LGTBIQ+ Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira bi jarduera antolatu ditu Tolosako Udalak

Tolosako Udala
2024/06/07 | Berdintasuna
  • Zinegoak Nazioarteko jaialdia eta Kanpora Sartzen antzezlana dira Udaleko Berdintasuna Sailak egun horren bueltan antolatutakoak, sexu eta genero aniztasuna sustatzeko eta errespetuzko elkarbizitza sustatzeko helburuz.

 

 

Datorren ekainaren 28an, Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer eskubideen nazioarteko eguna ospatzen da eta horren harira, Tolosako Udaleko Berdintasuna Sailak bi ekintza antolatu ditu sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena eta sexu-ezaugarrien elkarbizitza askea eta errespetuzkoa sustatzeko.

Zinegoak film laburren zikloa

Lehenengo jarduera LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia da, Zinegoak. Aurten 21. edizioa du, Bilbon, eta datorren asteazkenean, ekainak 12, helduko da Tolosara. 

Zinema-ziklo honek LGTBIQ+ filmak ikusaraztea eta bestela ohiko zinema-merkatura iritsiko ez liratekeen filmak ikusteko aukera ematea du helburu. Tolosan, emakume sortzailek ekoiztutako sei film labur proiektatuko dira asteazkenean, 19:00etan, Topicen.

Hona hemen egitarau osoa: 

MATING | Shuyao Chen Txina, AEB | 2023 | 15 min |Txineraz, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz

Manting, 60 urteko emakume txinatarra, nerabezaroko maitale batekin elkartu da, bien ikaskide ohi bat hil ondoren. Karaoke batean egon eta gero, elkarrekin emango dute gau guztia, hirian barrena hara eta hona.

DENA ASMATUTA DAGO | Jone Arriola Euskadi | 2023 | 14 min | Euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz

Antigoaleko estetika daukan bainugela arrosa bat. Bainugelaren erdian, bainuontzi batean, bi gazte erlaxatzen ari dira, porru bat erretzen duten bitartean.

ANALOG Z LOVE | Alicia Arwgar Espainia | 2023 | 3 min | Ingelesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz

Neska batek audio batean kontatzen du nola ezagutu zuen beste neska bat autobus-geraleku batean. Nola hasten da ezezagun bat zure arretagune nagusia izaten?

PRECOZ | Alejandro Aguirre Euskadi | 2023 | 15 min | Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz

Mikelek jakin du berarekin sexu-harremanak izan dituen pertsona batek positibo eman duela GIB proban. Beldurtuta eta informazio gutxirekin, arratsalde batez aurre egin beharko dio kutsatuta egoteko aukerari. 

FLORES DE OTRO PATIO | Jorge Cadena Suitza, Kolonbia | 2022 | 15 min | Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz

Kolonbiako Kariben, queer aktibisten talde batek arau heteropatriarkalei aurre egingo die. Bien bitartean, beste kausa batzuetan inplikatuko dira, beren eskualdean sufritzen dituzten bidegabekeria sozialak kolektiboki salatzeko.

LA TENTACIÓN DU PANDA ROUX | Haïga Jappain Frantzia | 2023 | 20 min | Frantsesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz

Annak 35 urte ditu, eta maitasun-istorio idiliko bat bizitzen ari da Marierekin. Menopausia goiztiarra daukala jakiten duenean, erlojupeko lasterketa bati ekingo dio haurdun geratzeko.

Kanpora sartzen, lehen pertsonan idatzitako antzezlana

Bigarren, Kanpora Sartzen antzezlana eskainiko da, ekainaren 28an, ostirala, 20:00etan Leidorren. Aitziber Garmendiak zuzendu eta Txalo Produkzioak ekoiztetxeak ekoitzitako lan honek Xabinen esperientzia du hizpide. Xabinek seropositiboa zela jakin zuen 2013ko martxoaren 11n eta hortik abiatuta, antzezlanak gaixotasunarekin duen harremana eta azken hamarkadan bizitako pasadizoak jorratzen ditu, pilulak, estigma, lotsa, osasun mentala, pandemia eta beste zenbait gai aztertuz.

Jarduera hauek Tolosako Udalak sexu- eta genero-aniztasuna sustatzeko eta pertsona guztientzako ingurune inklusiboa eta errespetuzkoa sortzeko duen konpromisoa islatzen dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA