Gorren komunitateak XVI. Sentsibilizazio Astea egingo du gaurtik larunbatera

Tolosako Udala
2019/11/11 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Gorrek dituzten komunikazio hesiak irudikatzen dituzten ilustrazioak ikusi ahalko dira Tolosako hainbat dendetako erakusleihotan. Eskolarteko marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte ostiralean, eta larunbatean Signodanza tailerra eta erakustaldia, Tolosako Babarrunaren Festarekin bat eginez.

  • Zeinu hizkuntzan oinarritutako nazioarteko lehiaketa ere egingo du aurten gorren komunitateak, abenduaren 3tik 6ra bitartean. Tolosan egingo da sari banaketa.

 

Gorren komunitatearen XVI. Sentsibilizazio Astea egingo du gaurtik larunbatera bitartean Tolosan. Gorrek dituzten komunikazio zailtasunak eta hesiak irudikatzen dituzten ilustrazioak ikusi ahalko dira gaurtik azaroaren 25era bitartean herriko hainbat dendetako erakusleihotan.

Ostiralean eta larunbatean, berriz, ekintza bereziak egingo dituzte. Ostiralean, azaroak 15, Tolosaldeko hainbat ikastetxetako haurren parte hartzearekin egin duten marrazki lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute Tolosako kultur etxean, 17:30ean. Gorrak diren pertsonek komunikatzerakoan dituzten arazoak aintzat hartuta egin dituzte marrazkiak ikasleek. Lehiaketara aurkeztutako marrazki guztiekin erakusketa irekiko dute ostiralean, sari banaketaren ondoren.

Larunbatean Tolosan egingo den babarrun festarekin ere bat egingo du gorren komunitateak. Izan ere, babarrun lehiaketak irauten duen bitartean, datuak eta epaimahaiaren erabakiak zeinu hizkuntzara itzuliko ditu interprete batek. Horrez gain, haurrei zuzendutako Signodanza tailerra egingo dute haur gorretzat 11:00etatik aurrera kultur etxean. Izaskun elkartean bazkaria egingo dute ondoren, eta arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara bitartean, “Bailando el silencio” Raquel Rodriguezen ikuskizuna ikusi ahalko da Tingladuan.

Nazioarteko zine jaialdia

Gorren komunitateak antolatuta zeinu hizkuntzan egindako filmeen nazioarteko lehiaketako sari banaketa Tolosan izango da aurten. Abenduaren 3tik 6ra bitartean egingo dituzte lehiaketarekin lotutako ekintzak, eta honakoak izango dira Tolosara iritsiko direnak:

  • Abenduak 5, osteguna, 19:30ean: Gorrei zuzendutako filmeen emanaldia eta solasaldia kultur etxean.

  • Abenduak 6, ostirala, 16:30etik 21:00etara: Lehiaketan parte hartu duten 15 film laburren proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia Leidorren.