-
Hilaren 29ra arte botoa eman ahal izango dute 16 urtetik gorako tolosarrek, Erabaki plataformaren bidez eta, presentzialki, Udaten.
Ikusmina piztu du Tolosako Zubiberria ordezkatzeko bost aukeren ezaugarriak aurkezteko saioak. Gaur arratsaldean egin da Topic-en. Proiektu horiek aletu eta aukeraketa prozesuaren nondik norakoak azaldu dituzte Andu Martinez de Rituerto alkateak, eta Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak.
Lau lan aurkeztu dituzte URA - Uraren Euskal Agentziak proiektu-proposamen berriak jasotzeko azaroan abiatu zuen prozedura irekira. Horiei erantsi behar zaie URA Agentziak 2022an garatutakoa. Alkateak guztiak eskertu ditu: «eskerrak eman dizkiet guztiei egindako ahaleginagatik. Denek pasa dute galbahe teknikoa, baina mamira joanda, badira ezberdintasunak. Guztiek dituzte gehiago edo gutxiago garatutako ezaugarriak. Orain herritarrek aukeratu ahal izango dute. Patxadaz dokumentazioa begiratzeko esango nieke, eta, modu librean, egokien ikusten dutena aukeratzeko». Hauek dira bost proiektuak.
-
Ines Ingenieros Consultores S.L.

Zubi-zutaberik gabeko zubia proposatu dute, bao bakarrekoa. Era berean, galtzadatik gorako egitura du, ur-azalerari dagokionez ahalik eta babes hidrauliko handiena lortzeko eta etorkizunean uholdeak saihesteko. Bi habe nagusitan oinarritzen da: habe horiek kurbatuak dira, ‘arrain-silueta’ baten antzeko altxaeran. Zubiko edozein espaloitatik inguruaren begi-lerroak mantentzen dira. Halaber, ezkerreko ertzeko espazio faltari irtenbidea ematen dio.
Zubiaren egungo errei kopuruari eusten dio, eta galtzadaren zabalera hiru erreien artean berdin banatzen du, bakoitzak 2,80 metro. Zubiaren alboetan, ibilgailuen eta oinezkoen arteko hesi fisiko gisa funtzionatzen duten habe nagusien bidez banatuta, 2,40 m-ko bi espaloi zabal daude. Forma kurbatua duen estetika oinezkoaren ikus-eremuaren azpitik gelditzen da. Gauez ere integratuta gera dadin, lurreko fokuekin argiztatzea proposatu dute.
-
Anta Ingeniería Civil, S.L.P.

Gaitasun hidrauliko handia duen proposamena aurkeztu dute. Habeek neurri askotariko albo-garaiera eta zabalera dute: erdiko tartean, alta, zabalera handiagoa eman zaio, erresistentzia-maila handitzeko helburuarekin. Habe longitudinalentzat, bi ertzetako espaloiak zabaltzea kontuan hartzen du, nahiz eta, URAren txosten teknikoaren arabera, zalantza batzuk sortu habeek espaloiekin interferentziarik izango ote duten. Habe longitudinalek oztopo bisual txiki bat sortzen dute ibaira begira oinezkoarentzat, baina ingurunean ondo integratzen da. Hiru erreieko errepidea eta, alboetan, oinezko bi pasabide mantentzen ditu proposamenak.
-
Injelan, S.L.
Proposamenak gaitasun hidrauliko handia du. Birziklatutako materialekin egindako egitura bat proposatzen dute, iraunkortasuna sustatu eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko. Era berean, egitura-planteamenduak ezkerreko ertzeko espazio faltari irtenbidea ematen dio, nahiz eta URAk bere balorazio teknikoan jasotzen duenez, zalantzak dauden ea estribuak nola gauzatuko diren eta egitura nola bermatuko den horien gainean. Zubiaren habe longitudinalek oztopo bisual txiki bat sortzen dute ibaira begira oinezkoentzat, baina ondo integratzen da.
Mugikortasuna bermatu eta eragozpenak gutxitu nahian, proposamenak jasotzen du zubia irekita mantentzea eraikuntza-lanek irauten duten bitartean, egitura berria bi fasetan jartzea aurreikusten baitu. Hala eta guztiz ere, URAk bere azterketa teknikoan ondorioztatu duenez, eraikuntza-prozesu hori «ez da behar bezela justifikatu, eta ez da aurreikusi era egokian ukitutako zerbitzuen berriztatzea».
-
SBP Ingenieros España, S.L.

Zubiaren beraren egitura aprobetxatuz, ibilgailuen trafikotik babes bisual bat sortzen du, ibaira eta bistetara emana dagoen egonleku bat sortzeko. Bere altuerak gainetik ikusteko aukera emango dio beti zubia gurutzatzen duen oinezkoari. Euskarriek hartu beharreko espazioa txikia izan dadin, isostatika-habeko zubi bat proposatzen dute, zimenduak oso inbasio maila txikia sortzen dutelako. Bi euskarriko habe-zubia da, eta ez da sentibera deformazioekiko. Horrez gain, mantentze-lan gutxi eskatzen du eta ikusmen-inpaktu txikia du. Barne-diseinuari dagokionez proposatu dute eskudelen gainean informazio-panelak jartzea, LED argiztapen jarraitua, eserleku jarraitua oinezko pasabidean, altzairuzko saihetsak eta iragazkortasuna maximizatzeko altzairu herdoilgaitzezko baranda, besteak beste.
URAren txosten teknikoak jasotzen du «ez diola irtenbiderik ematen zerbitzuen berriztatzeari, eta ez dituela konpontzen hainbat alderdi garrantzitsu, ezkerreko ertzeko espazio falta edo Zelai errekaren iritsiera eskuineko ertzean». Estribuen diseinua eta habe longitudinalen enkajea bi ertzetan nola egingo den ere zalantzan jartzen du URAk. Proposatutako lan-metodologia ere desegokia dela ondorioztatu du.
-
URA Agentzia

2022. urtean URA Agentziak aurkeztu zuen proiektu bera da, Krean Ingeniaritza Sortzailea enpresarekin batera garatutakoa. Gaitasun hidrauliko handikoa da. Egitura-planteamenduak ezkerreko ertzeko espazio faltari irtenbidea ematen dio, habe longitudinalek ez baitute espaloiekin interferentziarik sortzen. Zubiaren egiturak berak ez du oztopo bisualik sortzen ibaira begira oinezkoarentzat. Hala ere, Tolosako paisaian integratuko ote zen ezbaian jarri zen, bi arku proposatzen baititu. Arku horietan argiteria integratua du.
Aukera hau bozkatuena balitz, automatikoki URA Agentziak irekitako prozedura irekia bertan behera geratuko da, eta zuzenean esleituko da. Kasu honetan, obra-proiektua egina dago, gainerakoen kasuan ez bezala. Horregatik, epeetan azkarrena da, zuzenean obrak lizitatzera pasako bailitzateke URA. Gainerakoen kasuan, obra proiektua idatzi beharko dute irabazleek.
.jpg)
Aukeraketaren prozedura
Proiektuaren aukeraketa egiteko prozesuak bi fase ditu. Lehen fasea, azterketa teknikoa, jada egin dute URAko teknikariek. Dokumentu honetan dago eskuragarri azterketa teknikoaren akta; beste dokumentu honetan, berriz, txosten horren ondorio nagusiak daude laburbilduta.
Gaitasun hidraulikoa, jarduketa eta diseinu proposamena, obrarako sarbide eta lurren okupazio-maila, ingurumen-ondorioak, udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen azterketa, planifikazioa eta metodologia aztertu dituzte, besteak beste. Azterketa horretan lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzan.
Bigarren fasean, formula bidez automatikoki ebaluatuko diren bi aldagai finkatu dira: batetik, herri bozketa egingo da. Azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazio honek. Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko da, eta gainerako % 20ko balioa izango du.
Fase horietako bakoitzean lortutako puntuen batuketatik aterako da proiektu irabazlea. Bada berezitasun bat: herri bozketan URA Agentziaren proiektuak jasoko balitu boto kopuru gehien, automatikoki prozedura irekia bertan behera utzi, eta hark egingo luke aurrera. Exekuzio proiektua jada egina dagoenez, zuzenean obrak lizitatzera igaroko litzateke URA. Aldiz, ez balu boto kopuru gehien eskuratuko, azken emaitzarako ez litzateke kontuan hartuko. Hau da, soilik prozedura irekira aurkeztutako lau proiektuen puntuazioak hartuko lirateke kontuan.
Eta, ondoren, zer? Proiektu irabazlea prozedura irekira aurkeztutako lau horietako bat bada, hau da, Ines, Anta, Injelan edo SBP enpresena bada, sei hilabeteko epea izango lukete exekuzio proiektua idazteko. Behin hori egin, eta oniritzia jasota, URAk obrak lizitatuko ditu.
Nola eman botoa
Bihar, urtarrilak 22, osteguna, abiatuko da botoa emateko epea, eta hilaren 29an amaituko da. Botoa emateko hiru dira baldintzak: Tolosan erroldatuta egotea, 16 urte baino gehiago izatea, eta pertsonako boto bakarra ematea. Bi modutara eman ahal izango da bozka:
- Online: Erabaki plataformaren bitartez. Proieku bakoitzaren informazioa, lehiaketara aurkeztu dituzten irudi grafikoak, eta URA Agentziak helarazitako txostenak eskura daude bertan. Botoa emateko erregistratu egin beharko da lehenengo. Sistemak NAN zenbakia eta jaiotze-data eskatzen ditu, eta automatikoki egiaztatzen du erroldarekin. Botoa, berriz, konfidentziala izango da.
- Presentzialki: Udaten, herritarren arretarako udal bulegoan, honako ordutegian: 10:00etatik 14:00etara. Arratsaldez botoa emateko, ostegunetan egin beharko da, hilaren 22an eta 29an, 16:00etatik 19:00etara. Harreran postontzi bat izango da, eta kutxa horren alboan izango dira eskuragarri boto paperak, eta proiektu guztien inguruko dokumentazioa. Sarreran panelak ere jarriko dira informazioarekin, Udate itxita dagoen tarteetan ere eskuragarri egon dadin jakin beharreko guztia. Laguntza ere eskainiko da. Boto paperetan NAN zenbakia eskatuko da, errolda eta pertsona bakoitzak emandako boto kopurua egiaztatzeko erabiliko dena bakarrik, eta anonimotasuna bermatuko da.
Bi modu horietako bakarra erabili ahal izango da. Hau da, online bozka emango dutenek, ezingo dute presentzialki bozkatu, edo alderantziz. Errolda egiaztatzean halakorik detektatuko balitz, online egindako botoa soilik hartuko da kontuan. Proiektu bakarra aukeratu beharko da.