Irailaren 8an abiatuko da berriro ‘Bizibusa’, ikastetxera bizikleta karabanan joanez bide heziketa sustatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/09/05 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Tolosako udaltzainen laguntzarekin, ikasturte osoan zehar goizeko 08:30ean abiatuko da karabana Triangulo Plazatik herriko ikastetxeetara eta bideari ekin aurretik, bide heziketa formakuntza jasoko dute egunero ikasleek.
  • Helburua da, udaltzainez lagunduta, ikastetxera bizikletaz zein patinetez modu arduratsu, ordenatu eta seguruan joatea.


 

Joan den ikasturtean lehen aldiz martxan jarri zuen Tolosako Udalak ‘Bizibusa’ ikastetxera bizikleta karabana batean joateko ekimena, Udaltzaingoaren laguntzarekin.

Ekimen horren funtsa da, ikasturte guztian zehar, Tolosako ikasleak udaltzainez lagunduta bizikletaz edo patinetez modu arduratsu, ordenatu eta seguruan ikastetxera joatea. Izan ere, ikasturtean zehar haur eta gazte asko dira goizero talde txikitan elkartzen direnak ikastetxeetara patinetez zein bizikletaz joateko, baina modu sakabanatuan eta inolako zaintzarik gabe egin ohi dituzte joan-etorriak.

Egoera hori zuzentzen jarraitze aldera, iaz martxan jarritako ekimen honek jarraipena izango du aurtengoan ere. Irailaren 8an ekingo zaio hain zuzen ‘Bizibusa’ Karabanari. Ikasturte osoan zehar, goizeko 08:30ean Triangulo plaza izango da karabana honen abiapuntua. Horretarako, herriko ikastetxe orori luzatu zaio ekimenean parte hartzeko gonbitea.

Segurtasuna eta formakuntza ardatz

Ikastetxeen Karabana LH 3tik 6ra bitarteko ikasleei zuzenduta dago eta esan bezala, Triangulo plaza izango du abiapuntu, egunero, astelehenetik ostiralera, goizeko 08:30ean.

Ikasleen segurtasuna helburu izanda, ikastetxeetara joateko bideari ekin aurretik, haurrek bide heziketa formakuntza jasoko dute egunero, herritik bizikletan behar den bezala ibiltzen ikas dezaten eta hartu beharreko segurtasun neurriak zeintzuk diren barnera ditzaten, besteak beste, trafikoarekin zerikusia duten istripuak saihesteko edota mugikortasun segurua sustatzeko. Esaterako kaskoaren erabilera, bizikletaren egoera edota trafikoaren seinalizazioa dira lantzen diren alderdi nagusiak eta kasu praktikoak ere lantzen dituzte.

Karabanan parte hartzen duten haurren kopurua kontuan izanik, joan etorriak bidegorritik egin ahal izango dira. Kasu horretan udaltzainak taldearen aurretik zein atzetik joango dira bizikletan, taldea ikastetxeraino babestuz. Taldea handia izanez gero, gehieneko 30km/h abiadura duen errepidetik egingo da ibilbidea eta kasu honetan ere, udaltzainak taldearen aurretik eta atzetik joango dira motorrarekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA