Arrisku egoerak prebenitzeko eskuhartze eta zaintza lanetan ari dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa modu koordinatuan lan eginez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/07/11 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Atzo gauean herriko eremu ezberdinetan eskuhartze eta zaintza lanak egin ziren jende pilaketak ekidin eta herritarren segurtasuna bermatzeko.
  • Hala, Rondilla kalean bere burua zauritzen ari zen gazte bat artatzera eta laguntzera gerturatu ziren Udaltzain eta Ertzainak eta gaztea anbulantzian eraman zuten ospitalera.

 

Alarma egoera bertan behera geratu zenetik, eta baita aurretik ere, herritarren segurtasuna bermatzeko eta arrisku egoerak eta jende pilaketak ekiditeko zaintza eta eskuhartze lanak modu bateratuan eta era koordinatuan gauzatzen ari dira Udaltzaingoa eta Ertzaintza.

Beraz, Tolosako herritarren babeserako eta egoerari ahalik eta modurik egokienean eusteko dispositibo eta operazio bateratuak martxan daude eta jende pilaketak ekiditeko herriko gune ezberdinetan patruilak ere ezartzen dira.

Atzo gauean, herriko eremu ezberdinetan eskuhartze eta zaintza lanak egin ziren gazteen pilaketak sakabanatu eta herritarrak artatzeko.

Skate park-eko gunean elkartuta zeuden 200 gazte sakabanatu ziren eta Iurre auzoan eta Lopez Mendizabal plazan ere eskuhartu zen. Rondilla kalean bere burua zauritzen ari zen gazte bati laguntza eta sorospena ere ematera gerturatu ziren Triangulo plazako patruilako Ertzain eta Udaltzainak. Gaztea anbulantzian eraman zuten ospitalera.

Egoerari eusteko, erantzunkidetasuna ezinbestekoa

“Azken egunotan kutsatze tasak nabarmen egin du gora Tolosan, horregatik,  jende pilaketak ekidin behar ditugu eta gizalegez eta erantzunkidetasunez jokatzen jarraitu; egoerari eusteko elkarlana ezinbestekoa da” azpimarratu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

“Botilzarrak debekatuta daude eta horiek ekiditea lehentasunezkoa da, horregatik gazteen pilaketak prebenitzeko zaintza eta eskuhartze lanak indartu dira; dagoeneko egoera kezkagarria da eta kontrolaezina bilakatu ez dadin gurasoek ere ardura hartu behar dute;  guztiok dakigu errealitatea zein den eta Udaltzain eta Ertzainek hainbat intzidentziei erantzun behar izaten diete egunero eta ezin dira soilik gazteen pilaketak sakabanatzen aritu” azpimarratu du alkateak.

Pedagogiatik, neurriak hartzera

“Inauterietan eta baita San Joanetan ere, Ai Laket elkarteko kideek eskuhartze lanak egin dituzte gazteekin boltizarraren inguruan; lanketa pedagogikoa garrantzitsua da, baina baita ere neurriak errespetatzea, eta beraz, ezarrita dauden neurriak errespetatzen ez badira neurriak hartuko dira guztion osasuna dagoelako jokoan, eta herritar guztion osasuna eta segurtasuna bermatzea delako gure lehentasunik nagusiena” adierazi du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA