Euskara entzuten da gehien Tolosako kaleetan, azken neurketak berretsi duenez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/04/14 | Euskara eta Hezkuntza
  • Kaleko erabileraren neurketak emaitza hau eman du: elkarrizketen % 50 euskarazkoak dira; % 47, gaztelaniazkoak; eta % 3, beste hizkuntza batzuetakoak.
  • Haurrek egiten dute euskaraz gehien, eta gutxien, 45 urte baino gehiagoko herritarrek.
  • Seigarren urtez jarraian nagusitu da euskara Tolosako kaleetan.

 

Hizkuntzen kaleko erabilerari buruzko azken datuen berri eman dute Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak, Tolosako Udalak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. 2024an egin zuten neurketa, eta emaitza nagusia hau da: Tolosako kaleetako elkarrizketen erdiak euskarazkoak dira. Seigarren urtez jarraian neurtu da euskararen erabilera gaztelaniaren gainetik, eta, beraz, ondoriozta daiteke euskararen erabilerak indartze-joera egonkortua duela.

2024ko neurketan, 7.462 hiztunen jarduna behatu da, 2.486 elkarrizketatan. Tolosan, 1985etik, urtero neurtzen da kaleko erabilera, eta, horrenbestez, euskararen bilakaera azter daiteke. Eboluzioa argia da: 40 urtean 20 puntutik gora hazi da euskararen erabilera, eta, gaur egun, gaztelania baino gehiago entzuten da kalean. Honako hau da 2024ko erabileraren argazkia: euskaraz, elkarrizketen % 50; gaztelaniaz, % 47; eta beste hizkuntzetan, % 3.

Neurketan badira beste ondorio interesgarri batzuk ere. Hona hemen gako nagusiak:

  • Adina. Joera argia da: zenbat eta gazteago, euskaraz gehiago. Haurrek egiten dute euskaraz gehien, 14 urtetik beherakoek (% 70), eta segidan daude 15-24 urteko gazteak (% 64), eta 25-39 urtekoak (% 55). Hortik gora, murritzagoa da erabilera, % 37koa.

  • Haurren eragina. Umeek egiten dute euskaraz gehien, eta ez hori bakarrik: haurren presentziak handitu egiten du euskararen erabilera. Nagusiek % 43ko euskara-erabilera dute haurrak parean ez daudenean; haurrak tartean direnean, berriz, % 68ra igotzen da.
  • Bilakaera. Euskararen erabilera nabarmen areagotu da azken hamarkadetan Tolosako kaleetan: 1985ean, % 29ko erabilera; 2024an, % 50ekoa. Beste aldaketa esanguratsu bat ere gertatu da: 1985ean gazteek erabiltzen zuten gutxien, eta adinekoek gehien; orain, gazteek gehien, haurrekin batera, eta adinekoek gutxien. Nolanahi ere, bestelako zantzu batzuk badira azken urteetan: batetik, umeen erabileraren hazkundea apaltzen ari da, nahiz eta haiek egin gehien; bestetik, adinekoen galera-prozesua gelditzen ari da.

Erabilera orokorrari dagokionez, 2024ko neurketak baieztatu du Tolosako kaleetan euskara dela hizkuntza nagusia. Izan ere, neurketa urtero egiten da Tolosan, eta, 2019tik egindako neurketa guztietan, euskara entzun da gehien. Joera egonkorra da, beraz, ez datu anekdotikoa.

Hurrengo urratsak eta ekimenak

Azken hamarkadetako eboluzioa positiboa den arren, oraindik ere hainbat arlotan eragiteko beharra dago. Epe motzean, besteak beste, maiatzaren 15etik 25era Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia ariketa soziala bultzatzeko lanean ari dira elkarlanean Galtzaundi, Udala eta UEMA. Asmoa da Euskaraldiaren bidez herritarren hizkuntza-ohituretan eragiten jarraitzea, belarriprest eta ahobizi rolen eskutik. Euskaraldian parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Horrekin batera, Tolosako Udala eta euskalgintzako eragileak elkarrekin ari dira 2024ko abenduan aurkeztutako Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoan bildutako egitasmoak lantzen. Plan konpartitua da, euskararen sustapena gidatzen duena, eta 160 egitasmo biltzen dituena, helburu argi batekin: euskara-gaitasuna handitzea eta erabilera indartzea, euskara izan dadin Tolosako ohiko hizkuntza.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA