2025/10/01 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
- Denbora mugatuko aparkaldien antolamendurako ordenantza berrituko du Udalak, eta izapidetu aurreko kontsulta publikorako epea zabaldu du.
- Herritarrek urriaren 14ra arte ekarpenak egin ahal izango dituzte.

Tolosako Udalak landu du Aparkalekuen Diagnostiko Integrala. Bereziki bi puntutan jarri da arreta: alde batetik, zona bakoitzeko aparkalekuen eskaintza osoa aztertu da, eskaintza hori ahal bezain beste optimizatzeko egon daitezkeen aukerak ikusteko; eta, bestetik, aparkaleku berriak eraikitzeko kokaleku posibleak aztertu dira, baita horien balizko ezaugarri ekonomiko, juridiko eta urbanistikoak ere.
Azterketa horien ondorioetan oinarrituta lanean dabiltza inplikatutako sailak, eta datozen asteotan aletuko dira, bai ondorioak, baita aurrera begira planteatzen diren aukerak ere. Bada, neurri horietako bat aurreratu du Udalak: TAO sistemaren berrikuspenarena.
Denbora mugatuko aparkaldien antolamendurako (TAO) ordenantza aurki berrituko du Udalak eta izapidetu aurreko kontsula publikorako epea zabaldu da, iritziak jasotzeko. Gaur egungo araudiarekin alderatuta sei aldaketa-proposamen egin ditu Udalak, bi helburu nagusirekin: TAO zerbitzua behar berrietara egokitzea, eta aparkatzeko denborak eta lur-gaineko lekuak ahalik eta erarik orekatuenean eta optimizatuenean arautzea, aparkatzeko arazoak arintzeko.
Identifikatutako arazoa
|
Ordenantzan proposatzen den aldaketa
|
Bertakoentzako TAO txartelen kopurua oso handia da: 2.901 daude, TAO eremuetan lur gainean 1.572 aparkaleku (denentzako ordainpekoa den sektore marroia kenduta) badaude ere. Egiaztatu da bertakoentzako txartelak eman izan zaizkiela garajeetako plazen titular edo emakidadunei (500 baino gehiago dira), eta murrizten du lurgainean erabilgarri dauden TAO aparkalekuen kopurua.
|
Bertakoentzako txartelaren titular izateko eskakizunak aldatzea. Ezingo dute txartelik eskuratu erroldatze-egoitzari esleitutako TAO eremuan garaje edo aparkaleku bat jabetzan, alokairuan edo emakidan okupatzeko titulua dutenek. Garaje-plaza hirugarren bati alokatu dion jabeak baimena lortu ahal izateko aparkaleku-plaza horren alokairu-kontratua aurkeztu beharko du.
|
Aparkatzeko arazoak dituzte sistema honen bidez arautu gabe dauden lekuetan bizi diren bizilagunek.
|
Gune berriak sortzea, gune horietan bizi direnentzat arazoak minimizatzeko: Iurre auzoa, Paper kalea, Araba etorbidea...
|
TAO zerbitzuaren gune batzuetan dauden aparkalekuak azpierabilita daude.
|
Aparkalekuaren izaera (TAO gune/kolorea) aldatzea, ordutegiak eta tarifak gutxituz. Adibidez, urdinak diren gune batzuk berde bihurtzea.
|
Tolosako landa auzoetako herritarrek zailtasunak dituzte erdigunean aparkatzeko.
|
Landa auzoetako herritarrei bertakoentzako baimen berezia ateratzeko aukera ematea, 3, 4 eta 5 guneetan aparkatu ahal izateko, horiek baitira gaur egun aparkaleku plaza gehien dituzten eremuak.
|
Jarduera ekonomikoei atxikita ibilgailuek ez dute gaur egun erregulaziorik, eta beharra dagoela identifikatu da.
|
Jarduera profesionalei (gremioei) atxikitako ibilgailuentzat tarifa berezia sortzea proposatzen da.
|
Ez dute bertakoen TAO txartelik, Tolosan dauden saltokien titular izan arren, Tolosan erroldatu gabe egon, eta merkataritza-jarduerarako ibilgailua erabiltzen dutenek.
|
Egoiliar-baimen bat eskuratu ahal izango dute Tolosan erroldatu gabe egon arren, udalerriko saltoki baten titular izan, eta merkataritza-jarduerarako ibilgailua erabiltzen dutenek.
|
Zergatik aldaketa hauek?
Aparkalekuen azterketak erakutsi du Tolosan, guztira, 11.236 aparkaleku daudela, izaera eta mota askotakoak: lur-azpiko aparkaleku publikoetan errotazio izaerako 359; erabilera pribatua duten 6.216 garaje; TAOrik gabeko erregulatutako 2.857 plaza; TAO bidez araututako 1.714, eta mugikortasun urriko pertsonentzako 90 aparkaleku. Tolosan erroldatuta dauden ibilgailuak (turismoak) 9.516 dira. Horiei gehitu behar zaizkie kanpotik datozenak. Azken hamarkadako bilakaera adierazgarria da: 2014tik biztanleria %6,1 hazi bada ere, %7,5 igo da gidari kopurua eta %15,2 auto kopurua.
Eremuka aztertuta, dauden aparkaleku kopuruaren eta erroldatutako turismo kopuruaren arteko balantzea eginda, 1. eta 2. eremuek, hau da, Alde Zaharrak eta Zabalguneak, balantze negatiboa dute. Hau da, aparkaleku plaza errealak baino ibilgailu gehiago daude bertan. Lehen gunearen kasua da adierazgarriena, 163 aparkalekuko balantze negatiboa baitu Alde Zaharrak gauetan. Ordenantzaren aldaketak, helburu du aparkaleku guztien, publiko nahiz pribatu, erabilera ahalik eta gehien aprobetxatzea eta optimizatzea. Gainerako eremuetan, oreka bilatu nahi izan da, aparkalekuen aprobetxamendu handiagoa egiteko, beti ere bertako bizilagunei aukerak emanez.
Aldi berean, Udala neurri gehiago hartzeko lanean da, aparkaleku aukera berriak sortzeko, edota dauden lur azpiko aparkalekuak gehiago aprobetxatzeko. Datozen asteotan emango dira xehetasun gehiago.
Nola egin ekarpenak
Ordenantzaren aldaketa izapidetu aurreko kontsulta publikoko epea urriaren 14ra arte egongo da zabalik, eta herritar orok egin ahal izango ditu ekarpenak, baita proposamen berriak ere. Lau bide daude ekarpenak egiteko:
-
Aurrez aurre: UDATEn (aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da, telefonoz edo webgunearen bidez). Ordutegia: astelehenetik asteazkenera bitarte 07:15-14:15; ostegunetan 07:15-19:00 eta ostiraletan 08:15-14:15.
-
Erregistro elektronikotik: aukera hau nahitaezkoa izango da pertsona juridikoentzat, enpresa eta elkargokide diren profesionalentzat, elkarteentzat eta nortasun juridikorik gabeko kolektiboentzat. Udaleko webguneko tramiteen atalean, erregistro orokorretik beteta erregistratu beharko da, honako dokumentu hau.
-
Posta ziurtatua. Helbidea: Tolosako Udala. Plaza Zaharra 6A, 20400 Tolosa.
-
SIR: Honako kodea erabiliz: L01200718.