Kale garbiketa zerbitzua kontratatzeko esleipena abiaraztea onartu du Osoko Bilkurak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/30 | Udate (HAZ-SAC)
  • Kontratuak 4 urteko iraupena izango du eta 7.033.636,36€-tan esleituko da zerbitzua.
  • Hainbat hobekuntza txertatu dira kontratazioan herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko.

 

Uztaileko Osoko Bilkuran Tolosako kaleak garbitzeko zerbitzu-kontratuaren lizitazioari hasiera ematea onartu da. Aurreko kontratua amaitzear zenez, udalak plegu berriak prestatzeari ekin zion   herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.

Izan ere, udalaren helburuetako bat da herritarrei kalitatezko zerbitzuak bermatzea eta noski, Tolosa txukun eta atsegina eskaintzea ere. Ildo horretarik, kale garbiketa zerbitzua oinarrizko eta funtsezko zerbitzua da. Covid19aren harira, garrantzia berezia hartu duena gainera, denbora honetan kale garbiketa zerbitzua nabarmen areagotu baita egoerak eskatzen dituen osasun eta neurriak zorrotz jarraitzeko.

Covi19aren eraginez, administrazio epeak etenda egon dira denbora batez eta horrek zerbitzua kontratatzeko esleipena abiaraztea atzeratu egin du.

Guztia prest, kontratuaren zenbatekoa eta iraupena dela eta eman behar izan dio onarpena  Osoko Bilkurak. Esleipena ohiko prozedura jarraituta gauzatuko da, lehiaketa ireki btiartez eta 4 urteko iraupena izango du. Hainbat hobekuntza ere txertatu dira, bereziki makinak berritzeko helburuarekin eta hori dela eta aurrekontua handitu da. Zerbitzua 7.033.636,36 eurotan esleituko da.

Aurrekontua prestatzeko kanpo enpresa batek azterketa ekonomikoa egin du eta lan legeriak aurreikusitako kostuak kontuan izan dira eta langileriaren lan egonkortasuna bermatzeko eta ziurtatzeko gizarte klausulak ere txertatu dira pleguetan. Zehazki, langile mugagabeen kopurua gutxienez %60koa izatea  eskatu da.

750.000 euro diru laguntzetarako

Diru laguntzen eranskinean aldaketak egitea onartu da 750.000 euro Suspertu Planera bideratzeko. Dagoeneko horietatik 725.000 erabili ditu udalak autonomo eta mikroenpresei zuzendutako laguntzak martxan jartzeko eta gainerako 25.000 euroak udazkenean martxan jarriko den laguntza lerro berri baterako izango dira, Covid19aren ondorioz sektore ezberdinek egin behar izan dituzten inbertsioetan laguntzeko.

Hainbat lizitazio martxan:

Udalak, halaber, jakinarazi du azken aste eta egunotan hainbat esleipen martxan jarri dituela, besteak beste, TAO zerbitzuari dagokiona edota izurriteei lotutakoa, urtean zehar udalak egiten dituen izurriteen aurkako kanpainak gauzatzeko.

Amaitzeko, gaur ospatutako Osoko Bilkuran, besteak beste, 2019ko Tolosako Udal Sektorearen Kontu Publikoaren Kontu Orokorra behin betikoz onartu da eta bi mozio jorratu dira: bata, irregulartasun administratibo egoeran dauden etorkinentzako ezohiko erregulazio prozedura abiaraztearen aldekoa, aho batez onartu dena, eta bestea, EH Bilduren udal taldeak aurkeztutakoa, Orain Ardura herritarren ekimenaren harira, azken hau ez da aurrera atera.

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA