Tolosako berdintasun alorreko jarduna Baionan aurkeztua, Euskal Hirigune Elkargoak Europako Berdintasun Gutuna sinatzeko ekitaldian

Tolosako Udala
2018/03/20 | Berdintasuna

Tolosako udala Euskal Hirigune Elkargoak Europako Berdintasun Gutunaren sinatze ekitaldian izan da, Tolosan, gutun hau bera 2007an sinatu zenetik, burututako ibilbidea aurkezten. Olatz Peon Ormazabal alkatea izan da bertan, eta gutuna abiapuntu izanik, urteotan bultzatutako berdintasun politikak izan ditu hizpide.

Alboan izan ditu Jean René Etchegarray, Baionako alkatea eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Martine Bisauta, Baionako zinegotzia eta EHEko karguduna, edota EBA elkarte feministako kideak, beste hainbaten artean.

60 pertsona eta bertako prentsa batu dituen ekitaldian Euskal Hirigune Elkargoak Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutuna sinatu du, alor honetan aurrerapausuak emateko asmoa oinarri.
 

Tolosak 2007an sinatu zuen Gutuna

Irailaren 4an zehazki. Alkateak Baionan azaldu zuen eran, honako neurri berezi hauek hartu zituen, gutun honetan xedatutakoa aplikatzeko: berdintasunerako ekintza-plana egitea, planaren edukia zabaltzea eta plan osagarria egitea hurrengo epealdiei begira.

Hazia izan zen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Tolosako Ordenantza Munizipala onartzeko, Euskadiko lehena, eta ostean egin diren planena, egun III. Berdintasun Plana da abian, “mota orotako parekidetasuna lortzeko bidean, benetakoa eta eraginkorra”. Olatz Peon Ormazabalek egindako ibilbidean sakondu zuen, prebentzioan, hezkuntzan, laguntzan eta emakumearen ahalduntzean fokoa jarria duen politikaren gakoak ezagutaraziz.