-
351 erabiltzaile izan ditu gaueko zerbitzuak; egunekoak, aldiz, 20.
-
Orain arteko boluntario taldearen lana ere aitortu eta eskertu dute.
Urtebete pasatxo igaro da Abegi, Eguneko eta Gaueko Arreta Zerbitzua udal zerbitzu izatera pasa zenetik. Tolosan, etxerik ez duten pertsonei arreta boluntario sare bati esker eman izan zaie 1986. urtetik, harik eta 2023ko abenduan zerbitzua udaleratu eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman txertatu zen arte.
Bada, udal zerbitzuaren lehen urteurrenean, orain arteko bideari buruzko balantzea egin dute udalak eta arreta-zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den Peñascal Kooperatibak. Ez hori bakarrik: orain arteko boluntario taldearen lana ere aitortu eta eskertu dute ekitaldian.
Esker oneko hitzak eskaini dizkie Andu Martinez de Rituerto alkateak boluntario guztiei: «zuen denbora eta laguntza eskaini ez ezik, Tolosan begirunezko begirada sustatu duzue. Oso estimatua izan da, eta izaten jarraitzen du zuen lanak. Erabiltzaileekin izan duzuen harremana ikusi besterik ez dago lana goxotasun osoz egin duzuela ikusteko. Harro egoteko moduan gaude. Orain egoera bestelakoa bada ere, lan horri balioa ematen jarraituko dugu». Hain zuzen, Abegiren sarreran, boluntarioen ia lau hamarkadako lanari erreferentzia egiten dion mural bat jarri dute, boluntarioen sinadurekin.
Boluntariotza, elkarlana eta inklusioa
Trantsizioa egiterako orduan, ezinbestekoa izan da elkarlana, Abegiren nortasunari eusteko. Halaxe azpimarratu du Kristina Pelaez, Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna Saileko zinegotziak: «boluntario taldeak eta ordutik dauden langileek prozesuan kolaboratzeko egin duten lanari balioa eman behar zaio, baita zerbitzuaren esentziari eusteko Peñascal Kooperatibak egin duen ahaleginari ere. Langileak eta boluntario sarea mantendu ez ezik, lan taldea indartu da eta ekarpen berriak sustatu dira, zerbitzua bera indartzeko».
Esku hartzeari eman dio lehentasuna zerbitzuak, inklusio aukerak sustatzeko begiradarekin lan eginez. Hori ahalbidetzeko ere sare-lana estrategikoa dela nabarmendu du Pelaezek: «Gizarte Zerbitzuekin etengabeko elkarlanean izan dira, baita herrian dauden bestelako baliabide komunitarioekin, edota inklusioko edo osasun arloko baliabide espezializatuekin».
Zortzi profesionaleko taldea eta boluntarioak
Zerbitzua martxan jartzean, aurretik lanean zeuden gaueko bi profesionalak, gaur egungo zerbitzuaren barnean kokatu ziren, lan-baldintzak mantenduz eta egonkortasuna eta haien lanpostuaren jarraipena ziurtatuz. Aurten, gainera, langile berriak sartu dira. Orotara, beraz, zortzi profesionaleko taldea dago gaur egun: zuzendari, eskuhartze teknikari eta eginkizun anitzeko zaindariak.
Horiekin batera, boluntarioei zerbitzuaren parte izaten jarraitzeko aukera eskaini zitzaien. Une honetan bost dira beraien denbora eta dedikazioa eskaintzen dutenak, eguneko nahiz gaueko zerbitzuetan. Aurten boluntarioen taldea handitzeko asmoa dagoela gaineratu du Lierni Altuna Peñascaleko ordezkaria, eta deia luzatu die herritarrei: «lagundu nahiko lukeen inor balego, gurekin harremanetan jar daiteke. Beso zabalik hartuko dugu».
20 gizonezko, eguneko zerbitzuan
Lehen urtean, Eguneko Zerbitzuak 20 pertsonari eman die arreta, guztiak gizonezkoak. Profila aztertzen hasita, bi talde nagusi bereizi daitezke; alde batetik, 30 urte inguruko gizonezko atzerritarrak, etxerik gabe eta egoera administratibo irregularrean daudenak, eta beste alde batetik, 50 urte inguruko espainiar nazionalitatedun gizonezkoak etxerik gabe eta substantzia desberdinekiko adikzioak dituztenak.
Sei hilabetez egin da lanketa gehienekin, nahiz eta beste kasu batzuetan urte osoan zehar ere eman zaien arreta. Lanketa mota ezberdinak egin dira, erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera: formazioa, bitartekaritza, higienea, adikzioak kentzeko programak…
Esate baterako, hizkuntza zailtasunak zituztenei Helduen Heziketa Iraunkorreko Zentroan matrikulatzera animatu zaie; eta hizkuntza menperatzen dutenen kasuan, berriz, Lanbidek eskaintzen dituen Ziurtagiri Profesionaletara bideratu dira. Hain zuzen, sei erabiltzailek lortu dute ziurtagiriren bat, laneratze aukerak sustatzeko. Hiru pertsonak, berriz, beren egoerara egokitutako programetara sartzea lortu dute, SEFAC eta etxebizitzetan, alegia, eta beren prozesuekin aurrera jarraitzen dute gaur egun ere. Higiene pertsonala zaintzeko dutxa eta garbigailu zerbitzuak ere eskaini zaizkie, modu egonkorrean.
Erabiltzaileek modu anonimoan betetako inkesten arabera, asebetetze globala, batez beste, 8,75 puntukoa da. Errespetua eta duintasuna, artatzea, esku hartze plan egokitua izatea, eta eskubideen babes, ezagutza eta defentsa izan dira gehien baloratu dituzten esparruak.
Bi zailtasunetik topo egin dutela ere nabarmendu du Lierni Altunak: «batetik, etxebizitza edo logela bat alokatzea izugarri zaila da, eskuragarritasun txikia dago; bestetik, adizkio arazoak dituzten erabiltzaile batzuekin tratua ez da erraza izan. Horregatik, 2025era begira, adkzioen tratamenduan espezializatutako elkarte eta zerbitzuekin harremana indartu nahi dugu».
Gaueko zerbitzuan 351 erabiltzaile
Bestelakoa da Gaueko Zerbitzuaren helburua. Oinarrizko beharrizanak (elikadura, ostatua, garbitasuna, higienea, arropa…) asetzeaz gain, egonaldian zehar ongizate psikologiko eta emozionala zaintzean jartzen baita indarra. «Seguru eta eroso sentitzea bilatzen dugu».
Urtebeteko epean, orotara 351 pertsonak hartu dute ostatu Abegin, 325 gizonezkok, eta 26 emakumek. Jatorriari dagokionez, atzerritarrak izan dira 261; Espainiako estatuan jaiotakoak 57; euskal herritarrak, berriz, 33. Hotzaren programa, berriz, 20 egunetan aktibatu da, eta 53 pertsonak erabili dute, horietako gehienak udalerrian egonkortuta daudenak.
Altunaren esanetan, bi indargune nagusi identifikatu dira gaueko zerbitzuari dagokionean: «gaueko egonaldiek aukera ematen dute erabiltzaileei gainerako zerbitzuak ezagutzera emateko. Aurten 11 pertsona bideratu ditugu gauetik eguneko zerbitzura. Bestetik, egunero boluntarioen presentzia dago, eta horren zerbitzua asko aberasten du, ikuspegi aniztasuna ekartzen baitu. Erabiltzaileek ere asko eskertzen dute euren presentzia».
Arlo komunitarioa lantzeko erronka
Aurrera begira, komunitatean parte hartzea handitzea izango da Abegiren helburu nagusia. Arlo komunitarioa lantzeko hiru urrats iragarri ditu Altunak: «ezagutzen ditugun entitateekin harremana eta elkarlana estutu nahi ditugu; entitate berriekin ere harremanetan jarri nahi dugu; eta, azkenik, Tolosako bizitzan aktiboki parte hartu nahi dugu».