-
Atzoko neurri eta irizpide orokorren ondotik, gaur udalak beste hainbat neurri eta erabaki zehatz hartu ditu, besteak beste, datozen asteetan ospatzekoak ziren ekitaldi eta ekintzak bertan behera uztea edota atzeratzea, esaterako, azoka, 14 orduak, lanbide heziketa azoka edota Encounterra. Halaber, liburutegia eta Euskatelgia itxi egingo dira eta Kultur Etxeko bilera-gelak bezalaxe, Abastos eta Emeterio Arresekoak ezingo dira erabili.Udalak prentsaurrekoa eskaini du gaur, azken aste honetako ibilbidearen berri eman eta atzoko neurri eta irizpide orokorren ondotik gaur hartutako neurri zehatzak azaltzeko eta bereziki, herritarrei, ezohiko egoera honen aurrean, arduraz joka dezaten eskatzeko.
Xabier Balerdik, pertsonal saileko zinegotzi arduradunak, azaldu du, astelehenean bertan Segurtasun eta Osasun Batzordea deitu zela udalean aplikatu beharreko protokolez jarduteko eta bereziki, jendaurreko arreta prebentzio neurri guztiak hartuta gauzatzeko. Asteazken arratsaldeko Osasun Sailaren adineko pertsonei zuzendutako zerbitzu eta jarduerak eteteko gomendioari jarraituta, ostegunean lehen orduan Prebentzio Mahaia osatu zen adineko pertsonei loturiko neurriak hartzeko eta eguerdian eskolak ixteko erabakiaren ondotik, berriz ere bildu zen Prebentzio Mahaia haurrei loturiko jarduerak eta zerbitzuak eten eta edukieragatik ere hainbat espazioren itxiera aztertzeko.
Gaur goizean berriz ere bildu da Prebentzio Mahaia eta ondorengo erabakiak hartu dira:
-
Aurrez aurreko arreta, zita eskatuta
Arreta telematikoa lehenetsiko da eta aurrez-aurreko zerbitzua eskaintzen duten sailek, Udatek, Gizarte Zerbitzuak, Kultur sailak... esaterako, soilik aurretik zita eskatuta artatuko dituzte herritarrak, hau da bulegoak itxita egongo dira.
Hori dela eta, herritarrrei eskatzen zaie premiazko izapideak bakarrik egiteko jo dezatela udaletxera eta izapide telematikoak lehenestea, telefono bidezkoa edota posta bidezkoa.
Garbiketa indartu egingo da bai Udaten, Udaltzaingoan etab. eta itxita egongo diren udal eraikinetan ere garbiketa sakona egingo da.
Halaber, birusaren aurrean jarraitu beharreko jarraibideak banatu zaizkie udal langile guztiei.
2. Liburutegia, Euskaltegia eta Emeterio Arrese eta Abastoseko bilerak gelak
Udal liburutegia, bere osotasunean, itxi egingo da. Baita Euskaltegia ere eta Kultur Etxeko bilera gelekin erabaki modura, ezingo dira Emeterio Arrese eraikineko eta Abastoseko bilera gelak erabili.
3. Datozen ekitaldi eta jarduerak:
Batzuk bertan behera uztea ta beste batzuk atzeratzea erabaki dute udalak edota antolatzaileek. Gauzak horrela, bihar, ez da azokarik egingo, udalak, osasun irizpideak lehenetsi dituelako eta momentu honetan, jende pilaketak saihestea lehentasunezkoa delako.
Edonola ere, astelehenean, baserritar eta ekoizleekin bilera egingo da zein neurri hartu adosteko eta elikadura salmenta berme guztiekin egiteko, bai ekoizle eta saltzaileei begira, eta baita kontsumitzaile eta erosleei dagokienean ere.
Atzo ospatu zen Zerkausian Tolosatzen Eskola Irekiaren ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, baina egoera honen aurrean, udalak, lehen topaketak, talde eta elkarteekin egitekoak zirenak, bertan behera utzi eta ekainera atzeratzea erabaki da.
Gipuzkoa Encounterra ere ez da ospatuko eta antolatzaileek dirua itzuliko diete izen emandako guztiei.
14 orduak proba atzeratzeko erabakia ere hartu dute antolatzaileek.
Bertan behera geratu diren emanaldi eta ikuskizunei dagokienean (Kamerata Euskadivarius, Zaldi Urdina) , sarrerak erosiak zituzten pertsonei ere dirua itzuliko zaie. Internet bidez erositako sarrerak automatikoki itzuliko dira eta leihatilakoak itxiera amaitu ondoren (momentuz martxoaren 29 arte Leidor itxita egongo baita).
Joka dezagun zentzuz eta arduraz:
Olatz Peon Ormazabald alkateak nabarmendu du, “udaletik erantzukizun osoz jardutegia dagokigu birusaren zabalkundea moteldu eta hedatu ez dadin lortzeko, baina gizarte osoaren ardura ere bada, horregatik tolosar guztiei eskatzen diet arduraz eta elkartasunez jokatzeko eta ahal den neurrian etxean gelditzeko eta jende pilaketak sahiesteko”.
“Ezohiko egoera batean aurrean gaude eta ezohiko neurriak hartu behar ditugu; guztiok ahalegin berezia egin beharko dugu eta osasun erakundeek ematen dituzten gomendioak eta jarraibideak jarraitu, horregatik, herritar guztiei, merkatari eta ostalariei, talde antolatuei, elkarte gastronomikoei, guztiei, arduraz jokatzeko eta prebentzio neurriak areagotzeko eta zorrozteko eskatzen diet, benetan beharrezkoak ez diren jarduerak bertan behera uzteko, aisialdi guneak eta arrisku-guneak sahiesteko eta lana, prebentzio neurri guztiekin egiteko unea da, elkartasuganatik” azpimarratu du.
Martxoaren 29ra arte indarrean egongo dira aipatu neurriak, edonola ere, egoera normaltasunera itzultzen den arte luzatuko dira. “Egunero-egunero Prebentzio Mahatik jarraipen estua egingo diogu gaiari eta egunez-egun beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu herritarren osasuna bermatu eta kontagioak ekiditea delako gure lehentasun nagusia” esanez amaitu du.