- Erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko deia egin die Udalak herritarrei, San Joan jaiak errespetuan, berdintasunean eta askatasunean igaro daitezen.
- Tolosako Udaltzaingoak 24 orduko arreta zerbitzua eskainiko du: 943 67 58 58 telefono zenbakian.
San Joan jaien atarian, eta azken aldian gertatutako eraso sexisten aurrean, Emakumeen aurkako sexu indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko adierazpen bateratua egin du Tolosako Udalak.
0 tolerantzia emakumeen aurkako indarkeria matxistarekiko
Udalak gogorarazi du emakumeek jaiak askatasun osoz gozatzeko eskubidea dutela eta jaiek emakumeen aurkako indarkeria martxistarik gabeko gozamen eta ospakizun gune izan behar dutela, jaien testuinguruan DENAK EZ DUELAKO BALIO.
Jaietako aisia eta gozamena emakumeen eskubidea da, eta eskubide hori berdintasunean gauzatzeko aukera izan behar dute. Jaietako sexu indarkeria emakumeen askatasunaren, mugikortasunaren eta segurtasunaren aurkako erasoa da, gizartean errotuta dagoen indarkeria sexistaren eta matxismoaren adierazlerik ankerrena.
Sexu-erasoak pertsonen giza eskubideen eta askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta ONARTEZINAK. Horregatik onartezina da erasotzaile batzuk, jaia inpunitate gune bilakatu nahi izatea, esparru hauetan erasoan jarraitzeko. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxistaren ondorio baizik. Horregatik, Tolosak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean 0 tolerantzia agertu nahi du, Tolosak jai berdinzaleak nahi dituelako, askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jaiak, emakumeak aske diren jaiak nahi ditugu, eta ez ditugu onartzen, ezta onartuko ere inolako eraso sexistarik.
Erasotzaileek ez dute tokirik gure herrian eta irmotasunez erantzungo diegu beti eraso sexistei. Gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen diogu herriari; Gizarte eta estamendu guztien jarrera aktiboa ezinbestekoa delako behin betikoz indarkeria matxistarekin amaitzeko; jaiak libre eta bake giroan igarotzeko, emakume bat bera ere gehiago ez dadin erasotua izan, ez jaietan, ezta bere egunerokoan ere.
Bide horretan, gizonezkoak aktiboki behar ditugu MATXISMOaren AURKAKO PAKTO BAT EGITEKO, haien erantzunkizunaz ohartarazteko, indarkeria matxista errotik ezabatzeko ez daitezen konplize izan erasoen, tratu txarren eta sexu-indarkeriaren aurrean.
24 orduko arreta zerbitzua 943 67 58 58 telefono zenbakian
San Joan jaietan indarkeria matxistaren aurkako kanpaina egingo du Udalak. Batetik, #LIBRENonahi kalkamoniak banatuko dira eta eskuragarri egongo dira, baita ere, eraikin publikoetan.
Horrez gain, JOKA SANO kartelak jarri dira herrian zehar eta herriko panel digitaletan 24 orduko arreta zerbitzurako telefonoarekin. Tabernariei ere gutuna bidali zaie, eraso sexista bat gertatuko balitz jarraitu beharreko gomendioekin.
112, SOS Deiak APPa erasoen sexisten aurrean laguntza eskatzeko
Aplikazio honekin herritarrak zuzenean komunikatu ahal izango dira Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko zentroarekin (112 SOS Deiak). APPa mugikorrean deskargatu behar da eta larrialdi kasu ezberdinetan laguntza eskatzeko balio du: eraso sexistak, genero indarkeria, lapurretak edota istripuak, esaterako.
Deskargatu APPa hemen: