Olatz Peon Ormazabal: 'herritarrei autobus urbanoaren zerbitzua bermatzea da gure lehentasun nagusia'

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/06/22 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Gauzak horrela, aldi baterako, zerbitzua emateko ardura bere gain hartuko du Udalak langile eta enpresaren arteko gatazka konpontzen den arte eta datozen egunetan HIRIBUS zerbitzua berriz ere martxan jarriko da normaltasun osoz

  • Tolosarrak zerbitzurik gabe geratzeko arriskuaren aurrean hartutako erabakia izan da, ELA sindikatoa (langileen izenean) eta CUADRA autobus konpainia ez direlako akordio batera iritsi

“Udal gobernu honen kezka nagusia da herritarrek gatazka honen ondorioak pairatzen ez jarraitzea, baita gatazka bera ere, eta herritarrei autobus urbanoaren zerbitzua bermatzea izan da eta da gure lehentasun nagusia” adierazi du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak Hiribus zerbitzuari buruzko gaur egindako agerraldian.

Jakina denez, Tolosaldea Bus enpresak bi zerbitzu eskaintzen ditu, bata Tolosaldeako autobus zerbitzuarena Foru Aldundiaren eskumenekoa dena, eta bestea, urbanoa, Udalak esleitzen eta eskaintzen duena. Urtarrilean Tolosaldea Buseko langileek greba hasi zutenetik, udal gobernuak beharrezkoak diren bilerak egin ditu auziari konponbidea emateko. “Hasiera hasieratik errespetu osoa adierazi diegu langileei eta langile eta enpresaren arteko negoziazioari eta gure esku dagoen guztia ere egin dugu” gaineratu du.

“Baikorrak izan gara eta akordio batera iritsiko zirelakoan ginen; enpresa buruekin eta langileekin bildu gara, gure esku zegoen guztian egin dugu, baina gure lehentasuna beti zerbitzua bermatzea izan da, langileen aldarrikapenak eta eskubideak ahaztu gabe noski” azaldu du Peonek.

Tolosaldea Bus ez zen Udalak abiarazitako lehiaketara aurkeztu eta hortaz, aurkeztu zen enpresa bakarrari, CUADRA autobus konpainiari, esleitu zitzaion zerbitzua urte beterako, beste 6 hilabete luzatzeko aukerarekin. “ELAk –langileen ordezkaritzan- eta CUADRA enpresak zenbait bilera egin dituztela jakin dugu, baina CUADRAk adierazi digunez, ez dira akordio batera iritsi”. “Gatazka laboral horren aurrean, gauzatu gabe zegoen esleipenean atzera egitea erabaki du CUADRAk autobus zerbitzua normaltasunez emateko aukerarik ez duela ikusita” azaldu du alkateak.

Ezohiko egoera horren aurrean, gaur bertan tolosarrak Hiribus zerbitzurik gabe gera zitezkeela ikusita, udal gobernuak, aldi baterako, zerbitzua Udalaren ardurapean uztea erabaki du, enpresa eta langileak adostasun batera iristen diren arte, herritarrei zerbitzua bermatu ahal izateko eta herritarrak gatazka honen ondorioak pairatzeari uzteko. “Herritarrek denbora daramate autobus zerbitzu minimoekin, horregatik, langileen eta enpresaren arteko auzia konpontzen den bitartean, herritarrei zerbitzua bermatzeko helburuarekin, Hiribusa Udalak kudeatuko du eta datozen egunetan normaltasun osoz eskainiko da autobus zerbitzua” esan du Olatz Peonek. Zenbait egunez gutxieneko zerbitzuak mantenduko dira Udalak zerbitzua osotasunean eskaintzeko beharrezkoa duen pertsonala kudeatzen duen bitartean. Enpresa eta langileak akordiora iritsi bezain laster Udalak zerbitzua berriz ere esleitzeko prozesua abiaraziko du.

“Modu honetara, herritarrek zerbitzua bermatua izateaz gain, langile eta enpresaren arteko negoziazioak ere bide luzeago baterako aukera izango du, tolosarrek auziaren ondorioak jasan izan beharrik gabe. Edonola ere, eta hasieratik egin dugun bezala, errespetu osoz, gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu langileak eta enpresa buruak akordio batera irits daitezen eta sindikatu eta enpresako ordezkariei akordioetara iristeko ahalegina egin dezaten eskatzen diegu” amaitu du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA