Zeinu hizkuntza zerbitzu indartua eskainiko du Tolosako Udalak udal zerbitzu, ekintza eta ekitaldietan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/02/02 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Ekintza publiko esanguratsuetan beti eskainiko da zerbitzu hau, baita ekitaldi irekietan edo izapideak egiteko ere. Azken bi kasu hauetan, aurrez egin beharko da zerbitzuaren eskaera. 

 

Herritar guztien informazio eta berdintasun eskubideak bermatzea helburu, Tolosako Udalak zeinu-hizkuntza zerbitzu indartua eskainiko du aurrerantzean udal zerbitzu, ekintza eta ekitaldietan. Helburua da entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonei komunitatean parte hartzeko dituzten aukerak areagotzea eta zerbitzuak entzumen arazoak dituzten pertsonen behar eta gaitasunetara egokitzea.

Zerbitzua Eskuaire Zeinu-hizkuntza Interpretazio eta Komunikazio Bitartekaritzaren bitartez eskainiko da, 3 kasutan: udalak eskainitako ekintza publikoetan, ekitaldi irekietan edota udal izapideak egiterako garaian. 

Udalak eskainitako ekintza publikoak

Inauterietako txupinazoa, Kirol Gala edota azoka berezietako sari banaketak dira ekintza publiko horietako batzuk eta, kasu hauetan, zerbitzua beti eskainiko da, eskaerarik egon ez arren. 

Udalak antolatutako ekitaldi irekiak

Ikastaroak, hitzaldiak edota solasaldiak sartzen dira, besteak beste, ekitaldi irekien multzoan. Ekitaldi mota horietan beti eskainiko da zeinu-hizkuntza zerbitzua, baldin eta aurrez eskaera egiten bada, gutxienez ekitaldia baino 7 egun lehenago. Pertsona interesdunek udal webgunearen hasiera orrian, goian dagoen zeinu-hizkuntzaren logoan klikatuta topatuko dute zerbitzuaren eskaera orria. Hori betetzearekin nahikoa izango da. 

Izapideak ere, zeinu hizkuntza zerbitzuaz lagunduta

Izapideak egiteko ere, hau da UDATE edo beste udal zerbitzu batean edozein izapide burutzeko, zeinu-hizkuntza zerbitzua eskatu ahal izango da. Horretarako ere eskaera orria bete behar da, zerbitzua presentziala ala telematikoa behar den adieraziz. Behin eskaera aurkeztuta, 5 eguneko epea beharko da eskaera tramitatzeko.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA