziko du urrian, Tolosa hobe bat eraikitzeko herritarren proposamenak jasotzeko.
Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Partaidetza zinegotziak azpimarratu du prozesua eraberritua izan dela herritarrei erraztasunak emateko helburuarekin, teknologia berriak aplikatuz, aurrez aurreko partaidetza bideak mantenduta.
“Herritarrei ahotsa ematea, elkarlanean aritzea eta tolosarrak udal erabakietan inplikatzen jarraitzea ezinbestekoa da gure jarduna aurrera eramateko, zentzu horretan, urrats bat gehiago egin dugu, partaidetza digitalaren alde, udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa erraztu eta sustatzeko, funtsezkoa baita guretzat herritarren iritziak eta proposamenak jasotzea, horiek guztiak oso kontuan izaten ditugulako eta oso kontutan izango ditugulako aurrerantzean ere” azpimarratu du, “partaidetzak gero eta indar eta garrantzia handiagoa du Tolosako Udalean eta txertatua eta errotua dago udalaren eguneroko jardunean; partaidetza udal honen ezaugarri eta adierazlea da” gaineratu du.
Tolosatzen partaidetza prozesuez harago, herritarrekin, herriko eragileekin eta taldeekin partekatu eta landu ditu azken urteotan udalak hainbat eta hainbat proiektu: Zumarditxikiko proiektua, Emakumeen Etxearena, Usabalgo 3.fasearena, Kultur Etxearena…. Prozesu deliberatzaile berritzailea ere egingo da Tolosan, Herritarren Batzarra eratzeko prozesua martxan du udalak eta lehen saioa urriaren 22an izango da.
Proiektu zehatzetik harago, herri gisa ditugun erronka eta lehentasunen inguruan ere hausnartu du herritarrekin udalak azken urteotan Tolosatzen prozesuen bidez, Herri Aliantzaren bidez edota Tolosatzen Eskola Irekiaren eskutik, esaterako.
Aurten ere ekindako bideari jarraipena emango zaio, “herritarrekin bat eginda, Tolosa hobeago bat eraikitzeko helburuarekin; herritarrak entzuteko prest gaudelako eta oso kontuan izango ditugulako tolosarren proposamenak 2023 urterako aurrekontuak osatzerakoan” adierazi du Ormazabalek.
Proposamenak egiteko aukera urriaren 3tik 16ra, aurrez-aurre edo online
Informazio esku-orria etxe guztietara bidali da eta bertan dago proposamenak egiteko galdetegia.
Urriaren 3an informazio jardunaldia egingo da Kultur Etxean 18:00etan, prozesuan parte hartu nahi duten tolosarrek zein modutara egin ditzaketen beren proposamen eta ekarpenak azaltzeko.
Egun berean, urriaren 3an, urriaren 16ra arte, zabalduko da proposamenak egiteko eta jasotzeko epea.
2 modutara egin daitezke ekarpenak:
- Aurrez aurre, galdetegia bete eta UDATE, herritarren arreta bulegoan, Kultur Etxean eta Usabal kiroldegian jarriko diren postontzietan utzita.
- Online, tolosako udaleko webgunearen bidez. QR lotura ere galdetegian dago herritarren eskura.
Jasotako proposamen guztiak sailez-sail aztertuak izango dira, guztiak izango dira kontuan, eta ondoren, azaroaren 3an jasotako proposamenen eta horien balorazio teknikoaren berri emango da. Guztiak udal webgunean herritarren eskura jarriko dira eta bozketa prozesua jarriko da martxan.
Azaroaren 3n, bigarren informazio jardunaldia egingo da kultur etxean, 18:00etan tolosarrei bozketa prozesua eta jasotako ekarpenak azaltzeko.
Bozketa ere aurrez aurre edota online egin ahal izango da azaroaren 3tik 6ra. Herritarrek ideia edota proposamen interesgarrienak bozkatu ahal izango dituzte, pertsonako gehienez ere 3.
Azkenik, bozka gehien eta tolosarren artean interes handien piztu dute proposamen eta egitasmoak 2023ko aurrekontu proiektuan txertatzeko azterketa egingo du udalak.