Urriaren amaieran, Guztion artean Tolosatzen prozesuari buruzko aurkezpen saioa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/09/24 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Saio horretan komunitatea sendotzeko ekintza txikien herri aliantza partekatuko da herritarrekin eta datorren urtera begira udalaren asmoak zein diren jakinaraziko da.

  • Astelehenean hasi ziren udal sail guztiak “Guztion artean Tolosatzen” partaidetza prozesuan jasotako ideia eta egitasmoak aztertzen, horiek 2021eko aurrekontuetan txertatzeko asmoz.

 

Uda ondotik, eta ekaina eta uztailean egindako “Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen” prozesuko saioen ostean, ikasturte berriarekin batera, udala prozesuan zehar herritarrekin landutako gai eta ekimenak aztertzeari ekin dio.

Egungo testuinguruan, komunitatea sendotzeko eta 2021 urterako aurrekontuetarako proposamenak herritarrekin lantzeko abiarazi zuen aipatu partaidetza prozesua udalak.

Konpromiso indibiduala sustatzea ere izan du helburu prozesuak, banakako ekintzen herri aliantza bat sortzeko eta elkarlan publiko-komunitarioa sustatzeko.

Guztira, 6 saio egin dira eta 94 herritarrek parte hartu dute, horietatik gehienak emakumezkoak. Herritar norbanako, politikari zein teknikariek parte hartu dute topaketetan.

Saio batzuk aurrez-aurre egin dira eta beste batzuk aldiz, online. Azken era honetan egindako saioek oso harrera ona izan dute. Lehen biak ekainean egin ziren, paradigma berri honen aurrean tolosarrak nola sentitu diren ezagutzeko. Uztaileko topaketetan, elkarrekin sortzeko saioetan, gai zehatzagoak landu ziren ongizate, kultura, ekonomia eta ingurumen alorretatik abiatuta.

Hausnarketa eta lanketa bi mailatan egin zen, batetik, norbanako gisa zer egiteko prest gauden eta bestetik, esparru publikotik zer egin daitekeen Tolosa hobe bat eraikitzeko.

 

Ekintza txikien herri aliantza, komunitatea eta herria sendotu eta hobetzeko konpromisoak

Tolosa eraldatu, suspertu eta hobetzeko eta bereziki komunitatea sendotzeko herritarrek saioetan egindako ekarpenak kontuan izanda ekintza txikien herri aliantza osatzen ari da udala. Herri aliantza honen bitartez norbanakoen konpromisoa lortu nahi da, tolosarrek beren egunerokoan komunitatea eta herria sendotu eta hobetzeko keinu txikiak egin ditzaten.

Urriaren amaieran aurkezpen saioa egingo da ekintza txikien herri aliantza herritarrekin partekatzeko; ondoren gizarteratu egingo da tolosar guztien atxikimendu eta konpromisoa lortzeko helburuarekin.

Urriko aurkezpen saio horretan ere datorren urtera begira udalaren asmoak zein diren jakinaraziko da. Aste honetan hasi dira udal sail guztiak prozesuan zehar jaso diren proposamen eta egitasmoak aztertzen, horiek 2021 aurrekontuetan txertatzeko asmoz.

 

Haurren Hiria eta Tolosatzen Eskola Irekiaren ikasturte berria

Aurtengo Haurren Hiria egitasmoa ere eraberrituta dator. Guztion artean Tolosatzen prozesuak izan duen harrera ona ikusita, formatu bera erabiliko da Haurren Hiria proiekturako eta Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleekin, testuinguru eta egoera honetan, nola sentitu diren eta sentitzen ari diren aztertuko da, eta atzeman dituzten gabezietatik abiatuta proposamen ezberdinak landuko dira.

Azkenik, udan egindako saioetan identifikatutako beharrak kontuan izanda osatuko da 2020-2021 ikasturterako Tolosatzen Eskola Irekiaren egitaraua, iaz ezarritako 3 ardatzak mantenduz: trebakuntza eta ahalduntzea, komunitatea indartzea eta elkar-ezagutza sustatzea.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA