Epai batek behartuta, armak eraman beharko dituzte udaltzainek astelehenetik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/02 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Legeak dioenari jarraituz, derrigorrezkoak diren eginkizunak betetzean bakarrik eramango dituzte armak.
  • Andu Martinez de Rituerto: «Udaltzaingoaren eginkizun nagusia herrian bizikidetza bermatzea da. Prebentzioan oinarrituta, gertutasuna eta herritarren zerbitzura jarduteko bokazioa azaltzea nahi dugu, konfiantzazko giroa bultzatuz Hori udaltzainek berezko dituzten mediazio eta prebentzio funtzioen bidez egiten dute».
     

Tolosako udaltzainek su armak eramango dituzte astelehenetik –maiatzak 5etik–, aurrera, Udalaren aurkako epai batek horrela behartuta. 

Hain zuzen, 2020ko ekainean ERNE sindikatuak Udaltzaingoa su armaz hornitzeko eskaera egin zion Tolosako Udalari, baina honen isilune administratiboaren ondorioz, eskaera ez zen onartu. ERNEk, ordea, auzitara eraman zuen gaia, eta 2022ko urtarrilaren 27an, eskaera onartzen zuen epaia eman zen, Tolosako Udaltzaingoa armaz hornitzera derrigortuz. Orduz geroztik egin beharreko eginbideak eta formazioak egin dira. Hortaz, duela bost urte hasitako auzi bati amaiera emango zaio orain.

Legeak dioenari jarraituz, baina, derrigorrezkoak diren eginkizunak bete behar dituztenetan bakarrik eramango dituzte armak, hau da, herri-segurtasuneko funtzioetarako; gainerako betekizunetarako armarik gabe egingo dute lan. Lanetik kanpo inoiz ezingo dute erabili.

Epai honen ondorioz, su armak eta munizioa erosi eta formazioak egin ez ezik, armategia sortzeko obra egin behar izan da eta, orotara, azken urteotan 90.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan du Udalak.

Udal gobernuaren irizpidearen kontra

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok azpimarratu duenez, udal gobernuaren nahi eta irizpideen kontra eramango dituzte armak udaltzainek. Hori dela eta, hausnarketa batzuk partekatu nahi izan ditu, gutun baten bitartez.

«Udaltzaingoaren eginkizun nagusia herrian bizikidetza bermatzea da, prebentzioan, gertutasunean eta herritarrei zerbitzua emateko bokazioan oinarrituta. Horretarako konfiantzazko giroa bultzatzea ezinbestekoa da eta hori udaltzainek berezko dituzten mediazio eta prebentzio funtzioen bidez egiten dute. 

Udaltzain buruak armen erabilera ezartzeko egin behar izan duen txostenean jaso duen moduan, azken 12 urteotako datuak ikusita, ez da udaltzainen bizitza arriskuan jarri duen gertakaririk bizi izan gure herrian, eta armarik gabe egon arren, beren lanerako inolako arazorik izan ez dutela nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzaren datuek ere erakusten dute Tolosako delinkuentzia indizea baxua dela. 

Esan gabe doa su-armen erabilera muturreko kasuetan –agenteen edo herritarren bizitzak ‘arrisku larrian’ daudenean– egin beharko dutela, azken aukera moduan. Prozedura eta protokolo zorrotzak ditu erabilerak.

Hori horrela izan dadin, eta epaia betetzeaz harago, udaltzainei formazio egokia bermatuko diegu, eta beren profesionaltasunari esker erabilera egokia egingo dutela espero dugu. Horretarako gure esku dagoen guztia egingo dugu».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA