ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen erabilera eta funtzionamendurako erregelamendua hasieraz onartuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/05/15 | Berdintasuna
  • Era berean, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat gaueko eta eguneko arretarako udal zerbitzuan aldaketak egitea onartu da.

 

Ostiralean, maiatzaren 12an Aparteko Osoko Bikura egin zen bi puntu onartzeko, batetik, ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxearen erabilera eta funtzionamendua arautzeko Udal Erregelamendua eta bestetik bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko eta eguneko arretarako zerbitzuaren aldaketa. Biak aho batez onartuak izan ziren.

Hasieraz onartu zen ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen erabilera eta funtzionamendua arautzeko Udal Erregelamendua, emakumeekin elkarlanean, parte hartze prozesuan, landua izan dena. 

Erregelamenduak zehazten ditu helburuak, erabiltzaileak, printzipioak eta jarduera ildoak, espazioaren deskribapena eta erabilerak, antolaketa eta kudeaketa eredua, eskubideak eta betebeharrak, besteak beste. Erregelamendua erakusketa publikoan egongo da 30 lan egunez, iradokizunak egiteko.

Bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutako gaueko eta eguneko arreta zerbitzua

Aparteko Osoko Bilkuran  bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko eta eguneko arretarako zerbitzuaren aldaketa egitea onartu zen. Izan ere, zerbitzu publiko integral berria  udalekotu eta abiarazteko zerbitzua bera sortu eta zerbitzua zeharkako eran kudeatzeko zerbitzu-kontratua esleitzeko prozesua gauzatu ondoren, deialdi hutsik deklaratu behar izan zen 2023ko urtarrilaren 3an.

Espediente berri bati ekin zitzaion orduan eta espediente berriaren baitan, Gizarte Zerbitzuen sailak hainbat irizpide berrikusi ditu eta memoria teknikoan aldaketak egin dira zerbitzuaren kalitate teknikoa eta lan taldearen kudeaketa hobetzeko beharrezko baliabide pertsonalak bermatze aldera. Besteak beste egin diren aldaketak dira: eguneko ordutegian, zerbitzuan gutxienez bi profesionalez osatutako lan taldea egotea, gizarte esku-hartzeko eta koordinatzeko teknikari bat eta eginkizun anitzeko zaindari bat; zerbitzuaren zuzendaritzarako figura egotea zerbitzuaren kudeaketa egokia bermatzeko, eta eguneko arreta zerbitzua urte osoan eskaintzea, astelehenetik ostiralera jai-egunetan izan ezik. Neurri horien bidez bermatu nahi da zerbitzuan gizarte esku-hartzea etengabekoa izatea, lan-taldeak jardunketa egokia egiteko oinarrizko baliabideak izatea eta  zerbitzuaren jarraikortasuna, egonkortasuna eta eraginkortasuna.

Aldaketa horiek guztiek eragina izan dute zerbitzua egoki kudeatzeko beharrezkoak diren baliabide pertsonaletan eta zerbitzua eskaintzeko osatu beharreko lan taldean, ondorioz, zerbitzuaren kostuaren berrazterketa ere egin da. Zerbitzuaren aldaketak onartuta, jarraian abiatuko da lizitazio berria.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA