Tolosako 824 gaztek Eusko Jaurlaritzako “Don’t be dummy” bide-heziketa tailerra jasoko dute otsailaren 22an

Tolosako Udala
2022/02/17 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren “Don’t be dummy – Zuk ez duzu ordezkorik” ekitaldi ibiltaria Tolosan izango da otsailaren 22an.

 

Bide-hezkuntzako programa lantzen duen ekitaldi ibiltari honek trafiko-istripuak prebenitzeko helburua dauka eta Euskadiko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta dago. Jaurlaritzako kanpaina honetan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte.

Saioa goizeko 11etan hasiko da Tolosako Leidor aretoan eta orotara Tolosako hainbat hezkuntza zentrotako 824 ikaslek hartuko dute parte.

Ekitaldian hiru lagunen zuzeneko testigantzak entzuteko aukera egongo da: Xabier Zilbeti Ibarrako udaltzainburua, Mikel Zubeldia Tolosako parkeko suhiltzailea eta bizkarrezur-muineko lesioa duen neska batek hartuko dute parte.

Bestalde, ekitaldian zehar testigantza gehiagoren bideoak ikusteko aukera egongo da: larrialdietan lan egiten duen medikua, trafiko-istripuek utzitako biktimak… Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barnea mugitzea lortzen da; bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia edukitzen dute.

Orain arte, Araba, Bizkaia de Gipuzkoako 56 udalerritan egon da programa eta dagoeneko 134 saio egin dira, eta horietan 161 ikastetxek hartu dute parte. Orotara, 30.000 ikusletik gora eduki ditu “Don’t be Dummy” programak eta 87 lekuko ausartu dira beraien esperientzia pertsonala kontatzera. Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu “Don’t be Dummy” web orrian.