Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatu du Udalak, esku-hartzeak hobetzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/04/22 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Guztira 16 ekintza zehaztu dira sektore ezberdinen arteko koordinazioa eta planifikazioa areagotzeko eta prebentzio arloko esku-hartzeetan efikazia eta efizientzia indartu eta emaitza positiboagoak lortzeko.
  • AGIPAD-ek udal prebentzio teknikariaren laguntzarekin garatu du plana eta herriko hainbat eragilek eta elkartek parte hartu dute. Datu kuantitatiboak eta kualitatiboak aztertu dira plana osatzeko. 
  • Jasotako datuen arabera, alkohola, tabakoa eta marihuana dira gehien kontsumitzen diren substantziak

 

Tolosako herritarrak adikzioei lotutako arazoaren inguruan sentsibilizatzeko eta formatzeko, udalerriko biztanle talde zaurgarrienetan prebentziozko esku-hartzearen intentsitatea indartzeko, prebentziozko esku-hartzean hobekuntza bultzatzeko, eta adikzioen inguruan etengabeko berrikuntza eta egokitzapena sustatzeko, Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatu dute Udalak eta AGIPAD elkarteak. Tolosako errealitatea ezagutzeko, herriko hainbat eragilek ere parte hartu dute plana osatzeko prozesuan.

Jasotako datuen arabera, alkohola, tabakoa eta marihuana dira gehien kontsumitzen diren substantziak, bai gazteen artean eta baita helduen artean ere. Gazteen artean alkohola da gehien kontsumitzen den sustantzia, baina marihuanaren, edari energetikoen eta Vaperren kontsumoa ugaritzen ari da. Adinaren arabera, kontsumitzen den sustantzia mota ezberdina da, baina geroz eta gazteago hasten dira kontsumitzen. 20 urtetik gorako gazteen artean kokaina, MDMA, Speed-a eta ketamina kontsumoa ere ematen da, batez ere asteburuetan edo jai egunetan.

Helduen artean alkoholaren kontsumoa oso normalizatuta dago, eta bestelako droga mota batzuen kontsumoa ematen bada ere, kontsumo hau ezkutuagoan dago.

Sustantziarik gabeko adikzioek ere gora egin dute, tartean mugikorraren erabilerak eta apustuek. Bideo jokoen inguruko kezka nabarmena da herriko ikastetxeetan eta apustuak egiten hasteko adinak behera egin duela ere nabarmendu dute datuek.

Covid-19aren egoerak ere adikzioen alorrean eragina izango duela jasotzen du planak. Pandemiak osasunean, ekonomian eta sozializatzeko moduan izan duen eraginak, isla izango du adikzioetan ere, eta, horregatik, aisialdi denborak eta uneak ahalik eta seguruenak izateko beharra azpimarratu da planean. Aisialdirako ekintzak eta eremuak herritar guztiei zabalduta egon behar dira, baina batez ere nerabeei eta gazteei, aisialdi alternatiboa, hezitzailea eta osasungarria erraztuz.

Esku hartze ekintzak

Adikzioen Aurkako Tolosako Planak 16 esku-hartzeko ekintza jasotzen ditu, honako hauek, esaterako:

  • Gazteei zuzendutako aisialdi eskaintzan, kale heziketako programetan edo familia esku hartze programetan parte hartzen duten nerabeekin eta gazteekin adikzioei aurre egiteko gaitasuna sustatzeko programak garatzea.
  • Herriko jai nagusien testuinguruan (inauteriak, San Joanak…) ekintza planak jorratzen jarraitzea
  • Antolatzen diren ekintzetan adikzioen legea betezen dela bermatu eta alkoholdun edariak saltzen edo kontsumitzen badira kontsumo arduratsu baten aldeko mezuak indartu
  • Eskola programak diagnostikoak jasotako beharretara egokitu eta irakasleei prestakuntza ematea ikasgeletan prebentzio lana finkatzeko
  • Familia zaurgarrienekin adikzioei aurre egiteko gaitasuna sustatzeko programak garatu
  • Gazte lokaletan adikzioei aurre egiteko edo arriskuak murrizteko programak garatu edo daudenak indartu
  • Adikzioak eta mendekotasunak tratatzeko baliabideen berri eman herritarrei eta kontzientziazio kanpainak garatu

Aipatutako ekintzak zein Tolosako Udalak eta AGIPAD elkarteak osatu duten Adikzioen Aurkako Planean jasotako gainerako ildo estrategikoak eta ekintzak 2021 eta 2025 urteen artean garatuko dira.

Planaren osaketan parte hartu duten eragileei aurrez aurre aurkeztu eta azaldu zaizkie planaren xehetasunak. Aurkezpeneko bideoa zein Adikzioen Aurkako Plan osoa Tolosako Udalaren webgunean ikusi daitezke: https://labur.eus/Ul6Ds

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA