Tolosako 338 gaztek Eusko Jaurlaritzako “Don’t be dummy” bide-heziketa tailerra jasoko dute bihar

Tolosako Udala
2021/02/17 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak “Don’t be dummy – zuk ez duzu ordezkorik” ekitaldi ibiltariak sortu ditu 15-20 urte bitarteko gazteentzat trafiko-istripuak prebenitzeko helburuarekin.

 

Bihar “Don’t be dummy – zuk ez duzu ordezkorik” bide-heziketa tailerra jasoko dute DBH4, lehenengo batxilergoko eta bigarren batxilergoko 338 ikaslek Tolosako Laskoain ikastetxean. Online izango da saioa, zehazki streaming bidez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak antolatu ditu ekitaldi ibiltari hauek Euskadiko 15 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Helburua da trafiko-istripuak prebenitzeko lanketa egitea. “Don’t be Dummy” saioak motorrezko ibilgailu baten gidari izateko zorian dauden, edo lagunekin batera ibilgailu batean bidaiari izango diren gazteak, errepideak dituen arriskuen inguruan eta aurretiaz har daitezkeen neurrien inguruan kontzientziatzeko beharrari erantzuten dio.

Bihar Tolosako 338 gaztek ikusiko dute saioa eta testigantza ezberdinak entzungo dituzte: suhiltzaileena, larrialdietan lan egiten duen medikuarena, ertzainarena, trafiko-istripuek utzitako biktimena… Lehen pertsonan kontatutako testigantzen bitartez gazteak hunkitu eta haiengan inpaktua sortzea bilatzen da, hausnarketara bideratzea.

Orain arte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 44 udalerritan 100 saio egin dira eta guztira 141 ikastetxek hartu dute parte. 23.570 ikusletik gora izan ditu “Don’t be dummy” programak eta 83 lekuko ausartu dira euren esperientzia pertsonala kontatzera.