Euskal Herria plazako gazteentzako alokairurako apartamentuen zozketarako deialdia zabalduko du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/09/24 | Etxebizitza
  • Aurreko deialdiko itxaron zerrenda agortu da, eta etxebizitza guztiak esleitu ez direnez, deialdi berria argitaratuko du udalak. 
  • Interesdunek hilabeteko epea izango dute izena emateko, GAOn argitaratzen den unetik aurrera, eta epe hori amaitu ondoren egingo da zozketa.

 

Tolosako Udalak Euskal Herria plazako 1B eraikinean gazteentzako alokairura bideratutako 25 apartamentu ditu. Zozketa bidez esleitzen dira, deialdian izena ematen duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteen artean. 

Azken deialdia 2021. urtean egin zen, eta etxebizitzak esleitu ondoren 88 pertsonako itxaron zerrenda osatu zen, etxerik egokitu ez zitzaienekin. Apartamentuak libre geratzen joan ahala, zerrendako pertsona guztiei eskaini zaie etxebizitza eskuratzeko aukera, eta azken hilabeteotan interesa azaldu dutenekin bisitak egin ditu udalak. 

Bada, apiriletik hona zortzi lagunek eman dute baiezkoa; horietako batzuk dagoeneko bertan ari dira bizitzen, eta beste batzuk urrian egingo dute. Gainerakoek, ordea, uko egin dute edo ez dute interesa azaldu. Prozesu hori jarraituta, zerrenda agortu berri da eta, etxebizitza guztiak esleitu ez direnez, deialdi berria argitaratzeko prozedura martxan jarri du udalak.

Deialdi berriarekin 15 apartamentu izango dira zozketagai. Gehienez ere hiru urterako esleitzen dira etxebizitzak, eta ezingo da luzatu. Zozketan etxerik egokitzen ez zaienekin berriro ere itxaron zerrenda osatuko da, eta husten joan ahala, zerrendako pertsona horiei eskainiko zaizkie, hurrenkera errespetatuta.

Izena emateko epea hilabetekoa izango da, deialdia eta oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (urriaren hasieran izatea aurreikusten du udalak). Dena dela, epea abiatutakoan horren berri emango da udalaren kanaletatik, bete beharreko baldintza eta jarraibideen xehetasun guztiekin batera. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA