Tolosa bizitegi-merkatu tentsionatuko udalerri izango da otsailetik aurrera, Hernani eta Lezorekin batera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/29 | Etxebizitza
  • Datozen egunotan argitaratuko da BOEn izendapena, eta argitaratu ondorengo egunetik aurrera izango da indarrean.

  • Hiru udalerri horiekin, Euskal Autonomia Erkidegoko 14 udalerritan, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren erdia baino gehiago bizi da prezioak moderatzeko, eskaintza eskuragarria handitzeko eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri espezifikoak dituzten eremuetan.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Hernani, Tolosa eta Lezoko Udalek hiru udalerri horiek bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko ekitaldia egin dute gaur, Hernanin. «Mugarri» gisa definitu dute urrats hau, «herritarrak alokairuaren tentsionamenduaren aurrean babestera begira eta izendapen bakoitzarekin lotzen diren hiru urteko etxebizitza-planak bizkortzera begira».

Datozen egunotan argitaratuko da BOEn Gipuzkoako hiru udalerri hauen izendapena, eta hurrengo egunetik aurrera izango da indarrean. Halaxe adierazi du Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak: «2025. urtea ixterako, hamaika udalerri zeuden izendatuta. Orain hamalau izango dira. Euskadiko biztanleria osoaren % 53, eta Gipuzkoako lurraldeko biztanleriaren % 52 bizi dira eremu tentsionatu horietan, eta gehiago izango dira, beste herri batzuekin prozedurak jada hasita baitaude. 2026rako helburua da izendapen bakoitzarekin lotzen diren hiru urteko ekintza-planetan sakontzea eta 18 udalerriren estaldura lortzea, horietan bizi den Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 54,12 babestuta».

Sailburuak jakinarazi duenez, «Gipuzkoan 30.470 alokairu-kontratu daude indarrean, eta horietatik 18.057 bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako udalerrietan biltzen dira. Horien barruan, 8.019 kontratu urte honen barruan amaitzen dira, 2021ean sinatu baitziren; alabaina, babestuta geratuko dira eremu tentsionatu izendapenaren ondorioz». Ildo horretan, erantsi duenez «izendapenaren onuretako bat da, besteak beste, maizterrek beren kontratuak luzatzeko aukera izatea eta, hartara, segurtasun eta egonkortasun handiagoa izatea, bizitegi-presioa nagusi den testuinguruan».

Gipuzkoak alokairurako erreferentziazko indizeak ditu, eta, horri esker, eremu tentsionatu horietako kontratuek esku-hartze publikoko tresnak dituzte errentak objektibatzeko eta moderatzeko (erreferentziazko indizeak eta IRAV - Etxebizitza Errentamenduak Eguneratzeko Erreferentziazko Indizea, aplikatzekoak diren kasuetan eguneratzeko). Horrela, herritarrek administrazioen aurrean beren eskubideak baliatu ahal izatea bermatzen da.

Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi duenez, «Tolosa eremu tentsionatu izendatzea urrats handia da, nolabait alokairuen prezioak mugatzea ahalbidetuko baitu. Dena dela, neurri hori ez da eman beharreko urrats bakarra. Etxebizitza Plan zabalago baten parte da. Planak alokairu eskuragarria handitzeko 9 estrategia eta 20 ekintza biltzen ditu, helburu nagusi batekin: etxebizitza erabilera ondasun eta eskubide izatea, merkatuaren logikatik atera eta espekulaziorako tresna ez izateko».

Plana egiteko aurrez egin den diagnostikoak prezioen bilakaeraren araberako tentsio-irizpidea egiaztatzen du: 2018 eta 2023 artean alokairuaren batez besteko errenta % 20 igo zen Tolosan, legeak ezartzen duen % 19,6ko atalasea gaindituta. Gainera, alokairu-eskaera estrukturala egiaztatzen du: 958 pertsonak eskatzen dute etxebizitza babestua udalerrian (bertan erroldatutako 604 pertsonak), eta Etxebiden izena eman duten eta bertan erroldatuta dauden pertsonen % 75ek alokairu-erregimeneko etxebizitza eskatzen dute. Horrez gain, 252 etxebizitza huts identifikatzen ditu, etxebizitza-parkearen % 2,6). 

Etxebizitza Plana

Tolosak aktibatuko duen planak egungo parkearen erregulazioa, etxebizitza eskuragarrien sustapena eta egungo parkearen mobilizazioa uztartuko ditu: «800 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko aukera jasotzen du planak, alokairua lehenetsita», eman du aditzera Andu Martinez de Rituertok. Horietatik, 550 etxebizitza inguru alokairu eskuragarrirako izango dira. Amarotzen, otsailean hasiko dira babes ofizialeko 192 etxebizitzatarako obrak, paper-fabrika zaharrean. Zuzkidura-bizitokiekin ere ari da lanean Udala, Sagrado Corazon etxearen edo Iurramendi kaleko belaunaldiarteko etxebizitzarekin, esaterako.

Hala eta guztiz ere, «eraikitzetik haragoko politikak» behar direla azpimarratu du Tolosako alkateak: «udalerri bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Tolosaren kasuan, azalera agortzen ari zaigu, eta eraikigarritasun mugatua daukagu. Tolosak ezin du askoz ere gehiago hazi, horrek kolokan jar baititzake zerbitzuen irisgarritasuna, baita nahiko genukeen herri eredua ere. Hazkunde orekatu bat aldarrikatzen dut», gehitu du.

Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea «ezinbestekoa» dela gaineratu du. «Helburu horrekin jarraituko dugu elkarlanean Jaurlaritzarekin, Bizigune bezalako programak garatzen. Baita prestazioak eman eta laguntzak bideratzen jarraitzeko ere. Bide berriak ere arakatuko ditugu, etxebizitza hutsak ahalik eta gutxien izan daitezen».

Etxebizitzen birgaitzea da sustatuko den beste bide bat. «Etxebizitzaz etxebizitza egin baino, eta horri garrantziarik kendu gabe, begirada zabalago batetik heldu nahi izan diogu honi: auzo ikuspegitik. Helburu horrekin jarri genuen martxan Alde Zaharra Berroneratzeko Plan Integrala eta bigarren faseari ekingo diogu aurki. Etxebizitza zaharrenak ditugun eremua da; askok ez dituzte gutxieneko irisgarritasun irizpideak betetzen. Bertan daude etxebizitza huts gehienak. Errenta maila baxuena duen eremua da, eta egiturazko behar horiek estaltzeko inbertsioak egiteko zailtasunak dituzte bizilagun batzuk. Guztia, lotuta dago. Horregatik, baldintza horiek hobetzeko bidea egin nahi dugu Plan honen bitartez. Hamarkada luzetako bidea izango da. Eta orain bidea egiten hasi berri gara, baina determinazioz egin nahi dugu aurrera».

Elkarlanerako eskua luzatu dio Tolosako alkateak etxebizitza sailburuari: «Udalok, etxebizitza gaietan eskumen txikiena dugun erakundeak gara, eta zaila zaigu askotan behar horiei erantzuna ematea. Egiturazko erabaki eta tresnak behar ditugu, nazio ikuspegitik. Elkarlana da horretarako bide. Eskua luzatu nahi dut, saretuta egin behar baitiegu aurre behar hauei».

Zonatensionadaeuskadi.eus

Zonatensionadaeuskadi.eus webgunean eremu tentsionatuen irismenari eta egoerari buruzko informazio eguneratua kontsulta daiteke. Webgunean eremu horiekin lotzen diren arau-hausteak jakinarazteko salaketa-postontzi bat dago —alokairu-prezioen mugak ez betetzeetatik hasi eta lizentziarik gabeko etxebizitza turistikoen jardueraraino—.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA