- Aurreko edizioetako bederatzi jarduera errepikatu egingo dira; gainerako 14ak, berriz, jarduera berriak izango dira.

Irailaren 29an, irekiko da Tolosako Jabetze Eskolaren udazken-neguko jardueretan izena emateko epea. Urritik otsailera bitarteko eskaintzak 23 jarduera biltzen ditu, hortietako batzuk beste erakunde eta elkarteekin elkarlanean antolatutakoak, hala nola, Amarotz Auzo Elkartea, Andragora, Osakidetzako Osasun Komunitarioko Sarea, Zehar Errefuxiatuak edo Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saila.
Aurreko edizioekin alderatuta, bederatzi jarduerek jarraipena izango dute: emakume idazleen euskarazko eta gaztelerazko irakurketa taldeek, Batukada Feministak, Txarangorak, xilografia tailerrak, margo tailerrak, sormenezko argazkigintzak, meditazioak eta gizontasuna hizpide duten saioek, azken hau, gizonezkoei bideratuta. Gainerako 14 jarduerak berriak izango dira:
- Emakume korrikalari!: Maddi Sukunza Gomez prestatzaile fisiko eta irakaslearen eskutik, taldekako entrenamendu saioak eskainiko dira astelehenero (taldearen beharren arabera moldagarria), korri egin eta jarduera fisikoa egiteko: hastapen-entrenamenduak, running-a, lasterketa-teknikak eta koordinazio-ariketak.
- Mugimendu ariketak: Osakidetzako erizainek gidatuta, ariketa aerobikoak, oreka, indarra eta zoru pelbikoa landuko dira taldean, autozaintzarako.
- Ziklikoak gara: emakumeen bizitza hiru etapa ziklikotan banatzen da: menarkia, ugalketa-garaia eta klimaterio edo menopausia. Lehen eta hirugarren etapa horietan zentratutako tailer bana eskainiko da:
- Klimaterioa: aldaketak ezagutu eta partekatzea, baita elkar ulertzen, onartzen eta hobeto bizitzen lagun dezaketen gakoak eskaintzea da saioen helburua.
- Hilerokoa nerabezaroan: 11-14 urte bitarteko neskei bideratutako saioak dira. Hilerokoak eragin dezakeena ikasi, aztertu eta kudeatzeko bideak jorratuko dira.
- Generoa eta aniztasun sexuala haur literaturan: genero-rol eta -estereotipoetatik eta harreman sexu-afektibo heterosexualetatik aldentzen den haur literatura ezagutzeko saioak.
- Oinarrizko joskintza: zerotik josten ikasteko hastapeneko tailerra, josteko makina erabiltzen eta konponketak egiten ikasteko.
- Zaintza arloan euskarazko komunikazio gaitasunak: zaintza lanetan diharduten emakumeei lanerako gutxieneko euskara maila eskaintzeko saio praktikoak emango dira, adineko pertsonen zaintzan eman ohi diren egoeretarako hiztegia ikasteko.
- CCSE prestaketa: Espainiako nazionalitatea lortzeko CCSE proba prestatzeko test eta adibideak jorratuko dira tailer honetan, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Sailaren eta Sos Arrazakeriaren eskutik.
- Wikimedian emakumeak ikusgarri eginez: Wikimedia ezagutzeaz gain, idazketa eta edukiak hobetzeko gakoak emango dira, hizkera ez-sexista, arrazismoaren aurkakoa eta dekoloniala kontuan hartuta. Wikipedian ez dauden emakumeen artikulu sorta sortzea ere sustatuko da.
- Cu-cumbia: dantza tailer antiarrazista eta dekoloniala.
- Oinarrizko iturgintza: etxeko egunerokoan sor daitezkeen arazoak konpontzen ikasteko tailerra: tantak, buxadurak, zisternak, konketa-giltzen ordezkapena, ebaketa-giltzen kokapena eta erabilera...
- Hil arte bizi: testamentua, notarioko beste dokumentu batzuk, agurra, bizitza digitala, legatua, etab. jorratuko dira tailer honetan.
- Ikuspegi berriak: igarana modu aniztunagoan eta aberatsagoan kontatzeko tailerra. Bigarren errepublika, gerra garaia, gerraostea eta errepresio frankista ikuspuntu feministatik jorratuko dira saioetan.
- Autodefentsa feminista: teoria feministan murgilduko da, errealitatea ulertzeko, egunerokoaren matxismoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko gakoak izateko, indarkeria ikusgarri eta ikusezinak identifikatuz.
Deskargatu 2025eko udazken-udaberriko eskaintzaren liburuxka. Bertan daude ekitaldi bakoitzaren inguruko informazio osagarria, datak, eta gainerako xehetasunak.
Izena emateko epea irailaren 29an, astelehena, zabalduko da, udaleko webgunean. Jarduera hasi baino hiru egun lehenagora arte izango da izena emateko aukera. Internet bidez izena emateko zailtasunik izanez gero, laguntza eska daiteke Andragoran, 943 00 89 67 edo 688 86 90 23 telefono zenbakietan, edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita.
Matrikula formalizatzeko, jardueraren prezioa ordaindu behar da ikastaroa hasi aurretik. Ordaintzeko azken eguna, jarduera hasi baino bi egun lehenagora artekoa izango da. Ordurako ez bada egin, baja eman eta itxaron zerrendako lehenak hartuko du tokia.
Interesdun asko daudenez, ahalik eta parte hartzerik altuena bermatu nahian, Berdintasun Sailak eskatu du erantzukizunez jokatzea izena ematerakoan, eta soilik parte hartzea berma daitekeen ikastaroetan izena ematea. Aurrez abisatu gabe edo justifikaziorik gabe bi saiotara joaten ez direnek, ezingo dute Jabetze Eskolaren hurrengo denboraldiko jardueretan parte hartu. Behin ikastaroa hasita utzi nahiko balitz, Berdintasun Sailari jakinarazi beharko zaio.
Beste hitzaldi bat
Jabetze Eskolako jarduera-sortatik harago, Berdintasun Sailak beste hitzaldi bat antolatu du urriaren 1erako. Ekuatore Gineako lesbofobia izango da hizpide ‘Herencia colonial y lucha colectiva’ izenburupean. Nguema Mangue, SPDM (Munduaren parte gara) Ekuatore Gineako LGTBI kolektiboko kideak emango du hitzaldia, Zuriñe Rodriguez kazetari eta Sudergintza kooperatibako kidea moderatzaile lanetan dela. Hitzordua 19:00etan izango da Andragoran.