-
Orain arte bezala, herritarrekin elkarlanean eta haien parte hartzearekin eta Udaleko sail guztiekin lankidetzan osatu da egitaraua, herritarren formakuntzara eta kapazitaziora bideratutako ekintzekin.
Herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazi zuen Tolosako Udalak Tolosatzen Eskola Irekia proiektua. Herritarrak hainbat gaitasunetan trebatzea eta elkar ezagutza sustatzea ditu helburu proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, Udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko sinergiak sustatzeko asmoz.
Tolosatzen Eskola Irekiak hiru ardatz nagusi ditu: trebakuntza soziala (herritarrak hainbat arlotan trebatzeko eta ahalduntzeko), sendotze soziokomunitarioa eta elkar ezagutza eta herriaren edo Tolosaren eta lurraldearen ezagutza. Hala, herritarren trebakuntzara eta kapazitaziora bideratuta osatu da datozen hilabeteetarako egitaraua. Ekintza guztiak bizitzarako konpetentziak aterkipean egingo dira.
Tolosan errotzen ari den egitasmoa da Tolosatzen Eskola Irekia, eta orain arte egin den bezala, herritarrekin elkarlanean eta haien parte hartzearekin zein Udaleko sail guztiekin, honako egitaraua antolatu da, abenduaren 16an hasi eta apirilera arte:
-
Erronka berriak: IKT-en erabilera arduratsu bati begira, gazteekin lan egiten duten eragileei zuzendutako ikastaroa egingo da abenduaren 16an eta 23an Hazkunde erakundearen eskutik. IKT-en erabilera eta ondorioak landuko dira, eta, besteak beste, bideo jokoen eta sare sozialen abantailak eta arriskuak aztertuko dira, eta horien erabilerara bideratutako autobabeserako jarraibideak ikasi ahalko dira. Mundu errealeko eta birtualeko jarrerak aztertuko dituzte parte hartzaileek, eta IKT-en eremuan indarkeria sexistak duen presentzia ere jorratuko dute. Parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea. Abenduaren 16an eta 23an goizez eta arratsaldez eskainiko da. Goizez 11:30etik 14:30era eta arratsaldez16:00etatik 19:00etara izango dira saioak, eta izena emateko gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi beharko da (goizeko saioetarako ez da lekurik geratzen).
-
TREBA gurasoak: TREBA Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimen berria da, eta gurasoak eta interesa duen edonor hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tolosako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailarekin batera, bi hitzaldi eta tailer bat eskainiko ditu.
- Haurrak, nerabeak eta Internet: ohiturak, arriskuak eta erabilerak. Raquel Gamito adituak egingo du hitzaldia, abenduaren 20an, 17:30ean, Topic-en.
- Substantzien kontsumoa. Zer egin dezake familiak? Kasu honetan Estibaliz Ansotegik gidatuko du hitzaldia. Urtarrilaren 12an izango da, 18:00etan, Topic-en.
- Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean tailerra Donna Apellaniz adituak zuzenduko du. Martxoaren 16an eta 23an, 17:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean.
-
Jaume Funes aditua ere Tolosan izango da urtarrilaren 25ean. Hitzaldia eskainiko du Topic-en. Hainbat gaien inguruan hausnarketa egingo du, nerabeengan fokoa jarrita, diskurtso positibo, motibagarri eta eraikitzaile batekin: etengabeko ikasketa prozesu indibiduala eta kolektiboa, aldaketara bideratutako bizitza eta bide horretan komunitateak duen papera eta garrantzia, aldaketen kudeaketa, elkarbizitza, emozioak… aldiz urtarrilaren 26an, herriko nerabe talde batekin solasean arituko da, beraien egungo kontestuan dituzten beharrak, kezkak eta bizipenen inguruko entzute saio batean.
- Konpetentziak: Arlo emozionalera bideratutako bi tailer egingo dira, iaz egindako Emozioen Gimnasioa lanketaren jarraipen gisa:
- Konpetentzia sozioemozionalen tailerra otsaila eta martxoa bitartean izango da. Herrikide ikastetxeko Txaro Etxeberriak eta Peio Agirrezabalek gidatuko dute, eta konpetentzia sozioemozionalen aurkezpenaz gain, neurozientzia eta garunaren funtzionamendua, konpententzia interpertsonalak, giza abileziak eta gatazka egoerak landuko dira. Otsailetik aurrera izango da.
- Apiriletik aurrera, berriz, gatazken kudeaketarako giza abileziak lantzeko tailerra egingo da, Eralda Zerbitzuak-en eskutik. Gatazkak eraldatu eta konpontzeko paradigma aldaketa aztertuko da, eta komunikazioa, enpatia, entzute aktiboa eta asertibitatea bezalako kontzeptuekin lan egingo da.
-
Zaintzailea zainduz: Atal honen barruan, Saioa Garmendia adituak hitzaldia egingo du otsailaren 20an, Kultur Etxean. Eta, bestalde, zaintza lanetan aritzen diren herritarrei bideratutako tailerrak ere egingo dira martxotik aurrera.
IKT-en erabilerara zuzendutako ikastaroa, zuzenean haur eta nerabeekin lan egiten duten eragileei zuzenduta dago, gainerako ekintza guztiak herritar guztiei irekita egongo dira, eta denak dohainik izango dira.