Tolosan etxebizitza aukerak areagotzea udal gobernuaren lehentasuna, alokairuan azpimarra jarrita

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/05/20 | Etxebizitza
  • Etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairuan jartzeko dirulaguntzen ordenantza garatu da, etxebizitza hutsen jabeekin lanketa berezia egingo da eta herritarrei eskura dituzten aukeren berri emateko informazio saioak egingo dira. Helburua: alokairu aukerak areagotzea Tolosan.
  • Etxebizitza babestuen parkea handitzeko etxebizitza berrien eraikuntza sustatzen ari da udal gobernua. Iurramendiko etxebizitza babestuetarako deialdia udazkenean egingo da eta promozio honen eskutik udalak jasoko duen %15eko aprobetxamendua alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzera bideratuko da.
  • Olatz Peon Tolosako alkatea: “etxebizitza eskari handia dago Tolosan eta herritarren eskari eta beharrei erantzutea da gure egitekoa eta lehentasuna, tolosarren etxebizitza eskubidea bermatu eta tolosarrei bertan bizitzeko aukera eskaintzeko”

 

 

Tolosako udal gobernuak herrian dagoen etxebizitza eskariari erantzuteko abiatuak dituen lan lerro eta ekimenak aurkeztu ditu gaur goizean prentsaurrean. Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea, Jose Mari Villanueva zinegotzia, Xabier Balerdi, etxebizitza saileko zinegotzi arduraduna eta Egoitz Sorozabal hirigintza saileko zinegotzi arduraduna arduratu dira lan lerro bakoitza xehetzeaz.

Alkateak azpimarratu du “etxebizitza politika estrategikoa eta lehentasunezkoa dela tolosarren etxebizitza beharrei eta eskariei erantzuteko; ezinbestekoa da aukera berriak eskaintzea etxebizitza eskubidea bermatzeko, egun Tolosan dagoen etxebizitza eskariari erantzuteko eta herritarrei etxebizitza sarbidea errazteko”.

Alkateak adierazi du: “herritar askok azaldu digute beren kezka, dituzten zailtasunak eta beharrak.  Abian jarriko diren promozioetan, Iurramendi, San Kosme eta San Frantsiskoko etxebizitzetan, itxaron zerrenda luzeak daude eta oraindik ez da etxebizitza babestuetarako zerrenda zabaldu. Horrek bistako egiten du Tolosan etxebizitza eskari handia dagoela eta horregatik, eskari horri eta herritarren etxebizitza beharrei erantzutea lehentasun bat da  guretzat”.

Etxebizitza hutsak merkaturatzea helburu eta giltzarri

Etxebizitza hutsak alokairuan jartzea da udal gobernuaren lehentasunetako bat eta zentzu horretan hainbat lan lerro abiatuta ditu udal gobernuak.

1) Alokabiderekin lankidetza, herritarrei erraztasunak emateko eta herritarrak informatzeko

Alokabiderekin sinatuko duen protokoloa onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak eta datozen astetan sinatuko da dokumentua. Protokoloaren helburua da erakundeen arteko lankidetza indartzea herritarrei erraztasunak emateko etxebizitza eskabideak kudeatu eta bideratzeko orduan.

Protokoloaren baitan informazio hitzaldi eta saioak egitea aurreikusi da etxebizitza hutsen inguruko programak ezagutzera emateko (ASAP eta BIZIGUNE) eta herritarrek eskura dituzten dirulaguntzak gizarteratzeko (Gaztelagun, etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzak...).

2) Etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak, ordenantza prest

Tolosako Udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak emateko ordenantza garatu du, Alokabiderekin sinatuko den protokoloaren osagarri modura. Beharrezkoak diren prozedimenduak amaitzean egingo da deialdia.

Dirulaguntza jasotzeko beharrezkoa izango da Alokabideko programaren batean izena emanDA egotea eta Udalak Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzak osatuko ditu etxebizitza hutsen jabeek aukera gehiago izan dezaten etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairuan jartzeko.

Beraz,dirulaguntza honen helburu nagusia da etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen sustatzea.

3) Etxebizitza hutsen jabeekin lanketa berezia

Paraleloki, etxebizitza hutsen jabeekin lanketa berezia egingo du Udalak. 2019. urtean egindako Etxebizitza hutsen inguruko azterketatik abiatuta, Tolosan hutsik dauden 253 etxebizitza hutsen jabeekin lanketa egingo da etxebizitzak hutsik izatearen arrazoiak gertutik ezagutu eta alokairuan jartzeko dituzten aukerak aztertu eta horien berri emateko.

4) Alokairuaren ordainketa errazteko dirulaguntzaren egokitzapena, herritar gehiagorengana iristeko

Iaz, Tolosako Udalak, dirulaguntza lerro berria abiarazi zuen alokariruaren ordainketa errazteko. Dirulaguntza gazteei zuzenduta zegoen bereziki, baita ere behar bereziak zituzten herritarrei. Iazko deialdiko laguntzak eman ditu dagoeneko udalak eta aurtengo deialdiari begira oinarriak egokitu egingo dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Gaztelagun programa, gazteei alokairu ordainketa errazteko programa, egokitu eta zabaldu egin du eta udalaren dirulaguntza oinarriekin bat egiten du. Hortaz, baldintzak berraztertu eta berritu egingo dira dirulaguntza herritar gehiagorengana zabaltzeko.

Hirigintza garapena, etxebizitza babestuen parkea handitzeko, alokairuaren aldeko apustuan

Hirigintza garapenari dagokionez, herriko eremu ezberdinetan etxebizitza berrien eraikuntza sustatzen ari da gobernua helburu hartuta etxebizitza babestuen parkea handitzea, alokairuaren aldeko apustua eginez.

Zentzu horretan, Sorozabalek azpimarratu du, Larramendi auzoko garapena amaituta, Tolosan garatzeko dauden eremu ia bakarrak eta handienak Amarotz eta San Esteban direla.

1) Amarotz eta San Esteban

Amarotzeko kasuan, Visesarekin sinatutako hitzarmenari esker, lehen fasean alokairuko 111 etxebizitza babestu eraikiko dira non Tolosarrek lehentasuna izango duten. Bigarrren fasean 185 (81 babestu eta 104 etxebizitza libre). Eremuan eraikiko diren etxebizitzen %65a izango da beraz, babestua.

San Esteban auzoaren kasuan, Udalak, legealdi hasieran hartutako kompromisoa beteko du diagnostikoa eginez, eta amaitzean HAPOaren aldaketa martxan jarriko da eremuaren garapenari bidea emateko.

Iurramendiko etxebizitza babestuen deialdia udazkenean eta bertan, alokairuko etxebizitzak eraikitzea gobernuaren proposamena

Iurramendin 141 etxebizitza eraikiko dira, 23 babestu, 40 tasatu eta 78 libre. Etxebizitza babestuen deialdia udazkenean egingo da eta errepartzelazio proiektua egin ondoren, etxebizitza berri horien eraikuntzagatik udalak jasoko duen aprobetxamendua alokairura bideratzea da udal gobernuaren proposamena. Hortaz, alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikiko dira bertan.

San Kosme eta San Damian eremuan ere 20 etxebizita tasatu eraikiko dira, beste 30 librerekin batera, orotara 50 etxebizitza izanik. Kasu honetan ere Udala lanean ari da etxebizitza babestuen deialdiaren inguruan.

San Frantsizkon  ere gauzak ondo bidean, aurten etxebizitzak eraikitzen hasteko aukera izango da eta bertan guztira 23 etxebizitza doaz. Guztiak libreak.

Alde Zaharrean ere promozio ezberdinak bideratzen ari dira. Kale Nagusia 19an 14 etxebizitza eraiki dira, Kalea Nagusia 1-3 une honetan 12 etxibitza egiten ari dira eta Letxuga 5 eta Rondilla 14 an ere etxebizitza berriak eraikitzeko baimenak eman dira, beste 20 etxebizitza inguru eraikiko dira.

Etxebizitza berriak, beste hainbat eremutan

Aurretik aipatutako hirigintza garapenaz harago, Tolosako eremu ezberdinetan etxebizitza berriak eraikitzeko lanean ari da udala

  • Zubizarreta

Guztira 48 etxebizitza eraikiko dira: 16 libre eta 32 babestu.

  • Miserikordia Zaharra

Miserikordia zaharreko eremua garatzeko lanketa abiatuta du Udalak. HAPOaren arabera, 70  etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten da, erdiak babestuak.

“Tolosarrei, Tolosan bizitzeko aukera bermatu nahi badiegu, beharrezkoa da etxebizitza berrien eraikuntza sustatzea eta etxebizitza hutsak merkaturatzea, egungo beharrei eta eskariari erantzuteko. Etxebizitza babestuak eta alokairua, horiek dira gure lan ardatz nagusiak” azpimarratu dute udal ordezkariek.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA