Herritarren segurtasuna bermatzeko eta delituak ekiditeko lanak areagotuko ditu Udaltzaingoak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/24 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Igandetik asteartera, gaueko gune egonkorra izango du Udaltzaingoak, Trianguloa plazan jarriko den karpa batean.

  • Andu Martinez de Rituerto alkateak planaren berri eman dio Bingen Zupiria Berne Salburuari, eta iazkoak bezalako gertakari larriak ekiditea eskatu du.

 

Tolosako Udaltzaingoak, ohikoa den moduan, arreta zerbitzua indartuko du Inauterietan. Jai herrikoi eta jendetsuak izanik, udaltzainek azpimarra berezia jarriko dute delituak ekiditeko, herritarren segurtasuna bermatzeko eta trafikoa modu egokian bideratzeko lanetan. Helburu horrekin osatu du Inauterietarako Ekintza eta Segurtasun Plana. Dokumentu hori izango da udal departamentuen eta gainerako erakundeen arteko koordinazio eraginkorrerako oinarria.

Planean jasota dauden prebentzio lanen artean daude, besteak beste, lapurretak, droga trafikoa, lesio delituak, jende pilaketek sortutako arrisku egoerak, sexu erasoak, adin txikikoei alkoholaren salmenta edota baimenik gabeko kale salmentako postuak ekiditeko ekintzak, baita ordutegi eta zarataren kontrola gauzatzeko jarraibideak ere.

Laguntza ere eskainiko du udaltzaingoak, etxeratze orduetan gune zaurgarrienetan kontrola areagotuz, edota lanean dabiltzan garbiketako langileak babestuz.  Zenbait kolektiborekin –tabernak, merkatariak, garbiketa, puntu moreak…– koordinaziorako taldeak sortuko dira.

Arreta areagotzeko, eta herritarrei erdigunean erreferentziazko puntu bat emateko, igandetik asteartera, gaueko gune egonkorra izango du Udaltzaingoak. Trianguloa plazan egongo da. 24 orduko telefono bidezko arreta ere emango du, 943 67 58 58 telefonoan.

 

Proportzionaltasunerako eskaria Barne Sailari

Planaren nondik norakak jakitera eman asmoz, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Bingen Zupiriarekin bilduko da, gaur arratsaldean. 

Bide batez, herritar guztien ongizatea lehenesten duten jokabideak eskatu dizkio alkateak sailburuari, iazko gertakari larriak ekidite aldera. «Egun batzuk atzera, indarrak delituen prebentzioan eta herritarren babesean jartzeko eskatu nion sailburuari, idatziz. Orain aurrez aurre egiteko aukera izango dut. Jai egunetan kaleak jendez lepo egoten dira Tolosan. Hori dela eta, arazoak bideratu behar izatekotan, neurriko esku-hartzeak egin behar dira, onurak kalteak baino handiagoak izan daitezen. Iazkoa bezalako egoerak ekidin egin beharko lirateke, ondorio larririk ez izateko. Azken batean, guztion nahi eta desio bakarra festak giro onean eta bakean pasatzea da; gozatzea, alegia», azaldu du Martinez de Rituertok.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA