Udate leihatila bakarreko Herritarren Arreta Zerbitzu eraberritua zabalik asteartetik aurrera, maiatzak 7

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/05/06 | Udate (HAZ-SAC)
  • Udaleko tramite guztiak, zein beste administrazioetako hainbat, Udaten bertan egiteko aukera izango dute. Horretarako Udaleko tramite guztiak errebisatu dira, eta herritarrentzako ahalik eta errazen bilakatu, udaleko prozedurak egokitzearekin bat. Horrez gain, espazioa berritu da ere, langile gehiago jarri eta ordutegia zabaldu: 7:15etatik 14:15etara astelehenetik ostiralera, ostegunetan ezik, arratsaldez ere zabalik egongo baita, 7:00etatik 19:00etarako ordutegian.
  • Izapideen makina automatikoa ezarriko da gutxi barrura ere: erregistroa, errolda ateratzea, txartelarekin ordainketak, kontsultak... Auto-zerbitzu izaera du, banketxeetako kutxazainen antzera, eta Udate baino ordutegi zabalagoan egongo da herritarren eskura, asteburuak barne.
  • Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi du herritarren artatzean “salto kualitatibo handia” eman duela Udalak Udate leihatila bakar bihurtuta: “aldaketaren erdigunean kalitatezko zerbitzua ezarri dugu, erraza eta erosoa. Puntu bakar batean artatu eta eskaera edo behar oro berehala bideratua izatea. Administrazioa mugitzea, eta ez herritarra”.

Urtea atzera Udal barruan hasitako zerbitzuaren berregituraketa lanketa garatuta eta otsailaren erdialdera abian jarri ziren eraberritze lanak amaituta, bihar zabalduko da Udate Herritarren Arreta Zerbitzu berria. Leihatila bakarrean izango du herritar orok Udala zein administrazioa. Zerbitzu integral eran birsortu da, Olatz Peon Ormazabal alkateak aurkezpenean nabarmendu duen eran “tramiteak era azkarrago, erosoago eta pertsonalizatuago batean egitea ahalbidetuz herritarrei”.

Tolosako Udalak udal barruan administrazioaren kudeaketaren modernizazioan, sinplifikazioan eta arrazionalizazioan, zein administrazio elektronikoaren ezarpenean pausuak eman ditu azken urteetan. Duela urtebete inguru, Udalaren sarrera den Udate zerbitzua hobetzeko prozesua jarri zen abian, Udaleko departamentu guztiak inplikatuz bertan, herritarren beharrei erantzuteko orduan kalitatea areagotzea izanik helburu nagusi.

Hori oinarri, Udalaren tramite guztiak banan banan errebisatu dira, guztira 250tik gora, eta lanketa egin da herritarrei ahalik eta prozedura xeheenak eman, edozein tramite egikaritzea erraztu eta bere tramitazioa ahalik eta gehien sinplifikatuz. Aro berri honetan ere espediente elektronikoa inplementatu da.

Prozesu honen emaitza da Udate leihatila bakar bihurtzea. Denbora gutxira, pixkanaka, tramite guztiak bertan eskainiko dira.. Olatz Peon Ormazabalek azaldu duenez, “Udala puntu bakarrean izango du herritarrak, tramite guztiak bertan eginez behin egokitzapena burutzean”: eskaerak, erregistroak, baimenak, lizentziak, instalakuntzen erreserba, iradokizunak, diru-laguntza eta laguntza ezberdinen tramitazioa, errolda, tasa eta zergen kudeaketa, ordain-agiriak, ordainketak, obren bueltako tramitazioa, hirigintza alorreko tramiteak, zerbitzu eskaerak eta fakturazioa. Alkatearen iritziz, eraldaketa honek “ahalbidetuko du eskaera pertsonalak bideratzea, herritarrei tratu pertsonala eta indibidualizatua ematea, izaera orokorreko eskaera guztiak eskaini ahal izatea, eskaerei arinago erantzun ahal izatea eta informazioa kanalizatzea, herritarrek eskaerak zentralizatuta eduki ditzaten”.

Hori horrela, zerbitzuaren izaera berria kudeatu ahal izateko, zituen 3 langileetatik 5 izatera pasa da: 4 harrera zerbitzuan eta 1 ordezko moduan. Arreta zerbitzuan egongo diren langile guztiak trebatu dira tramite guztietan. Horrez gain, espazioa bera ere eraberritu da, herritarra behar den moduan artatua izan dadin, eta baita aurrerapen teknologikoak txertatzeko ere. Postu bakoitzean ordainketa pasabidea ezarri da, herritarrek ordainketak Udalean bertan egin ahal izateko finantza entitateetara joan beharrik gabe. Bestalde mahaietako bat gorrei egokitua dago. Harrera mahaiez gain, tramite ugari izapide-makina bidez egiteko aukera egongo da, dela erregistroa, errolda ateratzea, txartelarekin ordainketak, kontsultak... Auto-zerbitzu izaera du, banketxeetako kutxazain automatikoen antzera, eta Udate baino ordutegi zabalagoan egongo da herritarren eskura, asteburuak barne. Azken hau gutxi barrura jarriko da abian. Alkateak nabarmendu du Tolosa “aitzindaria” dela honelako makinen ezarpenean, eta “herritarrei Udalarekin duten harremana errazteaz gainera, arinagoa eta azkarragoa bihurtzen duela”. Ordenagailua eta inprimagailua jarri dira herritarren zerbitzura tramite ezberdinak burutzeko eta baita haurrentzako txoko bat ere.

Zerbitzuaren ordutegia zabaldu da: 7:15etatik 14:15etara astelehenetik ostiralera, ostegunetan ezik, arratsaldez ere zabalik egongo baita, 7:00etatik 19:00etarako ordutegian.

Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi du herritarren artatzean “salto kualitatibo handia” eman duela Udalak Udate leihatila bakar bihurtuta: “aldaketa ororen erdigunean kalitatezko zerbitzua ezarri dugu helburu gisa, herritarrentzako erraza eta erosoa. Puntu bakar batean artatu eta beren arazo, eskaera, beharra berehala bideratua izatea. Administrazioa mugitzea, eta ez herritarra”.

216.538 euroko inbertsioa

Eraberritze lanak 8 asteko epean gauzatu dira. 5 harrera mahai eta herritarrentzako mahai bat ezarri dira, herritarrekin bilerak egiteko gune bat, itxaroteko gunea eserleku ugarirekin eta haurrentzako gunearekin, izapideak egiteko makina, eta komunak eta bestelako instalakuntzak. 216.538 euroko inbertsioa gauzatu du Udalak, BEZa barne.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA