Udaltzaingo modernoa, inplikatua eta gertukoa sustatzeko Udaltzaingo Plan Zuzentzailea osatzen ari da Tolosako Udala

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/10/26 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Planak 2023-26 urte bitartean udaltzaingoaren jarduna gidatuko duten erronkak jasoko ditu eta helburu du egun eskaintzen den zerbitzua momentuko zein etorkizuneko kanpo zein barne beharretara egokitzea gertutasunez herriaren zein herritarren zerbitzura lan eginez jarraitzeko.
  • Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea osatzeko udaltzaingo zerbitzuaren kanpo zein barne analisia egingo da eta udaltzaingo taldearen zein herriko eragile desberdinen ikuspegi, proposamen zein iritziak jasoko dira, 2023-26rako jardunbide amankomun eta partekatua garatzeko.

 

Tolosako Udala udaltzaingoaren Plan Zuzentzaile berria definitzen hasia da, 2023-2026 urte bitartean udaltzaingoaren jarduna gidatuko duten erronkak zein jarrai lerroak jasotzeko.

Helburua da egungo udaltzaingo zerbitzua garai zein behar berrietara egokitzen joatea, herriari zein herritarrei udaltzaingo talde moderno zein inplikatua buru izango duen zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa eskaintzeko, momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango dena.

Horretarako, baina, lehen urrats gisa, hausnarketa prozesua jarri du abian Udalak. Hausnarketa prozesu horren baitan, barne zein kanpo diagnosia egingo da; barne hausnarketa udaltzaingoak berak egingo du eta kanpo azterketa, aldiz, herriko talde eta eragile desberdinekin elkarlanean osatuko da.

Asmoa da bi azterketa horietatik jasotako emaitzak uztartuz, etorkizuneko jardunbide amankomuna definitzea.

Hausnarketa prozesuak egungo zerbitzuaren hainbat alderdi izango ditu aztergai: udaltzaingotik eskaintzen diren zerbitzuak, baliabideak, harreman kanalak, lan taldearen ezaugarriak, funtzioak, barne kudeaketa, udaltzaingoaren indarguneak, ahuleziak…

Zerbitzuaren barne diagnosia

Zerbitzua bere osotasunean aztertu eta iritzi ahalik eta osatuena lortzeko, herriari galdetzeaz haratago, udaltzaingo taldearen ahotsa jasotzea ezinbestekoa da Plana osatzeko. Ildo horretan, udaltzaingo taldea hasia da dagoeneko hausnarketa lanetan, horretarako osatutako lan-taldearen bitartez.

Barne diagnosi horretan, udaltzaingo taldeak eskaintzen dituen zerbitzuak, pertsonak (udaltzainen profilak, formazioa, lan giroa…), baliabideak (instalazioak, ibilgailuak, aplikazio informatikoak..), barne kudeaketa (koordinazioa, barne komunikazioa…), harreman kanalak eta interes taldeak (herriko talde eta eragile desberdinak) aztertuko dituzte.

Kanpo diagnosia, herriko elkarte eta eragileen eskutik

Aurrez aipatu bezala, kanpo azterketa herriko hainbat elkarte eta eragileekin elkarlanean osatuko du Udalak, udaltzaingo taldearen ikuspegi eta ikuspuntuaz haratago, herria zein herritarrena jaso ahal izateko, horiek baitira, hain zuzen, zerbitzu honen hartzaile nagusiak.

Horretarako, Udalak ondorengo interes taldeak definitu ditu: udaletxeko sail desberdinak, brigada, alderdi politikoak, sindikatua, Ertzaintza, Babes Zibila, ostalari zein merkatari  elkartea, Auzo elkarteak, elkarte gastronomikoak, ikastetxeak eta bestelako elkarteak.

Horri jarraiki, Tolosako Udalak, PFK Attest enpresaren gidaritzapean, galdetegi bat zuzendu die aurrez definitutako interes taldeei udaltzaingoaren inguruan duten iritzia jasotzeko: indarguneak, gabeziak, hobetu beharrekoak, harreman mota, udaltzaingoaren zerbitzuaren ezagutza maila…

Azterketa horren funtsa da herritarrek udaltzaingo zerbitzuaren inguruan duten iritzia ezagutu eta jasotzea, horretarako, besteak beste, zerbitzuaren indarguneak, gabeziak edota hobetu beharreko puntuak identifikatuz.

Behin lan hori eginda, kanpo zein barne azterketatik eratorritako emaitzak amankomunean jarriko dira eta momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuteko neurri edota ekintza zuzentzaileak jasoko dituen Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea osatuko da,  2023-2026 urte bitartean, herria zein herritarrekin osatutako jardunbide amankomun eta partekatua jasoko duena.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA