-
2025-2034 arteko indarraldia izango du, eta helburua da euskara-gaitasuna handitzea eta erabilera indartzea, euskara Tolosako ohiko hizkuntza izan dadin.
-
Bide-orriak hedadura zabala du: bost ardatz estrategiko, 39 lan-ildo eta 160 ekimen zehatz jasotzen ditu planak.
2025etik 2034ra arteko Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoa aurkeztu dute, gaur, Tolosako Udalak, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. Hurrengo hamarkadarako bide-orria izango da, eta asteleheneko osoko bilkuran aztertuko dute hura onartzea. 160 egitasmo biltzen ditu, helburu argi batekin: euskara-gaitasuna handitzea eta erabilera indartzea, euskara izan dadin Tolosako ohiko hizkuntza.
Plan estrategikoa ez da Udalarena soilik: elkarlanean osatutakoa da, eskuz esku aritu baitira aipatutako erakundeak eta eragile sozialak. Gauzatu ere elkarrekin gauzatuko da.
Plana definitzerakoan, «anbizioa eta erantzukizuna» aipatu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa da Tolosaldea, eta horrek aukera ematen digu hizkuntza-politikan pausoak emateko, baina erantzukizuna ere bada: ardura daukagu urrats aurrerakoiak egiteko. Izan ere, Tolosan eta Tolosaldean ez bada, non?».
Sukalde-lan handia
Plan estrategiko berria ez da ezerezetik sortu. Diagnostiko- eta kontraste-lan handia dago oinarrian, eta etorkizuneko aldaketei adi osatu da. «Badakigu aldaketa-garaian gaudela, datozen urteetan Tolosak aldaketa demografiko eta sozial handia izango duela, eta egoera horri erantzun behar zaio hizkuntza-politikaren aldetik ere», gehitu du alkateak.
Diagnostikoa aberasteko, udaberrian partaidetza-prozesuak ireki ziren: alde batetik, galdera ireki bat egin zitzaien herritar eta eragileei, eta, bestetik, zazpi interes-talderekin talde-eztabaidak egin ziren. Prozesu horietan 80 herritar eta eragilek baino gehiagok egin dituzte proposamenak. Behin plan berria landuta, adituekin eta eragileekin ere kontrasteak egin dira.
Bide horretan, helburu osagarriak ere zehaztu dira: euskararen transmisioa ziurtatzea, ikasleen gutxieneko euskara-gaitasuna bermatzea, euskal hiztun aktibo gehiago izatea, euskaratik urrun dauden herritarrak hurbiltzea, euskaraz bizitzeko aukera handiagoa ematea, arnasguneen beheranzko joera etetea, euskararen eta euskal kulturaren prestigioa handitzea, eta ingurune digitalean euskarazko edukien eskaintza eta eskaera areagotzea.
Bost ardatz eta hedadura zabala
Bide-orria egiteko, oinarri modura hartu da Eusko Jaurlaritzaren Aroa markoa; izan ere, asmoa da beste erakundeek egiten dituzten planekin lerrokatuta egotea. Hedadura zabala du planak, 5 ardatz estrategiko, 39 lan-ildo eta 160 egitasmo jasotzen baititu. Honako bost ardatz hauetan egituratua dago:
-
Gobernantza
Alor honetako helburuak hauexek dira: euskara agenda publikoan jartzea, zeharkako hizkuntza-politika garatzea, hizkuntza-aniztasuna eta harrera egoki kokatzea, eta ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzea. Maier Ugartemendia UEMAko kideak azpimarratu du «erronka handiak» direla, eta, besteak beste, nabarmendu du herritar etorri berrien harreran pausoak eman beharra eta kulturartekotasuna lantzea, baita arnasgune diren auzoetarako irizpide propioak prestatzea ere.
-
Jarrera eta motibazioa
Bi helburu nagusi ditu bigarren ardatzak: batetik, euskararen aldeko jarrera areagotzea eta hiztunen portaeretan eragitea; bestetik, euskarari eta euskal kulturari buruzko pertzepzio positiboa lantzea eta ikusgarritasuna handitzea. Igor Agirre Galtzaundi Euskara Taldeko koordinatzailearen arabera, «arlo horretan pausoak eman dira urteotan, baina erronka batzuei heldu nahi zaie plan honen bidez: ikastetxeetan egiten ari garen kontzientziazio-lana handitzea, hiztunak aktibatzeko bide berriak lantzea, eta euskarara hurbildu ez diren sektoreak erakartzea».
-
Ezagutza eta gaitasuna
Beste bi helburu finkatu dira esparru honetan: euskararen eta euskal kulturaren transmisioan eragitea, eta euskara ikasteko aukerak indartzea. Transmisio lana, gainera, familia-transmisiotik harago ere landu nahi da, besteak beste, kulturaren arloan edota memoria historikoaren ikuspegitik.
-
Erabilera
Erabileraren esparruan erronka nagusia da hiztunei aukera ematea euskaraz eroso aritzeko. Horretarako, hainbat bide jorratuko dira plan honetan: babesguneak sortzea, zaintzaren arloan eragitea, arlo sozioekonomikoa indartzea, aisialdia eta kirola, hedabideen arloan jauzia ematea, euskarazko kultur ekimenak indartzea…
-
Ikerketa
Kaleko erabileraren neurketa egiten aitzindari izan da Tolosa, eta urtez urteko serieak jarraituko du datozen urteetan ere. Hori osatu egingo da, gainera: adibidez, EHU eta Soziolinguistika Klusterra ikerketa bat egiten ari dira Tolosako kaleak nola aldatu diren eta horrek erabilerari nola eragin dion aztertzeko, eta datozen Inauterietan ere egin nahi da erabilerari buruzko diagnostikoa.
Garbiñe Marzol Euskara Saileko zinegotziaren arabera, «handiak dira erronkak», eta horiei erantzutea izango dute helburu: «10 urteko ikuspegia du, eta pausoz pauso garatuko dugu. Hori izango da benetan inportantea: plan estrategikoa garatzea eta gauzatzea. Konpromisoa daukagu hori egoki egiteko eta aldian-aldian jarraipena egiteko».
Jarraipen hori hiru modutara egingo da: batetik, urtero kudeaketa-plan bateratu bat egingo da, Udalaren, UEMAren eta Galtzaundiren artean; urteko ekintzak jasoko ditu, eta bakoitzaren balorazioa ere egingo da. Bestetik, plangintzaldi erdiko ebaluazioa osatuko da 2029an, planaren bosgarren urtean, ordura arteko balorazioa egiteko eta egokitzapenik behar ote duen ikusteko. Azkenik, planaren indarraldiaren azken urtean ebaluazio sakona egingo da, eta hurrengo planera begira jarriko gara. Planak eta ebaluazio horiek, gainera, Euskara Kontseiluan aurkeztuko dira, hark jarraipena egin dezan.