Erabateko gaitzespena, Tolosan salatutako sexu-erasoen aurrean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/01/29 | Berdintasuna
  • Udalbatzak aho batez eta modu irmoan arbuiatu ditu gertakariak, eta Tolosako Mugimendu Feministarekin batera elkarretaratzea deitu du gaurko. 19:00etan izango da, Plaza Zaharrean.

 

Tolosako Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin, modu irmoan gaitzetsi ditu Tolosan salatu diren bi sexu-erasoak.

Tolosaldeko osteopatia-kontsultategi batean sexu-erasoak egiteagatik bi salaketa jaso eta gero gizon bat atxilotu zuela jakinarazi zuen Ertzaintzak atzo arratsaldean. Albistea zabaldu ondoren jakinarazi zion Ertzaintzak udalari gertakariak Tolosan bertan izan zirela.

Udalak berehalakoan jarri zuen martxan larrialdietako protokoloa, eta gaur goizeko lehen orduan Larrialdietako Mahaiaren urgentziazko bilera izan da, Berdintasun Saileko eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin, Mugimendu Feministako kideekin. 

Ertzaintzak jakinarazi duenez, biktima gehiago egon litezke, eta halakorik jasan duten emakumeei Tolosako ertzain-etxean salaketa jartzeko dei egin die. Halaber, Udalak erasoak jasan dituzten emakumeen eskura jarriko ditu baliabide guztiak, hala nahiko balute, doako laguntza psikologiko eta juridikoa eskainiz.

Andu Martinez de Rituerto alkateak, elkartasuna azaldu die biktimei, eta «gisa honetako erasoen aurrean, zero tolerantzia» izango dutela aitortu du: «erabat arbuiagarriak dira jarrera hauek. Behin eta berriro errepikatuko dugu ez dutela tokirik gure gizartean. Era berean, babesa azaldu nahi diet biktimei, eta beren intimitatea errespetatzeko eskatu».

Tolosako Udalak, Mugimendu Feministarekin batera, elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako. 19:00etan egingo da, Plaza Zaharrean. Manifestu bateratua irakurriko dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA