Ekintza egitarau anitz eta zabala udazken-negu honetarako Tolosako Jabetze Eskolan

Tolosako Udala
2022/09/12 | Berdintasuna
  • Guztira 17 ekimen desberdin antolatu ditu, horien artean hainbat tailer, ikastaro, hitzaldi edota emanaldi.
  • Ekintza guztiak irailaren amaieratik otsaila bitartean eskainiko dira eta izen-ematea dagoeneko zabalik dago https://tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean.

 

Berdintasun sailak datorren udazken-negu honetarako Jabetze Eskolaren jarduera-programa aurkeztu du, anitz bezain zabala. Guztira 17 dira antolatutako ekimenak, Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun sailarekin, Udal Liburutegiarekin, Gazteria arloarekin, Musika Eskolarekin eta zenbait elkarterekin elkarlanean. Egitarauaren baitan mota askotariko ekintzak topa ditzakegu, hala nola, tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak edota emanaldiak.

Jabetze Eskola emakumearen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzera bideratutako espazioa da, gizarte justu, anitz eta osoago bat lortze aldera garatutako espazioa, alegia. Horrela, berdintasuna eta feminismoa ardatz izanik, mota askotariko ekintzak eskainiko ditu udazken-negu honetan.

Egitarauaren baitan jasotako ekimenetako batzuk emakumeek kultura- eta arte-esparruetan duten parte-hartzearekin lotuta daude. Beste batzuk ongizate emozionala, gorputzekoa eta sexu-afektiboa sendotzera zuzenduta daude, ikuspegi feministatik. Era berean, teknologia berriak eta elektrizitatea bezalako eremu maskulinizatuetan emakumeen gaitasunak handitzeko tailerrak ere eskainiko dira. Tokiko eta nazioarteko praktika ekofeministak ezagutzeko aukera ere zabalduko da eta ez dira faltako indarkeria matxistari aurre hartzeko eta erantzuteko guneak, autodefentsa feministako tailerren eta antzerkiaren bidez, hain zuzen. Horrez gain, neskatila gazteei zuzenduriko boxeo ikastaroa ere antolatu du. 

Jarduera guztiak aurrez aurrekoak izango dira, beharrezko edukiera eta osasun neurriak errespetatuz zein bermatuz. Dena dela, osasun-egoera berri baten aurrean, jarduera edo saio batzuk telematikoki eskainiko lirateke. Hauek dira udazken honetarako antolatutakoak:

  • Irrintzi tailerra
  • Autoestimua, konfidantza eta jabetzea
  • Batukada feminista
  • Xilografia tailerra (linoleo gainean): sormena eta aldarrikapenak
  • Argazkilaritza dokumentala begirada feministetatik
  • Munduko emakumeen literatura taldea
  • Eskuak argitara!Autosufizientzia elektrizitatean
  • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea
  • Emakumeak musika geletan
  • Emakume margolariak itzalean: piztu ditzagun argiak!
  • Boxeo ikastaroa (9-14 urteko neska gazteentzat)
  • Autodefentsa feminista
  • Erotika tailerra: gorputza boteretzea

Guretzako: jatorri anitzeko emakumeentzako gunea

Ohi bezala, aurtengoan ere beste hainbat ekimen berezi antolatu dira Jabetze Eskolako “Guretzako” gunean garatzeko. Aipatu espazio hori jatorri anitzeko emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena.

Lau ekintza egingo dira espazio honetan:

  • Mugitu mugikorrarekin!
  • Alternatiba ekofeministak eraikitzen: ingurumenaren degradazioa, klima-aldaketa eta desplazamendu behartuak.
  • “Las poderosas” antzerkia eta solasaldia
  • Xaboi naturalak egiten ikasteko ikastaroa

Izen ematea zabalik

Ekintza horiek guztiak irailetik otsailera bitarte eskainiko dira eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, matrikulazioa dagoeneko zabalik dago https://tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean eta interesdunek ekintzaren data baina bi egun lehenago arte eman ahal izango dute izena.

Izapideak online egin behar dira, baina, zailtasunik izanez gero, informazioa edota laguntza eskatzeko 943 67 03 83 telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi.

“Guretzako” gunearekin harremanetan jartzeko: 646057080 / migrazioa@tolosaldea.eus