Euskaren eguna ospatuko da larunbatean, abenduak 3

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/29 | Euskara eta Hezkuntza
  • Egun horren harira, ekintza egitarau anitz bezain oparoa antolatu dute Tolosako Udalak, Galtzaundi Euskara Taldeak, Harituz Bertsozaleen Elkarguneak eta Altxa Burua taldeak elkarlanean: mahai-ingurua, bertso-poteoa, bakarrizketa eta euskarazko kantuen bingoa, izango dira, herritarren gozamenerako antolatutako ekintzak.
  • Tolosako Udalak herritarrak animatu ditu ekintza horietan parte hartzera, horrela, guztien artean,  euskara eta honen erabilera indartzen, sendotzen eta hedatzen jarraitzeko.

 

Joan den azaroaren 18tik Euskaraldiaren 3. edizioan murgilduta gaude. Tolosako kaleak, beste behin, ahobiziz eta belarriprestez bete dira hizkuntzari bultzada eman eta euskararen erabilera indartzen jarraitzeko.

Ostiralean amaiera emango zaio ariketa sozial honi eta larunbatean, Euskaraldiaren amaierarekin bat eginez, Euskararen Eguna ospatuko da. Horri lotuta, urtero bezala, gure hizkuntzaren eguna ospatzeko eta aldarrikatzeko ekintzak egingo dira horretarako Tolosako Udalak, Galtzaundi Euskara Taldeak, Harituz Bertsozaleen Elkarguneak eta Altxa Burua taldeak elkarlanean antolatutako ekintza egitarauari esker.

Hona hemen Euskararen Egunaren harira antolatutako ekintzak:

  • Azaroak 29, 19:00etan, Kultur Etxean: Irakurle taldearen saio irekia Ane Labaka idazlearekin. ‘Erradikalak’ liburuari buruzko solasaldia izango da.
  • Azaroak 30, 18:30etan, Kultur Etxean: “Seme-alaben teknologia kontsumoa. Zer egin eta nola eragin?” mahai ingurua. Pantailen eraginaren inguruan gogoeta egiteko saioa Pantailak Euskaraz ekimeneko Xabier Alkizarekin eta UEMAko euskara teknikari Garikoitz Goikoetxearekin. Altxa burua taldearekin laguntzarekin.
  • Abenduak 1, 19:00etan, Tontokaletik hasita: “Jun ta bota!” lagunarteko bertso-poteo inprobisatua tabernetatik. Harituzeko kideez gain, gainerako bertsozaleek ere parte hartzeko aukera izango dute, bertsozaleen gozamenerako.
  • Abenduak 2, 19:00etan, Kultur Etxean: Nerea Arriolaren “Mikrotik…” bakarrizketa umoretsua. Bertan, umoregile ezagunak euskal hiztunen ahaleginak, penak, pozak, zalantzak, bitxikeriak... izango ditu hizketagai ikusleak egoeran jarri eta hausnarketa probokatzeko helburuz. Sarrera doakoa izango da.
  • Abenduak 3, 12:00etan, Trianguloan: Euskarazko kantuen bingoa. Tolosaldeko herrietan antolatu den ekintza bateratua da bingo musikatuarena. Parte hartu nahi dutenek, kantuak asmatuz osatu beharko dute bingoa, saria eskuratzeko. Kartoiak egunean bertan egongo dira eskuragai.

Tolosako Udalak herritarrak animatu ditu ekintza horietan parte hartzera, horrela, guztien artean,  euskara eta honen erabilera indartzen, sendotzen eta hedatzen jarraitzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA