-
Besteak beste etxean geratzea, erosketak astean behin eta soilik beharrezkoa denean egitea, adineko pertsonak erosketarik ez egitea, ezarritako arauak eta horiek betearazten dituztenak errespetatzea, telelana edo lan ez presentziala sustatzea gutxieneko jarduera ekonomikoa mantentzeko eta egoera aldakor honetan, behar izanez gero 010 telefonora deituta laguntza eskatzea.
Gaur goizean, 8:30ean, bildu da berriz ere Prebentzio Mahaia egoeraren jarraipena egin eta hainbat gai jorratzeko.
Udalak lanean jarraitzen du herritarrei zerbitzua eman eta tolosarren beharrei erantzuteko. Osasuna lehenetsi da, noski, egoera honetan, baina jada udalean beste hainbat alor ere lantzen eta aztertzen hasiak dira eta datozen egunetan poliki-poliki horien berri emango da.
Gaurkoan udalak hainbat gomendio eta jarraibideetan jarri du azpimarra:
1. Etxean geratu eta erosketak astean behin egin:
Osasun larrialdi baten aurrean gaude eta beraz, ezinbestekoa da etxean geratzea eta soilik beharrezkoa den kasuetan ateratzea kalera: erosketak egin, farmaziara joan...
Erosketak ez dira egunero egin behar, astean behin baizik eta soilik beharrezkoa dena erosteko.
Kalera ateratzean ere, arduraz jokatu behar da, ezin da kalean hizketan gelditu, 1,5 metroko distantzia mantendu behar da eta babes neurriak hartu.
Saltoki handiei dagokienean, udala guztiekin harremanetan jarriko da segurtasun neurriak kanpoan ez ezik, barruan ere har ditzaten. Edukiera are eta gehiago kontrolatu beharko dute eta erosketak egiteko ibilbideak zehaztu, herritarrak ez daitezen pilatu erosketak egiten, jende pilaketak ekiditea ezinbestekoa delako.
Adineko pertsonei dagokienean, udaletik 70 urtetik gorako adineko pertsonei dei egin zaie beren egoera ezagutzeko eta laguntzarik behar ote duten jakiteko. Horietako batzuk, oraindik, erosketak egitera joaten direla jakinarazi dute, hori dela eta udaletik adineko pertsona guztiei eskatzen zaie etxean geratzeko eta erosketak egitera ez ateratzeko. Erosketak egiteko laguntza behar izanez gero 010 telefonora deitu.
2. Arauak errespetatu:
Udaltzain zein Ertzainek emandako aginduak eta alarma egoera honetan, Errege Dekretuz, ezarrita dauden arauak errespetatu egin behar dira, ezin dira komunitateko espazio amankomunak erabili festak antolatzeko, kirola egiteko edota beste edozein jardueretarako. Eremu partekatuak pribatuak badira ere, egoera honetan, udaltzaingoak eskumena izango du horietara sartzeko. Horrelako kasurik ematen bada neurriak hartuko dira.
Gogorarazi nahi da, langile horiek, ezarri diren arauak betearazteko daudela eta baita herritarrei zerbitzu eta laguntza emateko ere, eta hortaz, errespetu guztia zor zaie.
3. Telelana edo lan ez presentziala sustatu:
Udaletik, halaber, ahal den kasuetan eta ahal den neurrian enpresetan telelana sustatzeko eskaera luzatu dute, momentu honetan etxean geratzea lehentasunezkoa delako, baina ahal den neurrian, noski, gutxieneko jarduera ekonomikoa mantenduta.
Udalak ere telelana sustatu du bere langileen artean, eta oinarrizko zerbitzuak izan ezik (Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Herritarren Arreta Zerbitzua), gainerako sailetako ia langile guztiak etxetik ari dira lanean. Sailetako lanaren jarraipena egiteko ere protokolo bereziak sortu dira. Helburua da, administrazio prozesuak etenda badaude ere, lanak aurreratu eta normaltasunera itzultzean guztia ahalik eta azkarren martxan jartzea.
Udaletik jakinarazi dute, osasun arloko neurri eta erabakiei lehentasuna eman zaiela, baina ondorio ekonomikoei aurre egiteko neurriak ere oso presente dituztela eta horiek gainerako erakundeekin elkarlanean garatuko dituztela.
4. Behar izanez gero laguntza eskatu
Egoera aldakorra da, egunetik egunera behar berriak sor baitaitezke. Horregatik, udala, sor litezkeen egoera eta behar berriei aurre hartu eta erantzuteko lanean ari da, bolondres talde eta eragile ezberdinekin.
Edozein herritarrek laguntza behar izanez gero, deitu dezatela 010 telefonora eta udalak,, laguntza sareakin elkarlanean, bideratu eta erantzungo ditu behar horiek.
Halaber, beste behin, Udaletik eskerrak eman nahi dizkiete beren laguntza eta baliabdieak udalaren eta herritarren eskura jarri dituzten norbanako eta enpresei. Balioan jarri eta azpimarratzeko da tolosarren eta Tolosako enpresen konpromisoa eta eskertzekoa eta txalotzekoa izaten ari zareten jarrera eta erantzuna.