‘Xabiertxo’ euskarazko ikasliburuaren ekarpena aitortu dute Tolosan, argitaratu zeneko mendeurrenean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/02 | Euskara eta Hezkuntza
  • Tokiko erakundeetako ordezkari eta euskaltzale ugarik parte hartu dute ‘Mundua euskaratik landuz’ leloarekin antolatu diren ekitaldietan.
  • Larunbat goizean bisita gidatua egingo da Alde Zaharrean barrena, Euskal Pizkundeak Tolosan izan zuen bilakaera ezagutzeko.

Xabiertxo: umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia. Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarrak izenburu horrekin argitaratu zuen euskarazko irakaskuntzan mugarri izan zen testuliburua,  orain ehun urte. Euskarazko eskoletan haurrei irakasteko metodo nagusietako bat izan zen. Mundua begiratzeko modu bat eskaini zion belaunaldi oso bati, eta helduleku izan zen euskara eta kultura transmititzeko. Euskal Herri osoko milaka umek izan dute liburu hori esku artean haurtzaroan.

Argitalpenaren mendeurrena ospatu, eta egindako ekarpena aitortu eta txalotzeko omenaldi- ekitaldia izan da, arratsaldean, Tolosako Zerkausian, familiaren inprentaren parean, Tolosako Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Jakin fundazioak antolatuta.

Lopez-Mendizabalen senideak ez ezik, hainbat erakundetako ordezkariak, euskalgintzako eragileak, hezkuntza-komunitateko ordezkariak eta herritar ugari izan dira ekitaldian; besteak beste, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Xabier Ezeizabarrena, Batzar Nagusietako lehendakaria; Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; eta Manex Urruzola, Galtzaundiko lehendakaria.

Ekarpen handia

Eduardo Mocoroa Musika Eskolako lau irakaslek interpretatuta, Xabier Leteren Izotz ondoko eguzki kantuaren doinuekin eman zaio hasiera ekitaldiari.

Manex Urruzola izan da hitza hartzen lehena, eta oroitarazi du «egarriz zegoen euskal komunitateari egindako ekarpen garrantzitsua» izan zela Xabiertxo, «garai hartako perspektiban estetikoki berritzailea, pedagogikoki erabilera aurrerazalekoa, baina batez ere, proiektu euskaltzale oso bati ekarpena egiteko jaio zena». «Haizearen kontrara euskararentzat mundu berri bat amesteko eta egikaritzeko» lan egin zuten euskaltzaleak ere ekarri ditu gogora Urruzolak, eta haiekiko nolabaiteko justizia egiten dela aldarrikatu: «Guretzat, eredugarria da Xabiertxoren atzean zegoen herri ekimen antolatua, euskarak momentuan zituen beharrei erantzuteko. Sentitzen dugu justizia apur bat egiten dela orduko euskaltzale horiekin».

Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, berriz, Xabiertxo «euskara, euskal kultura eta herri-balioak belaunaldi berriei transmititzearen garrantzia» adierazten duen «sinboloa» dela adierazi du. «Gure herriarentzat dena grisa, dena basamortua, zen garai batean, Ixaka Lopez-Mendizabalek kolorez beteriko liburu eder bat jarri zuen haur eta gaztetxoen esku. Berrikuntzatik, euskaratik, gure-gureak ditugun balioetatik landu zuen hizkuntzaren transmisioa. Eta, horrekin guztiarekin, bide eraginkorra eta berritzailea zabaldu zuen ahalegin horretarako. Gaur egun bizi dugun testuinguruan, hizkuntzaren biziberritzean eman beharreko jauzian, bidea markatzen digula esango nuke», gogoeta egin du. Aldi berean, Euskal Pizkundea eragin zuten ekintzaileen «indarra eta bisioa» aitortu nahi izan ditu. «Haien balioak, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko elkarlanak, eraman behar gaitu konpromisora, euskara eta herri gogoa ondorengoei transmititu, eta indartsu jarrai dezaten».

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak, berriz, gehitu du «100 urte igaro ondoren, orduko mugarri hari begira gaudela, jabetzen gara zenbat aldatu den gure gizartea... eta halere, zeinen presente dagoen Xabiertxoren izpiritua».

Familiaren izenean, Miren Lopez-Mendizabalek, Ixakaren biloba, bertaratutako guztiei zuzendu zaie esker onez: “Xabiertxo denona da, eta badakit gurekin batera zainduko duzuela”.

Amaitzeko, Andu Martinez de Rituerto alkateak aitortu egin du Lopez-Mendizabal familiak urtetan jasandako bidegabekeria: «Ez genuke ahaztu beharko jasan zuten mina. Datorren urtean, 90 urte beteko dira Plaza Zaharrean euskarazko liburuak erre zituztela. Gero etorri ziren erbestea eta min gehiago». Beste hiru ideia nagusi ere azpimarratu ditu: «Oztopoz betetako garai betean izan zuen ausardia eta kemena; euskara noranahiko egiteko eta mundua euskaraz lantzeko erronkari heltzeko berrikuntzaren beharra; eta euskararen egoera sendotzeko urratsak egiteko herri eta eskualde modura, Tolosaldeak duen ardura eta erantzukizuna. Xabiertxoren mendeurren hau akuilu egokia da ardura horretaz ohartzeko: atzo egin zutenak ekarri baikaitu hona, eta gaur egingo dugunak ekarriko baitu biharkoa».

Ekitaldi gehiago

Mundua euskaratik landuz lelopean, ekitaldi gehiago ere izan dira. Goizean, Xabiertxo argitaratu zen garaiko egoera interpretatzeko eta etorkizuneko erronkak lantzeko jardunaldiak 30 lagun inguru batu ditu Antonio Maria Labaien kultur etxean. Omenaldiaren ondoren, berriz, Euskal Pizkundeak Tolosan izan zuen bilakaera ezagutzeko bisita gidatua egin da Alde Zaharreko kaleetan barrena.

Hain zuzen, bisita gidatu hori larunbatean egiteko aukera ere izango da. 11:00etatik 12:30era, XX. mendeko testuinguruan murgiltzeko aukera izango da. Haritz Azurmendik gidatuko du bisita, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egileak. Parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da www.galtzaundi.eus webgunean, edo elkartearen egoitzan bertan (eman izena lotura honetan). Ibilbidea 11:00etan abiatuko da Plaza Berritik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA