Abenduaren 11n irekiko da zerbitzu publikoa emango duen Abegi berria, urte luzez boluntario taldeak egindako lanari segida emanez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/12/05 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Abegi proiektu berriak zerbitzu publikoa eskainiko du, Peñascal kooperatibak kudeatuta, udalaren Gizarte Zerbitzu eta Osasun Sailaren gidaritzapean.
  • Elkarlan estua mantenduko da boluntario taldearekin, beraien urteetako lanari esker lortu baita Abegi zerbitzu berria sortzea, gaueko arretaz haratago, eguneko zerbitzua ere eskaintzeko.

 

Etxerik ez duten pertsonei gaueko arreta zerbitzua eskaintzen aritu da, 1986 urtetik, Abegi Elkartea, boluntario talde baten eskutik, hasierako urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta azken urteotan Tolosako Udalak diruz lagunduta.

Urte horietan guztietan, boluntario talde honek garbitasuna, afaria, ohea eta gosaria eskaini die egunero bazterkeria egoera larrian dauden pertsonei, baita informazioa, orientabideak, entzute aktiboa eta euste emozionala ere. Aurrerantzean, ordea, udal eskumenekoa izango da, legeak hala jasotzen baitu bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutako gaueko harrera zerbitzu eta eguneko arreta zerbitzuen kasuan.

2018an hasi zen udaleko Gizarte Zerbitzu eta Osasun Saila zerbitzua osatzeko eta profesionalizatzeko urratsak ematen, eta baita gaueko eta eguneko zerbitzuak modu integratuan eman ahal izateko proiektua jorratzen ere. Azken hau, Abegi Elkarteak emandako zerbitzua oinarri hartuta beti ere.

Prozesua luzea eta konplexua izan da. Bidean, besteak beste, zerbitzu publikoa egituratzeko proiektua egin, arautegia garatu eta kudeaketa egokia bermatzeko zerbitzu kontratua bideratu ditu Udalak.

Epe horretan etengabekoa izan da Abegi Elkarteak erakutsi duen lankidetza; bai berak sortutako zerbitzuari eusteko, baita onuradunak zerbitzurik gabe geratu ez zitezen, lokala berritzeko obrak iraun duen bitartean Sakramentinoen eraikinean zerbitzua eskaintzeko ere. Orain, ikusirik badela zerbitzu publikoa irekitzeko data, Abegi Elkarteak ere zehaztu du beren zerbitzuaren itxiera data: 2023ko abenduaren 10a. Etapa berri bati ekingo du elkarteak data horretatik aurrera, zerbitzu publikoaren zutabeetako bat izatera pasaz.

Boluntario taldearen jarraipena bermatuz

Behin lokala egokitzeko lanak amaituta eta zerbitzu publiko berriari dagozkion izapide guztiak lotuta, datorren abenduaren 11n irekiko ditu ateak Abegi Eguneko eta Gaueko Arreta Zerbitzuak, zerbitzua indartuta. Aurrerantzean gaueko eta eguneko arreta zerbitzu publiko integrala eta profesionala eskainiko du, Peñascal kooperatibaren bitartez. Hain zuzen, lan taldearen kudeaketaz, giza hezitzailearen garapenaz eta zerbitzuaren zaintzaz eta hornidurez arduratuko da Peñascal, Gizarte Zerbitzu eta Osasun Sailaren gidaritzapean.

Edozein kasutan, elkarlan eta koordinazio estua mantenduko da boluntario taldearekin, berebiziko garrantzia ematen baitio udalak azken 37 urteetan Abegi Elkarteak egindako jardunari. Zerbitzua kudeatuko duen Peñascal Koorperatibak ere argi adierazi du eragile horien ekarpenaren balioa ikaragarria dela.

«Zerbitzu berrian ere, boluntario taldea arreta-taldearen zutabe garrantzitsu izango da. Urte guzti hauetan beraiek egindako lanak asko erraztu du Tolosan Eguneko eta Gaueko Arreta Zerbitzu publikoa sortzeko erabakia,. Horregatik, zerbitzua osatuko duten hiru zutabeetako ezinbesteko bat izango dira boluntarioak, erabiltzaileekin eta zerbitzua gidatuko duten profesionalekin batera», aitortu du Kristina Pelaez, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Aurrerantzean, beraz, bazterkeria arriskuko edota gizarteratzeko prozesuetan ezagutza esperientzia handia duten zortzi profesionalez osatutako lan taldeak gidatuko du zerbitzua, boluntario taldearen esperientzia eta laguntzarekin «eta horrek balio erantsia ematen dio jaiotzear dagoen zerbitzu berri honi», adierazi du udal ordezkariak.

Gau eta egunero zerbitzu publiko, integral eta profesionala

Abegi zerbitzu berrian kalitatezko zerbitzu publiko eta profesionala eskaini nahi da, eta horretarako, hainbat hobekuntza egin dira bai eraikinean baita zerbitzuaren oinarrietan ere.

Eraikinari dagokionez, lokala barrutik erabat eraitsi da, eremua guztiz eraberritzeko eta espazioa irisgarriagoa eta egokiagoa bilakatzeko. Isolamendu termoakustikoa duen sabaia jarri da eta hezetasun arazoak ekiditeko lanak egin dira.

Arreta gunea sortu da, bazterkeria egoeran dauden eta egoitza erabili nahi dutenentzat. Lokalaren erdigunean espazio komunak, jangela/egongela, gorputz higienerako gunea, arreta-bulegoa, sukaldea eta arropa garbiketarako gunea kokatu dira. Bertan eskainiko da eguneko arreta zerbitzua. Zerbitzu horrek goizeko 9etatik arratsaldeko 15:00ak arte emango du arreta, eta gehienez, 15 pertsonak izango dute bertan artatuak izateko aukera.

Gaueko arreta zerbitzurako lau logela sortu dira, ohe bikoitzekoak guztiak, nahiz eta zaurgarritasun egoera berezia dutenek lehentasuna izango duten horietako gela batean (emakumeek edo mugikortasuna murriztua dutenek). Egoera batzuetan, pertsona bakarrera mugatuko da gela horren erabilera, beharrezko segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko. Orokorrean, guztira, 8 erabiltzaileentzako lekua izango da gaueko harrera zerbitzuan, eta arratsaldeko 19:00etatik goizeko 09:00ak arte emango da.

Neguan, gainera, hiru ohe gehigarri jarriko dira hotzaren programarako. Era berean, egonaldi bereziak ere aurreikusten dira eguneko zein gaueko zerbitzuan, beti ere, norberaren egoeran eta beharretan oinarrituta, eta adostutako esku-hartzeko planarekin bat etorriz.

Horrez gain, esku hartze saioak, ebaluazioak edota tailerrak egingo dira, baita norberaren garbitasun pertsonala mantentzekoak ere: hala nola, bainugela eta arropa garbitzeko zerbitzua, eguneko otordu garrantzitsu guztiak, informazio, balorazio eta orientazio zerbitzua, lagun egiteko zerbitzua eta gizarteko alorreko zaintza-zerbitzua eskainiko dira. 

Zerbitzu berria ohiko lekuan egongo da, Enperadore 7-9an, baina Andre Maria kaletik izango du sarrera (Oargi Elkartearen sarreraren alboan).

Artatua izateko izen-ematea zerbitzuan bertan egingo da, goizez, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 10:30era. Arratsaldez, egunero, 19:00etatik 19:30era. (Hotzaldiko premiazko programarako, berriz, udaltzainen bidez egingo da harrera, ohiko moduan.)

Zerbitzu publiko berriarekin, Abegi Eguneko eta Gaueko Arreta Zerbitzua Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak araututako zerbitzuen izaerara egokitzeaz gain, helburua da, zerbitzu osatuagoa eskaintzea eta gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko arreta ematea, gizarte kohesiorako eremuak sortuz, gizarteratzeko prozesuak ahalbideratzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA