Urtarrilaren 9an zabalduko da alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzak eskatzeko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/05 | Etxebizitza

Tolosako Udalak etxebizitza alorraren aldeko apustu eta konpromiso irmoa du eta horri helduta, herritarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko bi norantzatan ari da lanean: hirigintza garapena sustatzen, batetik, etxebizitza parkea handitzeko eta, alokairua sustatzen, bestetik, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko eta alokairua ordaintzeko dirulaguntzak eskainiz, tolosar guztiek izan dezaten beren bizitza proiektua bertan garatzeko aukera.

Eta hain zuzen herritarrei etxebizitza sarbidea errazteko abiatu duen lanketa horren baitan, astelehenean zabalduko du Udalak alokairuaren ordainketa errazteko dirulaguntzak eskatzeko epea. Laguntza hauek 2021. urtean jarri zituen lehen aldiz martxan Udalak, iaz oinarriak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa egin zen tolosar gehiagok izan dezaten laguntza jasotzeko aukera.

Xabier Balerdi, Etxebizitza saileko zinegotzia: “etxebizitza alorra lehentasunezkoa eta estrategikoa da gobernu honentzat eta horrela izan da legealdi hasieratik. Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da eta ezinbestekoa da herritarrei erraztasunak eta aukera berriak eskaintzeko neurriak hartzea; zentzu horretan alokairuaren aldeko politika publikoen sustapenen alde dihardugu lanean, etxebizitza sarbidea errazteko eta etxebizitzak ekonomikoki eskuragarriago jartzeko, tolosar guztiek izan dezaten bertan bizitzeko aukera.

Jomuga nagusia: tolosar guztiek herrian bizitzeko aukera izatea

Esan bezala, alokairu ordainketa errazteko laguntza hauen eskaerak astelehenetik hasita (urtarrilak 9) otsailaren 3a bitartean egin ahal izango dira (biak barne), bai presentzialki, UDATEko etxebizitza bulegoan edota telematikoki, udal webgunearen bitartez.

2022an, gainera, laguntza hauek ahalik eta herritar gehienei zabaltze aldera, Tolosako Udalak hainbat aldaketa egin ditu oinarrietan. Hain zuzen, diru-sarrera muga handitu du, eskatzailea familia edo unitate bakar edota ugarikoa den desberdinduz. Era berean, errentaren gehieneko kopurua ere handitu du, iazko 700€tatik 1000€ tara eta horrez gain, hartzaile gisa kolektibo berriak ere txertatu dira, tolosar gehiagok izan dezaten dirulaguntza jasotzeko aukera. 

Gazte eta kolektibo ezberdinei zuzendutako dirulaguntza

Dirulaguntza lerroaren helburua da tolosarrei alokairu-erregimeneko etxebizitza bat lortzen eta alokairuko merkatu librean sartzen laguntzea.

Laguntza, etxebizitzarik jabetzan ez duten eta alokairuan bizi diren tolosarrei zuzenduta dago. Aurten egindako aldaketei jarraiki, ondorengoak dira laguntza hauen onuradunak: 18-35 urte bitarteko gazteak (Gaztelagun programan sartzen ez direnak), banandutako pertsonak edo iraungitako izatezko bikoteak, guraso bakarreko familiak, 70 urtetik gorako pertsonak, alargunak eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak (Gizarte Zerbitzuetatik eratorriak).

Bete beharreko baldintzen artean, azken 3 urteetan Tolosan erroldatuta egotea eta urtean 3.000-45.000€ arteko diru-sarrerak izatea (bizikidetza unitatearen arabera).

Gehienez ere, 300 euroko laguntza emango da hilean eta ez da onartuko urtebete baino iraupen txikiagoa duen kontraturik.

Eskaerak aurkezteko epea eta modua

Dirulaguntza jaso nahi duten tolosarrek, eskaerak presentzialki egin ahal izango dituzte UDATEko etxebizitza bulegoan edota telematikoki esteka honetan, astelehenetik hasita, urtarrilak  9,  otsailaren 3a arte (biak barne).

Etxebizitza bulegoan, aurrez-aurreko herritarren arreta hitzorduarekin egingo da. Horretarako 943 65 44 66 (907 luzapena) telefonora deitu edo alokairua@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.

Eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioaren eta deialdiaren inguruko informazio osoa herritarren eskura jarri da HEMEN eta zalantzak izanez gero edota laguntza behar izanez gero, tolosarrek etxebizitza bulegora jo dezakete 8:00etatik 14:15erako ordutegian (aurrez hitzordua hartuta) edo 943 65 44 66 (907 luzapena) telefonora deitu edo alokairua@tolosa.eus helbidera idatzi.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA