Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan antolatutako ongizate emozional eta autozainketa tailerrean izena emateko epea zabalik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/26 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Tailer honek iaz egindako “Zaintzaileak zainduz” egitasmoari ematen dio jarraipena, baina oraingoan azpimarra ongizate emozionalean eta autozainketan jarri da.
  • Tailerra hamabostean behin eskainiko da eta helburu du parte-hartzaileei beren burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek partekatzeko espazio atsegin eta lagungoia eskaintzea.  Izen ematea doakoa da eta nahikoa da esteka hau betetzearekin

 

Datorren astelehenean ekingo zaie Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan antolatu den ongizate emozional eta autozainketa tailerrei.

TEIrek 2023ko lehen seihilekorako berriki aurkeztutako egitarauak zaintza eta emozioen lanketa ditu oinarri eta horri lotuta, aipatu tailerrak jarraipena ematen dio iaz burututako “Zaintzaileak zainduz” programari. Azken hau zaintza arloan lan egiten duten pertsonei zuzendutako tailerra izan zen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaz arduratzen diren pertsonen ongizate fisiko zein emozionala hobetu eta bermatzea izan zituen helburu.

Aurtengo tailerrak, ordea, autozainketan eta ongizate emozionalean jarri du azpimarra. Helburua da tailerretako parte-hartzaileei beren burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek partekatzeko espazio atsegin eta lagunkoia eskaintzea. Tailerrak hamabostean behin eskainiko dira, talde txikitan, parte-hartzaileei konfiantzazko giroa eskaintzeko.

Iaz bezala, ongizate emozionalean, emozioen lanketan eta Mindfullnes-en aditua den Saioa Garmendia izango da tailerraren gidaria eta berak, emozioen kudeaketarako eta autozainketarako erramintak eskainiko dizkie parte-hartzaileei, hauek egunerokotasunean erabil ditzaten.

Izen ematea zabalik dago, doakoa da eta parte-hartzeko nahikoa da ondorengo esteka betetzea. Lehen saioa datorren astelehenean, urtarrilak 30, izango da. Saio guztiak euskaraz izango dira eta Iturriza Elkartean (Alhondiga plaza) eskainiko dira.

Tolosarren ongizatea bermatzea helburu

Tolosako Udalarentzat ezinbestekoa da herritarren osasun emozional eta ongizatea bermatzea eta hain zuzen horri lotuta sustatu eta burutu ditu hainbat egitasmo. Horien artean kokatzen da, esaterako, abenduan amaitu zen Herritarren Batzarra. Honen bitartez, lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko 14 gomendio egin dizkie batzarkideek Udalari eta une honetan, gomendio horiek banan-bana aztertzen ari da Udala, martxoan guztiei erantzuna emateko.

Eta Haurren Hiria egitasmoaren baitan bide berdina jorratzen ari dira orain 8-12 urte bitarteko Tolosako haurrak, zeintzuk ongizatea eta osasun emozionala lantzeko emozioak, dolua, bullying-a eta bakardadea izango dituzten hizpide, lau saiotan banatuta. Dagoeneko burutu dituzte lehen biak eta martxoan egingo dituzte beste biak.

Ez da kasualitatea, beraz, 2023an ere, emozioak eta zaintza Udalaren lan ardatzetako bat izatea. Hori horrela, tolosarren ongizatearen aldeko apustuan, Udalak jarraipena emango die osasun emozionala eta ongizatea oinarri dituen egitasmo eta ekintzei eta alor horietan guztietan lanean jarraituko du tolosarren ongizatea hobetzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA