Amarotzen babes publikoko 81 etxebizitzaren sustapena ahalbidetzeko Visesarekin hitzarmena, onartuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/07/29 | Etxebizitza
  • Udalak 486.000 euroko diru ekarpena egingo dio sozietate publikoari sustapen hori garatu ahal izateko, 6.000 euro etxebizitza bakoitzeko.

  • Alokairu sozialeko beste 111 etxebizitza ere egingo dira; bien baimenak urte bukaeran ematea da aurreikuspena, obrak maiatza edo ekainean has daitezen.

 

Udalbatzak hasierako onespena eman dio ‘20.1. Amarotz Paper-Fabrika’ azpieremuko 2.2 lursailean alokairu sozialeko 81 etxebizitza egin ahal izateko, udalaren eta Visesa sozietate publikoaren arteko hitzarmenari.

Ez da eremu horretan egingo den sustapen bakarra. Hain zuzen, eremu hori hiru lursailetan banatua dago, eta horietako bi garatuko dira oraingoz. 2.1 partzelan alokairu sozialeko 111 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena 2022ko apirilean onartu zuen udalbatzak; bada, orain 2.2 partzelan 81 etxebizitza egiteko akordioa da onartu dena. 

Aurreikuspena da bi sustapenen baimenak urte bukaerarako eman eta obrak datorren urteko maiatza edo ekainean hasi ahal izatea.

Onartu berri den hitzarmenak jasotzen duenez, udalak etxebizitza bakoitzeko 6.000 euroko ekarpena egingo dio Visesari, sustapena bideragarriagoa izan dadin; orotara 486.000€. Hori egin ahal izateko kreditu aldaketa ere onartu da uztaileko osoko bilkuran, aho batez. Aurrez onartutako 111 etxebizitzetarako, berriz, beste 666.000 euroko ekarpena egingo du udalak; horrenbestez, bi sustapenetarako guztira 1.152.000 euroko laguntza emango du udalak.

Aurreko hitzarmenarekin alderatuta, aldaketa batzuk aplikatu dira. Besteak beste, eta nahiz eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko aterketa teknikoa eskatu zitzaion, amaitutakoan likidazio txostena ere eskatuko zaio Visesari. Bestalde, interes bereziko edo udal onurarako proiektu gisa izendatzea jasotzen du. Bada, izendapen hori aurrerago egingo da.


Irabazi asmorik gabeko elkarteak, bermea jartzetik salbuetsita

Tolosako Udaleko Ordenantza Orokorra, zergak eta udal zuzenbide publikoaren bestelako sarrerak kudeatzeko ordenantzaren aldaketa ere onartu du udalbatzak, adostasun osoz.

Hain zuzen, ordenantzak jasotzen ditu zorra atzeratu edo zatikatu ahal izateko, gehieneko epe eta aurkeztu beharreko berme eta aurrerakinak. Zazpi ataletan banatua dago, diru kopuruaren arabera. Bada, multzo batzuk handiak zirenez, zatikatu eta bederatzi ataletan multzokatuko dira aurrerantzean. Horrez gain, 12.000 eurotik gorakoen kasuan, bi urtetik hiru urtera pasako da, gehieneko epea.

Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeen onurarako ere beste aldaketa bat aplikatu da, bermea eta %20ko aurrerapena jartzetik salbuetsita izango baitira aurrerantzean. Modu horretara, elkarte horien jarduna lagundu nahi du udalak.


Bestelako gaiak: kontu orokorra, udal langileen ordainsariak…

Ohikoa denez, uztaileko osoko bilkuran Tolosako Udaleko Udal Sektore Publikoaren aurreko ekitaldiari dagokion kontu orokorra ere izan da hizpide. Udalaren kasuan, 2023ko emaitza positiboa izan da, 3.691.189 eurokoa, hain zuzen; Tolargirena 137.266 eurokoa eta Tolosa Gasarena, berriz, 263.864 eurokoa. 

Gai gehiago ere jorratu dira. Esaterako, sektore publikoko langileen ordainsaria %2 igoko da, ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege Dekretuko 6. artikuluan erregulatutakoaren arabera, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Udal korporazioko kideen dedikazioaren araubidea ere aldatu da, eta Giza Baliabide eta Komunitate eta Gobernantzako zinegotzi delegatuaren %50eko dedikazioa gehituko zaio.

Tolosako Hezkuntza Kontseiluko udal-ordezkarien izendapena ere onartu da. EH Bildu udal taldetik Goiuri Ezeiza Arandia (ordezkoa Aitzol Garcia Azurmendi) izango da ordezkaria; Biotza Agirre Ugalde EAJ-PNVren kasuan (ordezkoa Ainhoa Dominguez Landa), eta PSEko Joxe Mari Villanueva Telleria.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA