‘Ikastetxeen karabana’ ekimen berria abiaraziko da ostiralean Tolosako ikasleen artean mugikortasun iraunkorra eta bide heziketa sustatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/09/21 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Tolosako udaltzaingoaren gidaritzapean, ikasturte osoan zehar goizeko 8:30ean Triangulo Plazatik Laskorain Ikastola, Herrikide eta Samaniegorantz doazen bi ‘karabana’ edo talde egingo dira ikastetxera bizikletaz zein patinetez modu arduratsu, ordenatu eta seguruan,  udaltzaingoz lagunduta joateko.
  • Era berean, Mugikortasunaren Europako Astea oinarri, hainbat ekintza antolatu dira herritarren artean mugikortasun eredu berriak bultzatzen jarraitzeko: bide-heziketa tailerrak, bizikleta martxa, bigarren eskuko azoka…
  • Horrez gain, Gurpilgunea ere martxan da Zumardi Handian, bizikletak konpondu eta berreskuratzeko eta modu horretara, mugikortasunari lotutako hondakinak gutxitu eta berrerabilera sustatzeko.

 

Irailaren 16tik 22ra bitartean Europako Mugikortasun Astea ospatzen ari da Europako hiri eta herri desberdinetan eta hain zuzen, ospakizun hori oinarri zein aitzakia gisa hartuta, ‘Ikastetxeen karabana’ ekimena aurkeztu du Tolosako Udalak, udaltzaingoaren zuzendaritzapean garatutakoa.

Ekimen horren funtsa da, ikasturte guztian zehar, Tolosako ikasleak udaltzaingoz lagunduta bizikletaz edo patinetez modu arduratsu, ordenatu eta seguruan ikastetxera joatea. Izan ere, haur eta gazte asko dira gaur egun goizero talde txikitan elkartzen direnak bi garraiobide horietan desplazatzeko, baina modu sakabanatuan eta inolako zaintzarik gabe egiten dituzte joan-etorriak. Hori aintzat hartuta, Tolosako udaltzaingoak ekimen hau landu du, ikasleen artean mugikortasun eredu jasangarri eta iraunkorren erabilera bultzatzeaz haratago, erabilera hori modu seguruan egin dezaten, guztien segurtasuna eta ongizatea bermatuta egon dadin.

Horrela, ‘Ikastetxeen karabana’ren bitartez,  bizikleta zein patinetez mugitzen diren ikasle horiek guztiak Triangulo plazan elkartu nahi dira egunero 8:30ean eta bertatik bi karabana edo multzotan banatuta ikastetxeetara joan, aurrez esan bezala, modu ordenatu, arduratsu eta seguruan. Karabana bat alde zaharretik Samaniego ikastetxera abiatuko da eta bestea San Frantziskotik Herrikidera lehenbizi eta Laskorain Ikastolara ondoren. Ibilbideak udaltzaingoz lagunduta egingo dira beti eta parte-hartzen duten ikasleek, gainera, bide-heziketa formakuntza jasoko dute haien eskutik lehen 10 minutuetan eta  08:40an ikastetxerantz abiatuko dira. ‘

Ekimen honek, beraz, segurtasuna eta mugikortasun iraunkor zein jasangarria oinarri izateaz gain, bide heziketa ere landuko du ikasleekin, ikastetxeetarako joan-etorriez haratago, egunerokotasunean modu arduratsuan jokatzeko irizpideak eta oinarriak ikas ditzaten. Horrela, jarraipena emango zaie orain arte udaltzaingoak urtean behin edo bitan ikastetxeekin elkarlanean landutako bide-heziketa tailerrei, heziketa arloan urrats bat gehiago emanez, eta, aldi berean, mugikortasun iraunkor, aktibo eta autonomoa sustatuko da Tolosako ikasleen artean, haien segurtasuna udaltzaingoaren laguntzaren bitartez uneoro bermatuz.

Ikastetxe karabana’ ikasturte osorako ekimena da eta astelehenetik ostiralera egunero irtengo da, baita eguraldi txarra egin arren ere.  Lehen  karabana ostiral honetan irtengo da 8.30 Triangulotik eta gazte oro dago gonbidatuta parte hartzera.

Hainbat ekimen Europako Mugikortasun Astearen harira

Tolosako Udalak, Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du eta hainbat ekintza antolatu ditu ospakizun horren inguruan, modu horretara aldaketa klimatikoaren erronkan aurrera egiten jarraitzeko eta bide horretan mugikortasun jasangarri eta iraunkorra sustatu eta herritar ororen artean, mugikortasun eredu eta aukera berriak bultzatzen jarraitzeko.

Bide heziketa saioak eskoletan, ikasleak sentsibilizatzeko:

‘Ikastetxeen karabana’ren oinarriari jarraiki, hilaren 21, 22 eta 23an mugikortasun arauak landuko dira Tolosako ikasleekin. Heziketa saio horien helburua da garraio desberdinen arteko bizikidetasuna sustatzea, guztien arteko errespetua eta segurtasuna bermatzeko.

Bizibira Fest

Ostiralean, hilak 23, Bizibira Fest ekimena eramango da aurrera Ibarrako Udalarekin eta Tolosaldea Garatzenekin batera. Honen baitan, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, bizikleta martxa eta ondoren festa bat egingo da Zumardi Haundian.

Bizikleta martxari dagokionez, hiru ibilbide desberdin egingo dira. Bata 17:00etan aterako da Ibarrako plazatik. Bestea, ordu berdinean izango da, baina Tolosako San Juan plazatik abiatuko da (Arrameleko eliza dagoen plaza) eta azkena 17:10ean irtengo da Herrikidetik eta 5 minutu ondoren geldiunea egingo du Laskorain Ikastolan, bertan dauden partaideak martxara elkartu daitezen.

Ibilbide guztiak 17:30ak inguru amaituko dira Zumardi Haundian egingo den festarekin, Bertan, jolasez edota tailerrez gain, aurten, berrikuntza gisa, Oriako Txirrindularitza Eskolak ginkana moduko bat antolatu du bizikleta gainean trebetasuna lantzeko.

Bigarren eskuko bizikleten azoka:

Aurtengoan ere bigarren eskuko bizikleten azoka ere antolatu du Udalak Zumardia elkartearekin elkarlanean, jasangarritasuna, elkartrukea eta objektuen berrerabilera sustatzeko. Irailaren 24an izango da, Zumardi Handian, 10:00etatik 13:00etara. Bertan bizikleta, patin, patinete, kasko eta bestelako bigarren eskuko materialak elkar trukatu eta saldu ahal izango dira.

Materiala, baina, aurrez entregatu behar da, hain zuzen hilaren 21, 22 eta 23an, 17:00etatik 19:00etara Zumardi Haundian eta hilaren 24an, 09:00etatik 10:00etara leku berean.

Gurpilgunea, bizikletak konpondu eta berrerabiltzeko gunea dagoeneko martxan

Mugikortasun eredu iraunkor eta jasangarria sustatzeko lehen urratsetako bat bizikletaren erabilera areagotzea dela jakinik, Gurpilgunea deituriko bizikleta- berrerabilera gunea sortu dute hainbat erakundek elkarlanean, Tolosako Udala barne.

Gune hori dagoeneko martxan dago Zumardi Handian eta helburu du mugikortasunari lotutako hondakinak gutxitzea eta berrerabilera sustatzea. Horretarako konponketa edota truke gune gisa erabiliko da, bizikletak konpontzeko tresnekin edota bigarren eskuko bizikleta zein piezen salerosketa edota trukearekin. Era berean, bizikleten inguruko mekanika ikasteko ikastaroak ere eskainiko dira.

Gurpilgunea erabili ahal izateko bazkide egitea ezinbesteko izango da, info@zumardia.eus helbidera idatziz. Aipatu gunea zabalik egongo da astearte goizetan 10:00etatik 12:00etara eta ostegun zein ostiral arratsaldetan 17:00etatik 19:00etara (ikastaro egunetan izan ezik).

Gurpilgunea gertutik ezagutzeko eta funtzionamenduaren berri jasotzeko ateak zabalik izango ditu datozen egunotan arratsaldez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA