Behar bereziak dituzten haurrentzako bide heziketa saioak ematen ari da Tolosako udaltzaingoa

Tolosako Udala
2023/02/09 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Orixe ikastetxeak egindako eskaera zuzenari erantzunez, Tolosako udaltzaingoa hamabostean behin elkartzen da behar bereziak dituzten ikastetxe honetako ikasleekin.
  • Une honetan, bide heziketa saioen helburua da errepidea noiz pasa dezaketen ikastea, umeen autonomia sustatzeko.

 

Tolosako udaltzaingoak aktiboki lan egiten du herriko ikastetxeekin, ikaslegoaren artean bide heziketa neurriak zabaltzeko, bereziki bizikletaz ibiltzen direnek, ikastolara joan-etorriak modu seguruan egin ditzaten eta, oro har, guztiek egunerokotasunean ere heziketa hori aplika dezaten.

Ildo horretan, Orixe ikastetxeak egindako eskaera zuzen bati erantzunez, berriki ikastetxe honetako ikasleak diren eta behar bereziak dituzten haurrei zuzenduriko bide heziketa saioak eskaintzen hasi da.

5 haurrez osatutako taldearekin ari da lanean eta abenduan hasitan, hamabostean behin elkartzen dira bide heziketa saio hauek aurrera eramateko. Une honetan, helburu nagusia da haur horiek errepidea noiz gurutzatu dezaketen eta noiz ez ikastea, haien autonomia sustatze aldera.

Saio horiek haurren beharretara egokitu ditu udaltzaingoak eta heziketa irudi bitartez eskaintzen zaie, umeek ondo identifikatu ditzaten semaforoak, zebra-bideak eta zebra-bide bakoitzaren aurrean izan behar duten jokabidea. Lehenbizi ikasgelan bertan egunean egingo dituzten ariketak erakusten dizkiete haurrei eta ondoren kalera irteten dira, hori praktikan jartzera.

Era berean, Tolosako udaltzaingoa elkarlanean ari da irakasle zein gurasoekin ere, bide heziketa saioetan irakatsitakoak ikastolan zein etxean jarraipena izan dezan. Saioek oso harrera ona izan dute bai ikasle zein hauen irakasle eta gurasoen artean eta ikasturtea amaitu bitartean jarraipena ematea aurreikusten da.