2025/12/16 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
-
Urtarrilaren 1etik aurrera izango da martxan, TRIBBU aplikazioaren bidez.
-
Erabiltzaileek, izan gidari edo bidaiari, pizgarriak izango dituzte aplikazioaren bidez egindako bidai bakoitzeko.

Ibilgailu pribatuaren menpekotasuna gutxitu eta egunerokotasunean egiten diren bidaiak ahal bezain beste aprobetxatu asmoz, autoa partekatzeko zerbitzu berria izango du Tolosaldeak 2026tik aurrera: AutoBAT. Eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek sustatu dute.
Car-pooling delako ereduan oinarritutako zerbitzua izango da. Hau da, bidaia egingo duten ibilgailuak gainerako bidaiarien eskura jarriko ditu AutoBATek. Beste era batera esanda: jada errepidera aterako diren autoetako aulki hutsak betetzeko sistema da.
Hori egin ahal izateko aplikazio batek autoen gidariak eta gainerako erabiltzaileak konektatuko ditu, eta bidaiaren nondik norakoak (ordua, irteera, helmuga...) adostuta, elkarrekin egingo dute bidaia, norbere gastuak gutxituz. Pizgarriak ere izango dira, gainera.
Funtzionamendu orokorra
TRIBBU aplikazioa erabili beharko da horretarako. Egunerokorako auto partekatua errazten duen plataforma digitala da, bereziki lanera edo unibertsitatera joan ohi diren pertsonentzat. Erabiltzaileei aukera ematen die gidari edo bidaiari gisa erregistratzeko, edo biak, eta ohiko bidaiak partekatzeko. Ohiko ibilbidea argitaratu eta gero, antzeko ibilbideak dituzten pertsonak bilatuz eta ‘match’ eginez, gastuak automatikoki banatzen ditu.
Gidariak jartzen du bidaiaren prezioa, beti ere kilometroko 0,15 € gehienez. Bidaiari gehiago jasotzeagatik, TRIBBUk gidariei pizgarriak ematen dizkie, lau zentimo kilometro eta bidaiari bakoitzeko. Diru hau zuzenean sartzen die kontu korrontean.
AutoBAT, TRIBBU plataformaren barruan dagoen komunitate bat da, Tolosaldetik abiatzen diren edo Tolosaldera datozen gidari eta bidaiariek osatutakoa. Komunitate honetako erabiltzaileek, gainera, Tolosaldea Garatzenek emandako pizgarri osagarriak izango dituzte, eskualdeko udalek sortu duten diru-poltsari esker. Gehienez bi euroko pizgarriak emango dira bidaia bakoitzeko, hilean gehienez 750 €. Poltsa agortu arte izango dira eskuragarri.
Kasu horretan, bidaiariak ordaindu beharreko prezioari aplikatuko zaio pizgarria, hau da, ez du diru hori jasoko. Bidaiarengatik ordaindu beharrekoa pizgarriaren gehieneko prezioa (2 €) baino baxuagoa bada (demagun, 1 €) , bidaiariak ez du ezer ordaindu beharko.
Adibide batzuk:
|
Ibilbidea
|
Km.
|
Prezioa
gidariak
jarritakoa
|
Gidariak jasotzekoa
(bidaiari bakoitzeko)
|
Pizgarria
|
Bidaiariak ordaintzekoa
|
|
Tolosa-Donostia
|
25
|
4 €
|
1 €
|
2 €
|
2 €
|
|
Tolosa-Arrasate
|
50
|
6 €
|
2 €
|
2 €
|
4 €
|
|
Tolosa-Berastegi
|
12
|
2 €
|
0,48 €
|
2 €
|
0 €
|
|
Tolosa-Urkizu
|
8
|
1 €
|
0,32 €
|
1 €
|
0 €
|
*Adibideak gutxi gora beherakoak dira
Nola funtzionatzen du AutoBATek?
-
Deskargatu TRIBBU
-
Erregistratu zure telefono zenbakiarekin: Bankuko txartelaren zenbakia eman behar da, dirua automatikoki ordaindu eta jaso ahal izateko.
-
Identifikatu jasotako kodearekin. Menuan→ Enpresa/Unibertsitatea → AUTOBAT → sartu TOLOS26 kodea.
-
Osatu zure profila eta hasi autoa partekatzen:
-
Argitaratu zure ohiko ibilbidea TRIBBU aplikazioan, gidari edo bidaiari moduan.
-
Aurkitu ordutegi eta ibilbide antzekoak dituzten lagunak.
-
Ibilbidea hasterakoan bidaia aktibatu (bai gidari bai bidaiariak) eta amaieran bukatutzat eman. (Ezinbestekoa da, geolokalizazio bidez bidaia egin dela bermatzeko)
-
Gastuak automatikoki banatuko dira.
Mugikortasun jasangarriago baterantz
Egitasmo honek bat egiten du Europa, EAE, Gipuzkoa eta eskualde mailako mugikortasun jasangarriko estrategia eta helburuekin. Martxan dauden beste eredu batzuk erakusten dute gisa honetako plataformek ondo funtzionatu dezaketela, batik bat, autoekiko menpekotasun handia eta garraio-eskaintza txikiagoa duten guneetan. Hori da, hain zuzen, Tolosaldeko errealitateetako bat.
Emisioak eta kutsadura murriztea ez ezik, hiriguneetako aparkalekuen gaineko presioa murriztea, hiriguneen eta landa eremuaren arteko kohesioa bultzatzea, eta kolektibo kalteberei irisgarritasuna handitzea dira, besteak beste, zerbitzu honen beste helburuetako batzuk. Onura ekonomikoak ere baditu, garraio gastuetan aurreztu daitekeelako.