Inauterietako trafiko eta autobus geltokietako aldaketak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/25 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Ostegunetik larunbatera, itxiera puntualak izango dira erdigunean; igandetik asteartera, aldiz, itxiera erabatekoa izango da.

  • Hausterre egunean, martxoaren 5ean, garbiketa zerbitzuak lan guztiak amaitu bezain laster zabalduko da trafikoa erdigunean (10:00ak aldera).

 

Inauterien atarian, egunotako trafiko aldaketen inguruko oharrak helarazi ditu Udaltzaingoak. Ostegunetik larunbatera, itxiera puntualak izango dira erdigunean; igandetik asteartera, aldiz, itxiera erabatekoa izango da. Kale horietan garajea dutenek soilik sartu ahal izango dute itxita dauden guneetara, udaltzaingoak adierazitako sarbide edota orduetan.
 

Garraio publikoari buruzko ohar orokorrak

  • 10:00etatik aurrera erdialdeko autobus geltokiak bertan behera geratuko dira, jaiak amaitu bitarte, Hausterre eguneko, martxoaren 5eko 10:00ak arte. Autobus geltokiak Santa Klarakok eta Kondeaneko aldaparen hasierakoak izango dira. Dena dela, Udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko ditu markesina guztietan.

  • Hiribusaren kasuan egunero kanpoaldetik egingo du ibilbidea Santa Klaratik abiatuta. Ostegunetik larunbatera, Foru kaletik San Frantzisko pasealekura joango da. Aldiz, igandetik aurrera, Kondeaneko aldapatik gora egingo du ibilbidea, eta handik Usabal kiroldegira joango da.

  • Autobus eta tren zerbitzu bereziak izango dira egun hauetan. Orrialde honetan daude ikusgai ordutegiak.

Ostegun Gizena, otsailak 27

  • Rondilla kalea 12:00etan moztuko da erabat, hurrengo eguneko goizera arte. Soilik garajeetarako sarrera baimenduko da, Belatetik barrena. Kalean ezingo da aparkatu. San Frantzisko pasealekuan ere ezingo da aparkatu.

Ostiral mehea, otsailak 28

  • Rondilla kaleko trafikoa irekiko da, gutxi gora behera, 09:30ean, garbiketa zerbitzuak lanak amaitu bezain pronto.

Zaldunita bezpera, martxoak 1

  • Rondilla kalean trafikoa baimenduko da 14:00ak arte. Ordutik aurrera, berriro guztiz itxiko da Musika Eskola parean, inauteriak amaitu arte. Asteazkenean, garbitzaileen lanak amaitu ostean irekiko da, aurreikuspenen arabera 10:00ak aldera.

Zaldunita, Astelenita eta Asteartita, martxoak 2-4

  • Erdiguneko trafikoa guztiz itxiko da 12 puntutan: Arrameleko biribilgunea, Gorriti plaza, Jesusen Zerbitzariak, Rondilla kalea, Zumalakarregi pasealekua, Santa Klara, San Joan kalea, San Esteban, SAM zubiko biribilgunea, Zezen-plaza, Suhiltzaileen egoitzaren ondoko biribilgunea eta Iruñea etorbidea. Leku horietan trafiko laguntzaileak izango dira. Hori hurrengo hiru egunetan mantenduko da. 

  • Soilik garajeetako sarrera eta irteerak baimenduko dira. 

Hausterre eguna, martxoak 5

  • Garbiketa zerbitzuak lan guztiak amaitu bezain laster zabalduko da trafikoa. Gutxi gora behera 10:00etan izan daitekeela aurreikusten da, nahiz eta momentuko beharren arabera aurreratu edo atzeratu egin daitekeen.

  • Ordu horretatik aurrera, garraio publikoko geltokiak ohiko kokalekuetara itzuliko dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA