- Tolosako Udalak, Martxoak 8: Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan prestatu dituen ekintza-sorta eman du ezagutara: hitzaldiak, mahai ingurua, ikuskizuna eta film laburrak. Bat egin du Mugimendu Feministak deitutako grebarekin: “Emakumeok planto / Nosotras paramos”.
- Pasa den otsailaren 26ko Osoko Bilkuran ahobatez onartu zuen Udalbatzak 'BIZITZAK ERDIGUNERA. 2019ko martxoaren 8ko Greba Feministaren aldeko mozioa'.
- Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “Emakume eta gizonen arteko egiazko eta eraginkorra den berdintasuna bultzatzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Pausuak ematen dihardugu etengabe, Tolosa berdinzaleago bat heziz”.
Datorren ostirala, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Tolosako Udalak, martxoaren 7tik apirilaren 27ra ekintza andana antolatu ditu. 'La tercera esposa' filmaren emanaldiarekin hasiko da, eta martxoaren 8ko grebak, hainbat erakusketa, mahai inguruk eta bakarrizketek emango diote jarraipena.
Jada pasa den otsailaren 26ko Osoko Bilkuran 'BIZITZAK ERDIGUNERA. 2019ko martxoaren 8ko Greba Feministaren aldeko mozioa' onartu zuen ahobatez Udalbatzak. Olatz Peon Ormazabal alkateak iaz martxoaren 8ko plantoa “mugarri” izan zela adierazi du: “Iaz, lehenengo aldiz, lan etenaldia egin genuen emakumeok indarkeria matxistak eta desberdintasun ugarik eragiten dituzten desorekak azalerazi eta aurre egiteko. Aurten ere, greba antolatu da, 24 ordukoa, eta berdintasun erreala eta eraginkorra aldarrikatuko dugu”.
Udalak greba babestuko du baliabideak jarriz, udaletxeko balkoian bandera feminista ezarriz eta greba eguneko ekintzen berri emanaz komunikazio kanal guztien bitartez.
Tolosako Udalarentzat, martxoaren 8a, alkatearen hitzetan, “konpromisoz” betetako eguna da. “Emakume eta gizonen arteko egiazko eta eraginkorra den berdintasuna bultzatzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Gaur, bihar eta urteko 365 egunetan”.
Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du berdintasun alorreko politikak sustatzen “aitzindaria” dela Tolosa: “sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatzen ditugu; udal politikan, programa eta proiektuetan genero-ikuspegia zeharkakotasunez txertatzen da, III. Berdintasun Plana, Tolosako Jabetze Eskolaren bitartez balioen transmisioan jarri ohi da azpimarra... Emakume zein gizon, berdintasunaren aldeko pausuak emateko ardura dugu, emakumeari dagokion lekua, postua, ardurak eta errekonozimendua emanaz. Etengabe, Tolosa berdinzaleago bat heziz”.
Hori horrela, Udaletik ekintza sorta programatu da datozen egunotarako:
- Martxoak 7, osteguna, 19:15ean eta 21:45ean Leidorren, zine-emanaldia: La tercera esposa.
- Martxoak 8: Greba Feminista (Tolosaldeko Asanblada Feministak antolatua).
- Martxoak 12, asteartea, 19:30ean TOPICen, Zinegoak. Gaylesbitrans 16. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia/Festival Internacional de Cine y Artes Escénicas Gaylesbitrans.
- Martxoak 13, asteazkena, 18:30ean Aranburun, Raketisten dokumentala eta mahai ingurua.
- Martxoak 15, ostirala, 19:00etan Aranburun, Raketisten ibilaldia eta La historia no contada-ren erakusketen inagurazioa.
- Martxoak 16, larunbata, 19:00etan Aranburun, Bakean dagoena bakean utzi! Binakako bakarrizketak. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai.
Erakusketak
- Raketisten ibilbidea: martxoaren 12tik- martxoaren 22ra, Aranburu Jauregian.
- La historia no contada: Martxoaren 15etatik-apirilaren 27ra
Erakusketen inagurazioa: martxoaren 15ean, 19:00etan Aranburun Jauregian