Tolosako Udalaren 17 dirulaguntza-lerrotan eskaerak egiteko epea zabalduko da bihar

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/05 | Udate (HAZ-SAC)
  • Etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzetan, hiru lerro berri sortu dira: EITak egin beharrekotzat jotzen dituen lanetarako bi, eta hirugarrena, bizitegi-eraikin gisa hartzen ez diren eraikinen irisgarritasuna hobetzeko (esate baterako, elkarteak).
  • Lerro berri bat dago: banakako kiroletan aritzen diren eliteko kirolariei bideratutakoa, txapelketak lehiatzera joateko gastuekin laguntzeko.


Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Udalaren dirulaguntza-deialdi bateratua, Tolosako herritar eta eragileei zuzendutakoa, lerro bakoitzaren oinarriak biltzen dituena.

Guztira, 675.000 euro inguru banatuko ditu Udalak deialdi honen bitartez, lehia bidezko eta lehiarik gabeko 17 dirulaguntza-lerrotan banatuta. Horiez gain, Udalak laguntza gehiago ere bideratuko ditu: dirulaguntza izendunak —elkarteei zuzenean esleitzen zaizkienak—. Aurten beranduago argitaratuko dira garapen ekonomiko eta merkataritza alorreko laguntzak; baita, ohikoa den bezala, inauteriekin lotutakoak ere.
 
Hezkuntza-alorreko dirulaguntzei dagokienez, martxoan argitaratu zen deialdia, eta aurki emango da ebazpena. Ikastetxeekin hala adostuta, Udala lanean ari da hurrengo deialdia, 2025-2026 ikasturteari dagokiona, ikasturte hasieran argitaratzeko; hartara, ikasturte hasieran jakingo dute ikastetxeek zenbateko dirulaguntza duten.

Berrikuntzak: etxebizitzak birgaitzeko eta eliteko kirolarientzako lerro berriak

Etxebizitza, Gizarte Zerbitzu, Hirigintza, Euskara, Kultura, Gazteria, Berdintasun eta Kirol arlokoak dira dirulaguntzak. Aurreko urteetako ia lerro guztiak mantentzen dira, baina badira zenbait aldaketa esanguratsu iazko deialdiarekin alderatuta.

  • Hirigintzan, adibidez, hiru lerro sortu dira. Horietatik bi bizitegi-eraikin edo etxebizitzetan egindako obrak laguntzeko dira: Etxebizitzen Ikuskaritza Teknikoan beharrekotzat jo diren lanetarako –lerro bana elementu komun eta pribatiboetarako–. Hirugar gainerako lerroetan bizitegi-eraikin gisa hartzen ez diren bestelako eraikinen irisgarritasuna hobetzeko lanak laguntzeko da. Azken horren sorrerarekin, irabazi-asmorik gabeko elkarteak —elkarte gastronomikoak, adibidez— irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzen onuradun izan daitezke aurrerantzean.
  • Eremu sozialean, berriz, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren arloan lan egiten duten Tolosako irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat bideratutako bi lerro zeuden orain arte: proiektuak, programak eta ekintzak sustatzeko bata, eta elkarteen mantentze-gastuena bestea. Bada, egin beharreko izapide eta justifikazio-lanak errazte aldera, bi lerroak bakarrean bateratu dira, eta hortaz, behin egin beharko da lan hori.
  • Kirol-esparruan, instalazioen grebak kirol-taldeei ekarri zizkien ondorioak arintzeko iaz sortutako ezohiko lerroa desagertu da, eta berri bat sortu da: banakako modalitateetan lehiatzen diren eliteko, goi-mailako edo errendimendu handiko kirolariei txapelketa ofizial edo nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko gastuekin laguntzeko.
  • Euskara ikasteko dirulaguntzetan dago beste aldaketa esanguratsuenetako bat, areagotu egingo baitira euskaltegietan euskara ikasteko banatzen diren laguntzak: A1, A2, B1 eta B2 mailatan, % 75etik % 95era igo da laguntzaren ehunekoa; C1 mailan, % 50etik % 75era; C2 mailan, berriz, % 25etik % 50era.

Eskaerak, bihartik aurrera

Dirulaguntza-lerro horietako bakoitzerako eskaerak bihartik aurrera egin ahal izango dira, Udalaren egoitza elektronikoan; hau da, webguneko tramiteen atalean, edo UDATEn, herritarren arreta-zerbitzuaren bulegoan.

Eskaerak egiteko epeak aldakorrak dira, lerroen arabera. Eperik laburrena 20 egun naturalekoa da —hau da, jai egunak barne—; hortaz, maiatzaren 26a baino lehen egin beharko dira izapideak. Beste kasu batzuetan, berriz, epea zabalagoa da.

Eskaerak erregistro elektronikotik nola egin jakiteko gida eta bideoak eskuragarri daude webgunean. BakQ ziurtagiri elektronikoa nola eskuratu ere azaltzen da orrialde horretan.

Informazio gehiagorako, dagokion sailarekin ere jarri ahal izango da harremanetan, 010 (deia Tolosatik bertatik egiten bada bakarrik) edo 943 65 44 66 telefono zenbakira deituta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA