Tolosatzen Eskola Irekiak emozioen lanketa eta zaintza oinarri dituen egitaraua aurkeztu du 2023ko lehen seihilekorako

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/18 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Autozainketa programa, gurasoei zuzenduriko atal berezia eta noski, momentuan momentuko erronken (euskararen egoera, trantsizio ekologikoa, errefuxiatuak…) inguruan hausnartzeko jardunaldiak jasotzen ditu ekainera bitarte landu eta antolatutako egitarauak.
  • Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotzia: “ez da kasualitatea aurten ere emozioak eta zaintza oinarri dituen programa landu izana. Izan ere, amaitu berri den Herritarren Batzarrak ongizatea eta osasun emozionala izan ditu hizpide, baita une honetan Haurren Hiria egitasmoaren baitan lantzen ari den prozesuak ere, Hori aintzat hartuta, gure konpromisoa da alor horietan guztietan lanean jarraitzea, herritarren ongizatea hobetzeko, eragile ezberdinekin elkarlanean”

 

Tolosatzen Eskola Irekiak 2019ko abenduan ekin zion bere bideari eta proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, herritarrei hausnartzeko eta gaitasun eta alor ezberdinetan trebatzeko espazioa eskaintzea du helburu.

Urtetik urtera, Tolosatzen Eskola Irekiak antolatutako jarduera eta ekimenetan parte-hartzea handituz joan da. Iazko ikasturtean, esaterako, 33 jarduera egin ziren eta guztira adin guztietako 1.150 herritarren parte-hartzea jaso zen. Dolua, bizitza, heriotza, familia, konpetentzia sozioemozionalak eta zaintza lanak bezalako izan ziren TEIren baitan jasotako jardunaldietan landutako gaietako batzuk.

Gaurkoan, orain arteko bideari jarraipena emateko, Tolosatzen Eskola Irekiaren 2023ko lehen seihilekorako antolatutako programazioa aurkeztu du Tolosako Udalak gaur goizean eginiko agerraldian. Bertan izan dira Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotzia, Garikoitz Lekuona, aipatu saileko teknikaria eta Nerea Cereceda, haur, nerabe eta gazteen sustapenerako teknikaria. Izan ere,  udal sail ezberdinen artean (gobernantza, gazteria, gizarte zerbitzuak eta berdintasun) elkarlanean landu baita egitaraua eta antolatutako programako jarduera desberdinetan genero ikuspuntua aintzat hartu da.

Azken urteotako ibilbideari erreparatuz eta arrakasta izan duten gaiak aztertuz, ikasturte berrian emozioen lanketarekin jarraituko du Tolosatzen Eskola Irekiak, baita zaintza tailerrekin ere. Kasu honetan, “Zaintzaileak zainduz” iazko programari jarraipena emango zaio, baina, aurtengoan, autozainketan jarriko da azpimarra.

Horrez gain, gurasoei zuzenduriko atal berezi bat ere jasotzen du, adikzioak, sare sozialak, interneta edota emozioen gaiak lantzeko eta jorratzeko. Eta noski, momentuan momentuko erronkei ere erreparatuko zaie, hala nola: belaunaldiartekotasuna eta gizartearen zahartzea, euskararen egoera, trantsizio ekologikoa, errefuxiatuak…

“Tolosatzen Eskola Irekia martxan jarri zenetik emozioen lanketa eta zaintza TEIren programazioaren oinarri izan dira beti. Eta ez da kasualitatea aurten ere bi gai horiei jarraipena ematea. Izan ere, amaitu berri den Herritarren Batzarrak ongizate eta osasun emozionalaren inguruan hausnartu du eta Udalari proposamenak egin dizkio. Haurren Hiria egitasmoa ere lanketa bera egiten ari da eta gazteenek ere emozioen eta beren ongizatearen inguruan hausnartuko dute. Hori aintzat hartuta, gure konpromisoa da alor horietan guztietan lanean jarraitzea, herritarren ongizatea hobetzeko, eragile ezberdinekin elkarlanean”, adierazi du Joseba Ormazabalek, Gobernantza eta Komuniatea saileko zinegotziak.

Emozioak eta zaintza oinarri dituen programa, ekaina bitartean

Tolosatzen Eskola Irekiak hiru ardatz nagusi ditu: herritarren formakuntza (herritarrak hainbat arlotan trebatzeko eta ahalduntzeko), sendotze komunitarioa eta herriaren edo Tolosaren eta lurraldearen ezagutza. Horri jarraiki, ekainera bitarte aurkeztutako programak herritarren formakuntzari egiten dio erreferentzia.

Hori horrela, egitaraua hiru ataletan banatu da: Tolosatzen Eskola Irekiak babestu edo sustatzen dituen jarduerak, beste eragile edo instituzioekin elkarlanean garatutako jarduerak, eta hedapenean oinarritutako jarduerak. Azken kasu honetan, Tolosatzen Eskola Irekiak jarduera horien hedapenean lagunduko du.

Babestutako jarduerak

Tolosatzen Eskola Irekiak babesten eta sustatzen dituen jardueren artean, iaztik ondorengoak errepikatzen dira:

  • Emozioen Gimnasioa: emozioei buruzko tailer ziklo bat izango da, martxoaren 7tik maiatzaren 30a bitartean egingo dena. Honako helburuak izango ditu: arlo emozionalaren garrantziaz ohartzea, garunaren funtzionamendua ulertzea, norbere emozioak zein besteen emozioak identifikatzea, norbere emozioak erregulatzeko trebetasuna garatzea, ongizate pertsonal eta sozialerako bizi-trebetasunak garatzea eta pertsonen arteko harremanak hobetzea.
  • Arrastoan tailer didaktikoa: ikastetxeei bideratutako tailerra da, eta Tolosako hiru ikastetxeetan emango da otsailean zehar. Arrastoan dokumentalean oinarritutako saio didaktikoa izango da. Laponiarako espedizioa aitzakia, gure herriko historia eta istorioak ezagutarazi eta ekintzailetza eta abentura grina pizteko egitasmoa da.
  • Autozainketa tailerra: egitasmo honek iazko “Zaintzaileak zainduz” programari ematen dio jarraipena. Iazkoa, ordea, zaintzailearen irudian eta beharretan egituratu zen eta aurtengoak, aldiz, autozainketa izango du oinarri. Tailerra urtarrilaren 30ean hasiko da Saioa Garmendiaren eskutik eta udara ondoren ere jarraipena izango du.
  • Bihotzetik 2023: Bihotzetik elkartearekin antolatutako hitzorduetan, zaintzari, bizi amaierari eta doluari buruzkoak errepikatuko dira. Horrez gain, mahai inguruak eta tailer desberdinak ere egingo dira. Hitzaldi, tailer eta mahai-inguruak martxoan, maiatzean eta ekainean eskainiko dira.

Horrez gain, Tolosatzen Eskola Irekiak babestuko ditu Betikasten elkartearekin antolatutako 5 saioak:

  • Los residuos y la futura transformación que va a tener lugar este aspecto en el futuro
  • Aurrera ala atzera? Euskararen egoera eta erronkak Tolosaldean eta Euskal Herrian datu berrien argitan
  • La transición ecológica: una cuestión de justicia global y local de supervivencia
  • Euskadiko Haurren Babeserako Sistema
  • Realidad y retos de las personas refugiadas en Euskadi

Erakunde eta eragileekin elkarlanean landutako jarduerak: gurasoei zuzenduriko jarduerak

Ardatz honen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Treba Gurasoak eta Tolosatzen Eskola Irekiak bat eginik, gurasoei zuzenduriko lau jardunaldi antolatu dira:

  • Internet, pantailak, sare sozialak: onurak eta gatazkak nola kudeatu
  • Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak
  • Sustantzia gabeko adikzioak: kirol apustuak, ausazko jokoak, bideo-jokoak… Zer egin dezakete familiek?
  • Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola lortu.

Hedapenerako jarduerak

Lerro honen baitan, Jabetze Eskolaren edota Asunzion Klinikak gidatutako Osasuna Kalean egitasmoko jardueren hedatze lanak egingo ditu Tolosatzen Eskola Irekiak.

Osasuna kalean egitasmoa gaixoak eta herritarrak beren osasun arretan gaitu nahi dituen osasun dibulgazio kanala da eta hitzaldiak zein sentsibilizazio eta ezagutza kanpaina desberdinak burutzen ditu horretarako.

Kasu honetan, Tolosatzen Eskola Irekiaren programaren baitan jasoko dira 8 jarduera desberdin:

  • Lesiones más comunes del pie y miembros inferiores
  • Covid persistente: una dura realidad.
  • Cuidados del paciente ostomizado tailerra
  • La importancia de la prevención en el cáncer colorrectal.
  • Patologías más frecuentes del hombro
  • Anemia: prevención y tratamiento
  • Cuando el hospital está en casa (hitzaldi-tailerra)
  • La Escuela de la Espalda

Jabetze Eskolak antolatu eta Tolosatzen Eskola Irekiak hedatuko dituen jardueren artean daude:

  • Batukada feminista
  • Munduko emakumeen literatura taldea (talde egonkorra)
  • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea (talde egonkorra)
  • Autodefentsa feminista
  • Erotika tailerra

Horiez gain, 2023ko udaberriari begira beste hainbat hitzaldi, jardunaldi eta tailer ere jasoko ditu TEIek.

 Datozen jardunaldiak

Behin programaren aurkezpena eginda, datozen egunotako jardueren berri emateko ere aprobetxatu da gaurko agerraldia. Hori horrela, datorren hilaren 26an, Treba Gurasoak egitasmoaren baitan antolatutako lehen hitzaldia eskainiko da: sustantzia gabeko adikzioak: zer egin dezakete familiek?

Horrez gain, urtarrilaren 30ean, Jabetze Eskolak antolatutako erotika tailerra ere eskainiko da eta esan bezala, autozainnketa tailerrari hasiera emango zaio Saioa Garmendiaren eskutik.

Hemen kontsultatu daiteke egitaraua.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA