Euskararen Nazioarteko Eguna baliatuko du udalak euskararen dekretu berria aurkezteko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/02 | Euskara eta Hezkuntza
  • Euskara saileko teknikariek bihar aurkeztuko diete udal langileei euskararen dekretu berria.

  • Euskaren egunaren bueltan antolatutako eta May Gorostiagak eta Amaia Agirrek gidatutako “Hitzolariak” saioa bihar izango da, Zerkausian.

  • “Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan” irakurraldi dramatizatua egingo du Atxagak asteazkenean Topic-en. Jose Kruz Gurrutxaga aktorearen laguntza izango du oholtza gainean.

Tolosako Udalak euskararen dekretu berria dela-eta aurkezpen saioa antolatu du bihar. Euskara saileko teknikariek langileei dekretuaren berri emango diete eta hortaz, bihar ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna baliatuko du Udalak aurkezpenari indar berezia emateko.

Tolosako Udalak euskararen nortasuna indartzen eta balioan jartzen jarraitzen du, eta nola ez gure ama hizkuntzaren erabilera indartzeko urratsak egiten. Zentzu horretan, aho batez onartu zen osteguneko osoko bilkuran Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpena. Bertan jasotzen denez, “bide berriak” eta “modu berriak” ari dira garatzen euskararen inguruan, etorkizunera begira lanean jarduteko. Iaz martxan jarritako Euskaraldia egitasmoa 2020rako “berraktibatzeko” lanari helduta, “alorrez alor landu beharra dago erabileraren landarea, sendo hazi dadin. Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita”.

Tolosako Udala ere bide horietan ari da lanean, eta asmo horrekin bat egingo du bihar Euskararen Nazioarteko Egunarekin ere. Dekretua berriaren aurkezpenaren ondoren mokadutxoa ere egingo dute udal ordezkarien zein teknikariek, denak elkartu eta elkarrekin euskararen eguna ospatzeko.

Hitzolariak eta Bernardo Atxaga

Bihar, abenduak 3, ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira bi egitasmo egingo dira Tolosan bihar eta etzi. Galtzaundi euskara elkarteak antolatuta, “Hitzolariak” jolasa egingo da bihar, abenduak 3, 18:00etatik aurrera Zerkausian. May Gorostiaga antzezleak eta Amaia Agirre bertsolariak gidatuta, inprobisazio bertso-antzerki saioa izango da. Jendartetik euskarazko hitz zaharrak eta berriak jaso, eta istorioak inprobisatuko dituzte bi artistek. Saioaren amaieran txokolate beroa banatuko da.

Abenduaren 4an, bestalde, Bernardo Atxaga idazlea Tolosan egongo da. Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren baitan sortutako “Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan” irakurraldi dramatizatua eskainiko du. Duela urte batzuk euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia egin zuen Martuteneko kartzelan, eta ekitaldi hura gogoan prestatu du idazleak irakurraldia, orduan izandako bizipenak kontuan hartuta. Jose Kruz Gurrutxaga aktorearen laguntza izango du Atxagak agertokian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA