-
Udalak Prebentzio Mahaia osatu du koronabirusaren eboluzioari jarraipena egin eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko.
-
Koronabirus-kutsapenak prebenitzeko eta kontrolatzeko, eta bereziki, arrisku-espazioak gutxitzeko, bihartik aurrera, itxi egingo dira Eguneko Arreta Zerbitzua, kiroldegia, haur liburutegia, Musika Eskola eta Topic eta bertan behera geratuko dira adineko pertsonei eta haurrei zuzendutako jarduerak zein aforo handia dutenak.
Udalak Prebentzio Mahaia osatu du koronabirusaren eboluzioari jarraipen zehatza egin eta egunero-egunero egoera aztertu eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko.
Gauzak horrela, herritarrak babesteko xedez, eta koronabirus-kutsapenak prebenitzeko eta kontrolatzeko, udalak hainbat neurri hartu ditu.
Adineko pertsonak dira arrisku gehien dutenak; horregatik, bereziki kolektibo honen osasuna bermatu eta zaintze aldera eta arrisku-espazioak gutxitze aldera, bihartik aurrera, eta hasiera batean 15 egunez, ez da Eguneko Arreta Zerbitzurik eskainiko.
Adineko pertsonei eta haurrei zuzendutako jarduera guztiak bertan behera:
Adineko pertsonentzako talde-ekintza guztiak bertan behera utziko dira, esaterako MUGI ekimena eta baita elkarte eta talde ezberdinek – Iturriza, Harizpe, Beti Ikasten, Beti Gazteak...- antolatzen dituzten ohiko jarduerak zein taldeko ekintzak.
Eusko Jaurlaritzak eskola isteko emandako aginduari jarraiki, eta guztiak norantza berean lan egite aldera, haurrei zuzendutako eta eskainitako zerbitzu eta emanaldiak ere bertan behera uztea erabaki du udalak. Hala, larunbateko Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en emaldia ez da ospatuko, Topic itxi egingo da eta beraz, larunbatean inauguratu behar zen erakusketa berria publikorik gabe aurkeztuko da.
Haur liburutegia eta Musika Eskola ere itxi egingo dira eta Kultur Etxea irekita mantenduko bada ere, topagunea eta bilera gelak itxita ta tailerrak bertan behera geratuko dira.
Aforoa dela eta, Kiroldegia eta kirol espazioak (Berazubi, Beotibar eta Uzturpe) bihartik aurrera ere itxi egingo dira, momentuz, martxoaren 29ra arte, eta Leidor aretoa ere ixtea erabaki da; beraz, asteburu honetan ez da zine saiorik egongo eta biharko antolatuta zegoen Kamerata Euskadivarius kontzertua ez da eskainiko.
Amalur ekitaldiei dagokienean, gaurko hitzaldia mantenduko da, baina biharkoa ez da ospatuko.
Tabernariei zuzendutako hainbat prebentzio neurri:
Udaletik tabernariei prebentzio neurriak areagotzeko eskatu zaie. Besteak beste, garbiketari modu berezian erreparatzea espazio, mahai, edalontzi, plater eta mahai-tresnei dagokienean, aforoa kontrolatzea beharrezkoa den aksuetan eta arduraz jokatzea janariari dagokionean ere.
Herritarrentzako gomendio orokarrak:
-
Eskuak maiz garbitu.
-
Ahoa eta sudurra estali ukondoaz edo zapi batez, eztul edo doministiku egitean. Zapia berehala bota eta eskuak alkoholezko oinarria duen desinfektatzaile batekin edo uraz eta xaboiaz garbitu.
-
Adinekoengandik edo gaixotzeko arriskua duen jendearengandik metro bateko distantzia mantendu, artapenak gehiago hurbiltzea eskatzen duen kasuetan izan ezik.
-
Ez kontaktatu adinekoekin, profesionalek sukarra edo arnas-siontomak baldin badituzte.
-
Begiak, sudurra eta ahoa ukitzea saihestu.
-
Sukarra edo arnas-sintoma arinak izanda lantokira joatea ekidin eta medikuarekin harremanetan jarri.
Udaletik lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute eta herritarrei erantzukizunez jokatzeko deia egin. Ezohiko egoera baten aurrean, eta osasun publikoko arazo medio, hartu beharreko prebentzio neurriak dira, birusaren zabaltzea ekiditeko.