-
2021-eko udaberriko zikloa martxoaren 15ean hasiko da eta ekainaren 3an amaituko da. Ohi bezala, ikastaroak, tailerrak, irakurketa eta musika saioak eta solasaldiak egongo dira. Ekintzak Tolosako Udaleko Kultura sailarekin eta hainbat elkarterekin elkarlanean antolatu ditu Tolosako Udaleko Berdintasun sailak.
-
Izen ematea irekita dago jada; aurten online eman beharko da izena, Tolosako Udalaren webgunean, egungo osasun egoera dela-eta Kultur Etxean jende pilaketak ekiditeko.
-
Covid-19a dela-eta, indarrean dauden segurtasun neurriak betetzeko, saio bakoitzean parte hartu ahalko duen pertsona kopurua orain artekoa baino murritzagoa izango da.
Tolosako Jabetze Eskolak prest du 2021 urteko lehenengo ziklorako ekintza sorta. Martxoaren 15an hasi eta ekainaren 3ra arte egingo dituzte antolatuta dituzten ikastaroak, saioak, tailerrak, emanaldiak eta hitzaldiak. Guztira 16 jarduera antolatu dituzte.
Jabetze Eskola emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko gunea da, gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzeko helburuarekin aritzen dena. Hala, egitarau anitza prestatu dute datozen hilabeteetarako ere, arlo eta dinamika ezberdinak jorratzeko: zahartzea, osasun mentala eta fisikoa, teknologia berriak, artea, musika, emozioen kudeaketa, erbestea eta asiloa, migrazioa, Wikipedia, zaintza lanak, Mugimendu Feministaren historia, ahalduntze-taldeak… Jarduera horietan, ohi bezala, gai, ikuspegi, liburu, ikasketa, esperientzia, tresna, erritmo, gogoeta eta erronka berriak landuko dira, bizitza pertsonalean eta kolektiboan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko.
Honakoak dira antolatu dituzten ekintzak:
-
Andrezaharraren manifestua liburuari buruzko solasaldia
-
Xilografia tailerra linoleo gainean
-
“Osasun mentalaren gaineko begirada feminista bat” (I) eta (II) tailerrak
-
Bilera birtualak egiteko tailerra
-
Batukada feminista
-
Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea
-
“Krisia eta osasun emozionala: Erresilentzia eta ahalduntzeko tresnak” ikastaroa
-
Munduko emakumeen literatura taldea
-
“Mugak: Joan ziren emakumeak, iristen diren emakumeak” hitzaldia
-
“Emozioak sormenaren bidez kudeatzen” tailerra
-
Wikipedian genero arrakala gainditzeko lantegia
-
Nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasteko tailerra
-
“Nik ere baditut ikasketak. Nola homologatu?” saio informatiboa
-
Mugimendu feministaren historiari buruzko saioak
-
“Ahalduntze taldeak: Zerk motibatzen ditu emakumeak? Zer aldaketa baloratzen dute?” hitzaldia
Izen emateak eta ordainketak
Jarduera guztiak aurrez-aurrekoak izango dira, beharrezko edukierak eta osasun eta segurtasun neurriak mantenduta. Egungo egoera aldatuko balitz, ordea, saio batzuk modu birtualean egiteko aukera egongo litzateke. Jarduera guztietan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea.
Aurten, Jabetze Eskolaren baitan antolatu diren ekintzetan parte hartzeko izen ematea online izango da, Kultur Etxean sortu litezkeen pilaketak ekiditeko. Hala, izen ematea https://www.tolosakoudala.org/berdintasuna/ helbidean eman behar da. Izena ematerakoan zalantzarik izanez gero edo laguntza behar izanez gero 943 67 03 83 telefonora deitu daiteke, edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezu bat bidali.
Izena eman ondoren, Kultur Etxean ordaindu ahalko da matrikula, kreditu-txartelaren bidez.
Eskuratu eskuorria hemen.