Tolosako Udalak ospitale berria eraiki ahal izateko bere esku dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/06/13 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Osasun Sailari lurrak bere esku uzteko prozedura administratiboa jarraitzen ari da udala; aste honetan bertan bidali dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ingurumen-agiri estrategikoa osatzeko eskatu zion dokumentazio osagarria.

 

Tolosako Udalak urratsak ematen jarraitzen du Iurreamendi 24 eremuan ospitale berria egin ahal izateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko Aldaketa Puntuala gauzatzeko. Horrela argitu du Andu Martinez de Rituerto alkateak gaur goizean egindako agerraldian.

Apirilean azaldu moduan, udaleko sail ezberdinetako teknikariek dagozkien txostenak egin eta gero, aldaketa hori egiteko dokumentazioa aurkeztu zitzaion Planeamenduko Aholku Batzordeari. Segidan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ingurumen-agiri estrategikoa egiteko eskaera egin zion udalak, zegokion dokumentazioa igortzearekin batera.

Bada, maiatzaren 21ean Ingurumen Sailak informazio gehigarria eskatu zion udalari, agiri estrategiko hori osatu ahal izateko. Asteartean jaso zituen udalak dokumentazio osagarri horren txostenak, eta egun berean erregistratu zituen Eusko Jaurlaritzan. 

«Udalaren esku dagoena, beraz, urratsez urrats betetzen ari gara. Azken hilabeteetan bi aldiz jarri da zalantzan ospitalea eraikitzeko udalaren borondatea, eta izan da eraikuntzari muzin egin diogula esan duenik. Ez da zuzena: udalak bere gain egiten dagoena jarraitzen du. Eta azpimarratu nahi dut, gainera, Osasun Sailak baduela horren guztiaren berri».

Zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-agiri estrategikoa jaso ondoren, udalak HAPOaren Aldaketa Puntualari hasierako onespena eman ahal izango dio eta jendaurreko entzunaldia zabalduko da. Jarraian, txosten sektorialak eskatuko dira –URA, Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentua, Osasun Saila, etab–. Eta epe horretan, herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia ere antolatuko da. 

Txostenek esandakoarekin eta herritarrengandik jasotako ekarpenekin azken dokumentua osatuko da, behin behineko onespena eman ahal izateko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du udalak HAPOaren Aldaketa Puntuala. 

Aldaketa hori gauzatuta, udalak Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak, eta ordutik aurrera ospitalea eraikitzeko aukera izango luke, dagokion proiektua idatzi eta gero.

Agerraldi osoa bideoan:

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA